(H)itzartu EiTB

(H)itzartu EiTB –

(H)ITZARTU EITB ekimeneko kideok elkarretaratzea antolatu dugu maiatzaren 20an, larunbata, 12etan, Bilboko EITBren egoitzaren aurrean, “Stop betoari! Nazioarteko filmak euskaraz!” lelopean. Kultura, euskalgintza, ikus-entzunezkoetako eragile eta bestelako gizarte-eragileei deialdia babesteko eta mobilizazioarekin bat egiteko dei egiten diegu.

Urteak dira ETBk nazioarteko edukiak euskaraz eskaintzeari betoa jarri ziola; urteak euskarazko bikoizketa helduen programazio-parrilatik baztertu zuela. “Bikiak” seriea izan da salbuespena azken urteetan. (H)ITZARTU EITB ekimeneko kideontzat ez da onargarria audientziak hobetzeko, euskara eta euskarazko bikoizketa baztertzea.

(H)itzartu EiTBSalagarria deritzogu euskararen zabaltzea eta sustatzea egiteko nagusia duen euskal telebistako arduradunek audientziak argudio gisa erabiltzea, euskarazko bikoizketa baztertzeko eta desegiteko. Ekimeneko kideon ustez telebista publikoak ezin die itsu-itsuan audientziei soilik jaramon egin. Audientziei arreta jarri beharko zaie, baina norabide estrategikoa aldatu gabe, helburu estrategikoak baztertu gabe. Telebista publikoa helburu batzuekin sortu zen, gaur egun indarrean dauden helburuak; eta helburu horiek adierazi behar digute bidea.

Datuak esanguratsuak dira. 2021etik ETBk 504 film erosi ditu: 458 gaztelaniaz, 28 gaztelaniaz eta euskaraz, eta beste 20 gaztelaniara bikoiztu ditu. Bakar bat ere ez euskaraz. Serieen kasuan, 48 erosi dira; horietatik 17 euskarara bikoiztu dira, 11 gaztelaniara eta 20k gaztelaniako banda zuten. ETB2k 2022ko maiatzetik irailera 130 film eman zituen gaztelaniaz. ETB1ek, ordea, bakar bat ere ez. Horrez gain, azken sei urteetan bikoiztaileei soldata ia %40 jaitsi diete. Soldataren beherakadari lan bolumena gehitzen zaio. 2022an ETBrako 100 ordu zeuden esleituta euskaraz bikoizteko. Duela 10 urte 400 ziren, eta ordurako beherakada oso nabarmena zen jada: 1991n 1.589 ordu bikoiztu ziren; 1998an, 536 ordu; 2006an, 470 ordu, eta 2013an; 132 ordu.

Bertako produkzioa sustatu eta nazioarteko filmak euskaraz ikusteko eskubidea aldarrikatzen dugu. Streaming plataforma batzuk horretan ari badira, nola ez du ba ETBk egingo? Urgentziazkoa deritzogu EITBk, baliabideak jarri, eta, bere euskarri eta lehio guztietarako, euskarazko ikus-entzunezko edukien eskaintza zabal eta erakargarria osatzeko lanei ekitea, jakitun baikara ikus-entzunezkoen eskaintzak berebiziko garrantzia duela hizkuntza biziberritzeko eta hizkuntza estandar informala eraikitzeko. Ezinegon sakona eragiten digu ETBren egungo programazioa aztertu eta ikusteak euskarazko fikzioaren eskaintzarik ez dagoela.

Erakundeei eskatzen diegu egungo ikus-entzunezkoen politikak birpentsatzeko eta berregiteko, indarrean daudenek herritarren eskubide urraketa dakartelako eta kaltea eragiten diotelako hizkuntzari. Urgentziazkoa da ETBn euskarazko ikus-entzunezkoei tokia egitea; euskarazko ekoizpenez gain, nazioarteko puntako edukiak euskarara bikoiztuta eta azpidatzita estreinatzea. Horretarako, euskararentzat kuotak ezarri behar direla deritzogu, urtez urte handituko direnak.

Gogora ekarri nahi dugu, (H)ITZARTU EITB ekimena 2021eko abenduan sortu zela, euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko mugimenduaren baitatik eta abian dauden gainerako euskarazko ikus-entzunekoen aldeko ekimen eta euskalgintzako eragileekin elkarlanean eta konfluentzian aritzeko bokazioz. (H)Itzartu EITBko kideok euskara berriro ere erdigunean jarriko dugun EITB aldarrikatzen dugu; horretarako komunikabide publikoaren sakoneko eraldatzea proposatzen dugu. EITB izan dadin herri kohesioaren, euskararen biziberritzearen eta euskal kulturaren sustapenaren zerbitzura sendo eta uste osoz jardungo duen erreferentziazko eta prestigiozko hedabide publikoa, euskarazko ikus-entzunezkoen sektorea berpiztu, egituratu eta indartuko duena.

Hori esanik, eta bukatzeko, norbanako eta eragileei deia luzatzen diegu bat egiteko eta babesteko, maiatzaren 20an, “Stop betoari! Nazioarteko filmak euskaraz!” goiburupean antolatu dugun elkarretaratzea. Dagoeneko hasi dira eragileen atxikimenduak iristen. Larunbateko deialdiari atxikimendua adierazi diote dagoeneko STEILAS sindikatuak, EHE Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak, BIEUSE bikoiztaile euskaldunen elkarteak, Naziogintza elkarteak, eta, Mangaberri eta Zer Non Ikusi egitasmoek. Larunbatera bitartean atxikimendu gehiago espero ditugu, eta, iritsi ahala, publiko egingo ditugu sarean.

(H)itzartu EiTB

(H)itzartu EiTB