Hizkuntza Plangintza graduondokoaren 16 urteko ibilbidea
Hizkuntza Plangintza graduondokoaren 16 urteko ibilbidea
Hiznet Hizkuntza Plangintza graduondokoak 16 urteko ibilbidea beteko du aurten. Ikastaroak berak eskaintzen dituen edukiak dira irmotasun horren erakusle. Unibertsitate mailan soziolinguistika eta hizkuntza-plangintza lantzen dituen ikastaro bakarraz ari gara.
Hizkuntzaren normalizazioan lanean aritzeko ezinbesteko trebakuntza eskaintzen du ikastaroak eta soziolinguistikaren ezagutza teorikoan zein euskalgintza aplikatuan itzal handia duten adituak dira irakasleak. IƱaki Martinez de Luna izan da urte guzti hauetan graduondokoaren zuzendaria; arima eta bihotza. Aurtengo ikasturtean Patxi Juaristi Larrinagak hartuko du zuzendaritzaren ardura nagusia. Bien ekarpena ezinbestekoa da zalantzarik gabe jakintza-esparru honetan.
Hiznet Hizkuntza Plangintza graduondoko ikasleen zeregin nagusietako bat izan ohi da gai zehatz baten inguruko sakontze egitasmoa lantzea. Lan sakonak izaten dira gehienak, eta proiektu zabalago batzuen abiapuntu beste batzuk. Nolanahi den, interesgarriak guztiak. 2015/2016 ikasturteko ikasleen ikerketa-lanak webgunean zintzilikatu ditugu. Lanen artean, honako hauek topa ditzakezue, esaterako:
- Euskara liderrak identifikatu eta garatzeko metodologia
- Ba al dago euskararen gatazkarik? Euskararen eta hizkuntza ideologia kontrajarrien estraineko azterketa kritikoa
- Hizkuntza plangintza Hondarribian, diakronikoki eta sinkronikoki aztertuta
- Hizkuntza-jokaeran eragiteko esperientziak lan-munduan. Hiru egitasmoren azterketa konparatiboa
2016/2017 ikasturtean izena emateko epea zabalik dago eta hauxe da webgunea: http://hiznet.asmoz.org/
Informazio gehiago: hiznet@asmoz.org