Hizkuntza ereduei ez, eta esparru eleaniztunari bai?

Hizkuntza ereduei ez, eta esparru eleaniztunari bai? –

Harritu naiz, ikusita nola haserretu diren euskaltzale asko, hezkuntzan A, B eta D ereduei eutsiko omen zaielako, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Oker ez banago, han D eredua da nagusi egun, eta A eredua desagertzeko bidean zegoen (a zer inbidia, Nafarroatik begiratuta!). Duela bi urte dakigu euskarazko murgiltzeari bukaera eman behar zitzaiola, “esparru eleaniztunaren” bidez. Euskaraz gain, espainiera eta ingelesa-edo izanen dira irakaskuntza-hizkuntza, eta ikastetxe bakoitzak kudeatu behar omen du zer proportziotan. Beraz, zertara datoz oraingo harridura eta haserrea?

Nik, Mikel Basabe irakasleak bezala, uste dut ez dagoela D eredua baino hoberik. Gaur, EH Bilduko Pello Otxandiano agertu da bere alderdiaren haserrea agertzera, ereduei eutsiko zaielako. Haren esanetan, “ereduak gainditurik daude”. “Gaur egun, gela berean daude Venezuelako bat, kontakturik ez duena euskararekin, Senegalgo bat, lehen hizkuntza wolofera duena…” Eta? Horiendako D eredua baino hoberik bai al da? Laguntza gehigarria beharko dute, baina D eredua izanen da onena. “Gaur egun, D ereduko ikastetxe batzuetan, irakasgai batzuk ingelesez ematen dituzte” gehitu du, gauza ona balitz bezala. Hori ez da ona ez euskararen transmisiorako ez ikaslearendako. Ona izan daiteke kasu batzuetan, esaterako ikasleak jada euskara baldin badakar etxetik, gurasoek eskola partikularrak pagatzen ahal badizkiote… Baina orokorrean txarra da. Espainiako estatuan gero eta toki gehiagotan azaltzen ari da ikasgai bat edo batzuk ingelesez ematea kaltegarria dela. Azkenekoz, Andaluzian: “Eskolako programa elebidunek porrot egin dute ingelesaren ezagutza orokortzeko; ekitatea lortu ordez, segregazioa handitu egiten dute”.

Baina abertzale eta euskaltzale batzuk sinetsita daude Hizkuntzen Trataera Integratua ona dela, eta horren bidez euskara hobeki transmitituko dela eta horretaz gain beste hizkuntza batzuk ere ikasiko dituztela haurrek. Ez dakit zertan datzan metodo hori, baina gauza bat argi dut: euskarari orduak kentzen bazaizkio beste hizkuntza batzuei emateko, euskararen kalterako izanen da (eta beste hizkuntza batzuetan ematen diren ikasgai horietan ikusi behar zer gertatzen den). Eztabaidatu dudanetan, hau da eman didaten argudio bakarra: adituek diote frogatua dagoela, ona dela. Ikerketa zientifikoek diote ona dela. Eta ixo.

Bueno, ba egia zientifikoak behin-behinekoak dira. Hezkuntzan eragile asko sartu dira bete-betean ikaslean zentratutako metodologietan; ikastolak ere hasi dira paretak botatzen, metodologia horiek aplikatzeko… Horrek ere ikerketa zientifikoak ditu oinarri. Ba jada aditu batzuk hasi dira esaten hor euskarak ez duela lekurik, eta Montessorik, adibidez, deus gutxi eskaintzen ahal digula euskararen transmisiorako.

Esparru eleaniztunaren gai honetan, bereziki harrigarria da Euskalgintzaren Kontseiluaren txosten bat: Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen, 2008koa. Ez dakit hau oraindik “indarrean” dagoen; espero dut ezetz. Besteak beste, honako hauek proposatzen ditu:

-“Ingelesaren edota frantsesaren irakaskuntzari dagokionez, hizkuntzaren irakaspen goiztiarrarekin hastea. Nahiz eta gure eskoletan gaur egun nahiko orokortua egon 4 urtetik aurrera irakaskuntza goiztiarrarekin hastea, eskola bakoitzak erabaki beharko du” 23. or.

-“Atzerriko hizkuntza. Ingelesari edota frantsesari dagokionez, ikastetxeko hizkuntza proiektuaren arabera, ikasgai bat ingelesez edota frantsesez ematea” 24. or.

-“[10-12 urterekin] Ikastetxeko hizkuntza-proiektuaren arabera, laugarren hizkuntza (!) baten irakaspenarekin hastea” 24. or.

Eldarnio hutsa da. Ereduek baino gehiago, “esparru eleaniztunak” eman behar dio akabera euskarazko murgiltze ereduari.

Hizkuntza ereduei ez, eta esparru eleaniztunari bai?

2 pentsamendu “Hizkuntza ereduei ez, eta esparru eleaniztunari bai?”-ri buruz

  • Sinesten ere zaila dago ezker abertzalearen jarrera suizida eta euskalgintzaren despistea edo noraeza. Eskerrik asko egoera hain argi deskribatzeagatik.

  • 🙂 🙂 Eskerrik asko!