Hizkuntza ohiturak aldatzeko ikerketa soziolinguistikoa hizpide
Hizkuntza ohiturak aldatzeko ikerketa soziolinguistikoa hizpide –
Hizkuntza ohiturak aldatzeko ikerketa soziolinguistikoa hizpide University of Wales Trinity Saint David-eko Alan R. King katedraren irekieran.
Katedra Galesaren eta Zeltikoaren Ikasketa Aurreratuko Zentroan (CAWCS) dago kokatuta eta euskal eta galestar soziolinguistika, hizkuntza plangintza eta hizkuntza politikaren inguruko ikerketa eta elkarlan akademikoa ditu ardatz.
Alan R. King hizkuntzalariaren omenezko euskal ikasketen katedra berriaren irekiera ekitaldia egin dute urriaren 13an, Aberystwyth hirian (Gales, Erresuma Batua), University of Wales Trinity Saint David unibertsitateak eta Etxepare Euskal Institutuak elkarlanean. Soziolinguistika Klusterreko Imanol Larrea da katedrako lehen ikertzailea, eta sei aste emango ditu bertan, euskal soziolinguistika eta hizkuntzaren inguruko ikerketa-jarduerak garatzen. Hitzaldia egin du bere lana aurkezteko.
Aurkezpen jardunaldian parte hartu dute, Larreaz gain, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak; Garbiñe Iztueta Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendariak; Elin Haf Gruffydd Jones Galesko Unibertsitateko Gales eta Zelta Ikasketa Aurreratuen Zentroko zuzendari eta irakasleak; eta Beatriz Chivite eta Juan Kruz Igerabide euskal idazleek zein Ifor ap Glyn eta Aneirin Karadog galestar olerkariek.
Euskal Herriko eta Galesko soziolinguistika, hizkuntza plangintza eta hizkuntza politikaren inguruko ikerketa eta elkarlan akademikoa sustatuko ditu Galesaren eta Zeltikoaren Ikasketa Aurreratuko Zentroan (CAWCS) egoitza duen katedra berriak. Bertan, urtero, irakasle edo ikertzaile gonbidatu batek sei asteko egonaldia egingo du ikerketa mintegia burutu eta hitzaldi irekia eskaintzeko.
Katedra aurkezteko antolatutako egitarauak atal akademikoa eta atal kulturala izan ditu. Larrearen hitzaldia izan da lehenengo zatiko protagonista nagusia, ‘Hizkuntza ohiturak aldatzeko ikerketa soziolinguistikoa Euskal Herrian: hainbat esperientzia’ izenburuduna. Soziolinguistika Klusterreko Bulego Teknikoaren zuzendariak aurkeztu du bertan egiten duten lana, euskal testuingurua ulertzeko osagaiak emanez parte hartzaileei.
“Ikerketa ezinbestekoa da gure hizkuntzak biziberritzeko. Ikerketa aplikatua behar dugu, behetik gorako ikuspegiarekin, hizkuntza gutxituaren alde lan egiten duten komunitate eta organismoekin lotura handia duena. Eta egoera soziolinguistikoa aztertu eta ulertzeaz gain, metodologia egokiak behar ditugu egoera eraginkortasunez hobetzeko. Soziolinguistika Klusterraren ustez, funtsezkoa da galestarren eta euskaldunen arteko esperientzia-trukea, alderdi askotan oso antzekoak garelako. Alan R. King katedrak aukera handia ematen digu truke hori benetakoa izan dadin”, esan du.
Elin Jones eta Garbiñe Iztuetak bat egin dute Larrearekin. Lehenengoak adierazi du katedra honek “Gales eta Euskal Herriaren arteko soziolinguistika, hizkuntza politika eta plangintzan lankidetza akademikorako behar zen egonkortasun estrategikoa” sortzeko balioko duela, eta hori funtsezko urratsa dela “hizkuntza-aniztasunaren etorkizunerako eta gure hizkuntzak biziberritzeko prozesuetarako”.
Bigarrenak, aldiz, nabarmendu du “euskal eta galestar lotura eta elkartrukea, orain 40 bat urte Alan R. King berarekin hasi zena”, egonkortu egingo dela katedraren bidez. “Irekiera edizio honetan oso garrantzitsua izan da Unibertsitatearentzat eta Etxepare Euskal Institutuarentzat oinarri sendoa jartzea. Larrearen proiektuari esker lehen edizio honetan euskararen biziberritze prozesuaren argazki orokorra landu eta gaur egun galestar eta euskal hiztunok ditugun erronka garrantzitsuenak partekatzeko aukera izango dugu”.
Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak eman dio irekiera jardunaldiko atal kulturalari, hain zuzen, balioan jarriz euskal eta galestar kulturen aniztasuna eta identitate propioak: “Alan Kingek zioen bezala, hizkuntzak egiten gaitu, eta gure hizkuntzek lanean behar gaituzte. Horregatik, Galesko Trinity Saint David Unibertsitateak eta Etxepare Euskal Institutuak lankidetza pedagogikoa eta ikertzailea sustatu nahi dute soziolinguistika, hizkuntza- eta politika-plangintza, literatura eta kulturaren esparruetan, euskal testuinguruan eta Galesen”.
Nazioarteko hiru unibertsitatetan katedra berriak jarriko ditu abian Etxepare Euskal Institutuak 2022-2023 ikasturtean. Irailean abiatu zen Elbira Zipitria katedra McGill University-n, Quebecen, Frank Bidart katedra aurki irekiko da California State University Bakersfield-en, AEBetan, eta Alan R. King katedra aurkeztu berri da University of Wales Trinity Saint David-en, Galesen. Hiru katedra hauek Etxepare Euskal Institutuak lantzen dituen ildoetako batzuk islatzen dituzte: nazioarteko kultur konexioen sorrera, diasporaren hauspotzea eta hizkuntzaren inguruko ikerketa sustatzea, hain zuzen.
.
Alan R. King katedra
Galesen, University of Wales Trinity Saint David unibertsitatean sustatu du Etxepare Euskal Institutuak euskal ikasketen katedra berri hau. Aberystwyth hirian egoitza duen Galesaren eta Zeltikoaren Ikasketa Aurreratuko Zentroan (CAWCS ingelesezko siglatan) dago kokatuta eta euskal eta galesko soziolinguistika, hizkuntza plangintza eta hizkuntza politikaren inguruko ikerketa eta elkarlan akademikoa sustatzea du helburu, baita euskal eta galestar kultura eta hizkuntzen arteko elkar ezagutza indartzea ere.
Urtero, deialdi ireki bidez hautatutako irakasle edo ikertzaile gonbidatu batek sei asteko egonaldia egingo du Galesko Unibertsitateko CAWCS zentroan. Egonaldi horren baitan, ikerketa mintegia burutu eta hitzaldi ireki bat eskainiko du hizkuntza politika eta plangintzaren inguruan, unibertsitateko graduondoko programetako ikasleei hainbat saio emango dizkie eta hizkuntzalariei zuzendutako euskal gramatika edo hizkuntza mintegi bat ere emango du.
Alan Roy King Lytham St Annes-en (Ingalaterra, Erresuma Batua) jaio zen 1955an. Hizkuntzalaritzan doktorea (Londresko Unibertsitatea), euskara, yiddisha, galesa eta nahuatlera hitz egiten zituen, besteak beste, eta hizkuntza gutxituen alde egin zuen lan munduko hainbat tokitan. Aberystwyth-en euskara ikastaroak eman zituen, eta Gales eta Euskal Herria konektatzeagatik da ezaguna bertan.
Hizkuntza gutxituen eta hizkuntza aniztasunaren alde egitea bere hizkuntza-misioaren berezko zati bat zen: hizkuntzak ikasteko errazak izatea eragiteko gaitasuna zuen, eta hiztunen eta hiztun potentzialen kontzientziazioan eta trebetasunetan ere inbertitzen zuen, aldi berean, haien hizkuntza ezagutzeaz gain, hura nola berreskuratu eta etorkizunerako nola garatu jakin zezaten.
Honekin, hamabi izango dira, guztira, Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko euskara eta euskal kulturako katedrak. Euskal ikasketei buruzko irakaskuntza espezializatua eta ikerketa akademikoak sustatzeko tresnak dira katedrak, eta irakasle espezializatuek edo artista eta sortzaileek unibertsitate batean egindako egonaldien bitartez gauzatzen dira.
Hizkuntza ohiturak aldatzeko ikerketa soziolinguistikoa hizpide