Hizkuntza-kudeaketaren mesedetan, OSASUNAk eta AEKk elkar hartuta segituko dute

Hizkuntza-kudeaketaren mesedetan, OSASUNA eta AEK elkar hartuta – 

Duela sei urte hasitako ibilbideari eutsiko diote, aurreko hitzarmenaren luzapena sinatu baitute. Hala, hirugarren plana 2024-2027 epealdian ezarriko da.

Osasunako eta Fundazioko zenbait langileren lehen klase eguneko argazkia.

AEKren aholkularitzaz, C.A. Osasunak eta bere Fundazioak hizkuntza-kudeaketa hobetzeko zenbait plan diseinatu eta ezarri dituzte, 2018. urtean hasita. Haietan, alor batzuk landu izan dira: sentsibilizazio-jarduerak, euskara-eskolak eta itzulpen-plana, bertzeak bertze. AHIZE-AEKren aholkulariak arduratzen dira planak ezartzeaz, eta, haien ustez, orain arteko ibilbideak indargune bat baino gehiago izan ditu: batez ere, euskararen presentziaren gorakada bazkideekiko eta, oro har, herritarrekiko harremanetan, bai eta euskarrietan ere. Arlo horietan, nabarmentzekoak dira Sadar zelaiko errotulazioa, bazkideentzako mezu eta eskutitzak, webguneak eta lehen taldearen X sareko euskarazko kontua (dagoeneko, 5.950 jarraitzaile ditu).

Halaber, ikasturtez ikasturte, gora egin du euskara ikastera animatu diren langileen kopuruak, eta 23/24 ikasturtean 14k egin dute urratsa. Horretaz gain, haurrekin aritzen diren futbol-eskoletako teknikari guztiek jaso dituzte hizkuntza-aniztasunaren gaineko motibazio-saioak, bai eta egoera hobeto kudeatzeko oinarri metodologikoak ere. Gaur egun, futbol-eskoletako 5 taldetik 1ean euskaraz dihardute; dagoeneko, 330 haur aritzen dira gure hizkuntzaz, eta azken urteetan horrelako 5 talde osatu dira Iruñerrian eta Lizarran. Era berean, azken urteotan Osasunak parte hartu izan du administrazio publikoek eta euskalgintzak sustatutako ekitaldi eta kanpainetan; errate baterako, Euskaraldian eta Korrikan.

Haatik, aurrerapausoak eman arren, hitzarmen berriak erakusten du oraindik ere lan eskerga dagoela egiteko. Horregatik, hemendik aitzina, lehentasun batzuk nabarmendu dira: adibidez, bazkideei ematen zaien zerbitzuek eta komunikazioek ildo nagusietako bat izaten jarraituko dute; gainera, Taxoaren bertze ekintza bat garatuko da, harrobiko jokalariekin eta bertako proiektu berriaren inguruan.

AEKrentzat hagitz pozgarria da elkarlan honetan segitzea; izan ere, aintzat hartuta Osasunaren irismen ikaragarria, horrelako eragile indartsu batek euskara normaltasunez erabiltzeko bideak urratzeak bat egiten du, zeharo, AEKren misioarekin eta jardunekin.

 

AEKren Praktikatu zerbitzuak kanpaina berria abiatu du, euskara ZU zara lelopean

Hizkuntza-kudeaketaren mesedetan, OSASUNA eta AEK elkar hartuta 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude