Hitzak beren hoberenean. “Haien” eta “beren” nola erabili

Hitzak beren hoberenean –

Enbata aldizkariaren agorrileko alean, J. L. Davant euskaltzainak euskaraz gaizki erabiltzen diren hogeita hamar hitz zerrendatu ditu, haietan hauxe: “Bere – Iparraldeko gazterian galdua, berriz ikasi beharra”.

Halabaina, *“Txoriak haren umeak maite ditu” estiloko esaldiak entzuten dira usu (“Txoriak bere umeak…” behar den lekuan). Eta are gehiagotan posesiboa plurala delarik: *”Txoriek haien umeak maite dituzte” (“Txoriek beren umeak…” behar litekeen lekuan; mendebaldean, “Txoriek beuren/euren umeak…”).

‘Bere’ eta ‘beren’ izenordain posesiboak erreflexibo gisa erabiliak (genitibo bihurkari) ziztu bizian joaten ari zaizkigu; hainbesteraino non haien gotorlekua izan den “bere burua” eta “beren burua” esamoldeak ere erori baitira. Aldiz, gero eta gehiagotan aurkitzen dira honelakoak euskal prentsan:

*Erasotzaileek biktimatzat agerrarazten dute haien burua.

*Ez daki haren burua non kokatu (Norbait noraezean dabilela adierazteko).

Hitzak beren hoberenean
Arg: Todoran Bogdan

 

EKIALDEKO ARAUA

Hegoaldeko tradizioan ‘bere’ izan da nagusi, baita bihurkaria ez denean ere. Ekialdeko tradizioan, aldiz, Iparralde eta Nafarroan, oso argia izan da bihurkari/ez-bihurkari bereizketa, eta etxeko euskarari atxikiak diren zaharrek ez diote huts egiten. Beste askok, berriz, ‘haren’ eta ‘haien’ bihurkari (erreflexibo) balira bezala baliatzen dituzte, ’bere’ eta ‘beren’ zentzu horretatik baztertuz eta gaineratiko funtzioetarako erreserbatuz, ifrentzuz funtsean.

Kontuak garrantzirik ez duela pentsatzen dute zenbaitek, euskarak bestelako arazo larriagoak dituela. Baiki. Halere, ez dut uste huskeria dela; eta ondoko lerroetan ekialdeko erabilera ahalik eta errazen azaltzen bustiko naiz… filologoen piszinara titulurik gabe sartuz.

Ekialdeko arauak ez du zalantzarako biderik ematen, zorrotza baita eta, horregatik, garbia eta ulergarria. Adibide batzuk proposatu aurretik, printzipio teorikoa, Lafittek bere Grammaire-n formulatua (92 or.):

“Haren et heien sont des possessif non réfléchis; BERE et BEREN sont des possessif réfléchis. (…) Emploi de BERE et BEREN.- Le réfléchi (…) se réfère à un possesseur désigné comme sujet (NORK), complément direct (NOR) ou complément indirect (NORI) dans la forme verbale”. Hau da,  jabea NOR, NORK edo NORI denean, bihurkaria behar da (BERE edo BEREN ; edota azken honen sinonimoak, BEUREN eta EUREN)

 

ADIBIDE BATZUK

  1. NORK denean jabea

(Jabea ‘nork’ kasuan denean, NORK atzizkia maiuskulaz idatzia da, eta halaber hari doakion izenordain bihurkaria, BERE edo BEREN. Aldiz, izenordaina bihurkaria ez denean, haren edo haien, minuskulaz idatzia da.)

– BakoitzAK BERE opilari su

– Euskal HerriAK BERE eskola

– ApezAK azken hitza BERE

– Txakurrak katua mana eta katuAK BERE buztana

– AstoAK BERE burua lauda

– (HorreK) besteen bartzak ikusi eta BERE zorriak ez (Haien bartzak ikusi eta BERE zorriak ez)

– LaboaK Bretch maite zuen eta haren hitzak sartu zituen BERE kantuetan

– AbeslariEK poetak maite dituzte eta haien hitzak sartzen dituzte BEREN kantuetan

– Nik zu zaitut maiteago txoriEK BEREN umeak baino

– Haur eta gazteEK euskaraz BEREN baitarik eta BEREN artean egitea, euskalgintzaren ametsa

BEREN eskabideak aldarrikatu zituzten langileEK. NagusiEK, aldiz, haien hitzak entzun gabe, BEREN legea inposatu zuten.

– EtorkinEK garrantzi handia ematen diete sakelako telefonoei, haien bidez komunikatzen baitira BEREN familiarekin

 

  1. NOR denean jabea

(Jabea ‘nor’ kasuan denean, NOR atzizkia maiuskulaz idatzia da, eta halaber izenordain bihurkaria, BERE edo BEREN. Aldiz, izenordaina bihurkaria ez denean, haren edo haien, minuskulaz idatzia da)

– Mila urte igarota, urA BERE bidean, gipuzkoarrok sartu dira Gazteluko etxean…

– EguzkiA joan da BERE amarengana

– ElurrA, BERE zurian, beltza izan daiteke

– OnddoAK BEREN zukuan, udazkeneko jana

– Neskatotarrapatan sartu zen dutxara, BERE txapela ta guzti

– AzukreA BERE lekuan ezarri behar da eta ez haren lekuan (gatzaren lekuan)

BERE ahoak galtzen du arrainA

– (Gerlan hil den euskal semeA) BERE amak bisitatuko du atzerriko hilobian

– Unai, Maritxuren laguna izan arren, haren (Maritxuren) lantegitik joan da eta BERE gain (Unairen gain) jarri da lanean

– Maddi ez da BERE senarrarekin joan oporretara; Pantxika joan da haren senarrarekin (Maddiren senarrarekin)

– Ama Euskal Herriaz naiz nahigabetua (…) BERE seme-alabez abandonatuA, nork barka lezake haien bekatua

– Gizonak andreA sastakatu zuen BERE haurren aurrean (andrearen haurrn aurrean).

 

Azken esaldi honetan testuinguruak argituko du esanahia, jabea NORK ere izan baitaiteke:

– GizonAK andrea sastakatu zuen BERE haurren aurrean (gizonaren haurren aurrean)

 

  1. NORI denean jabea

(Jabea ‘nori’ kasuan denean, NORI atzizkia maiuskulaz idatzia da, eta halaber izenordain bihurkaria, BERE edo BEREN. Aldiz, izenordaina bihurkaria ez denean, haren edo haien, minuskulaz idatzia da)

– Antzinako legea: bakoitzARI BEREA               

– TxoriARI eder BERE habia

– IbaiARI jarraiki zitzaion BERE luzean, bokaleraino

– Sukar handi bat jauzi zitzaion faraonARI BERE gaztaroan

– Pioneroek BEREN ehiza-lurrak kendu zizkieten amerindiarrEI eta haien gosetea eragin

– Australiako gobernuak ez die autoktonoEI BEREN eskubidea aitortzen

– Garaileak garaituEI jarraitu zitzaizkien BEREN azken gordelekuraino

– PresoEI maiz etortzen zaie burura BEREN etxea

– Gobernuak esan du herri irratiEI BEREN baliabideak murriztuko dizkiela

– AitaK alabari eman dio BERE autoa (aitaren autoa)

– Aitak (atzera)  eman dio alabaRI BERE autoa (alabaren autoa)

 

(Ageri da esaldi zenbaitetan testuinguruak eta aditzaren zentzuak bakarrik argi lezakete zein den jabea, NORK, NOR ala NORI.)

 

  1. MENPEKO PERPAUSETAN

Perpaus bakoitza (nagusia eta menpekoa) independente gisa hartzekoak dira.  Zaila izan daiteke baina badira kasu aski argiak.

– (BakoitzAK) BERE mokanesaz sudurra garbitzeko / esan zien irakasleak haurrei

Haren iritzia onartzeko / eskatu zion irakasleak ikasleari (“BERE iritzia” balitz, ikaslearen iritzia litzateke)

– Nagusiak langileei exigitu zien / BEREN eskaerak bazter utz zitzaten (langileEK BEREN eskaerak) eta haren agindua (nagusiaren agindua) bete zezaten

– Oporretara joan baino lehen, MaddiK BERE aititari eskatu zion /  haren txakurra (Maddirena) BERE etxean (aititarenean) har zezan (“bere txakurra” balitz, aititaren txakurra litzateke)

– Oporretara joan baino lehen, MaddiK BERE aititari eskatu zion /  ez zezala  (aititaK) BERE txakurra haren (Maddiren) etxean sar, moketa zikintzen zuelako

– Niri koinatak kontatu eustan / zelan haren amak egun batez (beldur itzela izan euan…)

– Amatxi hark entzuten du / haren alabitxia holako gazteluan bizi dela uros… (baxenabarreraz)

 

Azken bien modukoak gutxitan aurkitzen dira, askotan perpaus nagusiko NORK edo NOR jabeak “nagusitzen” zaio menpeko posesiboari, honela: “Nire koinatak kontatu eustan zelan / bere amak…” “Amatxi hark entzuten du / bere alabitxia gazteluan bizi zela…”

 

AMAIERAKO, PRENTSATIK HARTU LAU ESALDI SOTIL

– Norbaiti ulertzen duen hizkuntza batean hitz egiten badiozu, haren burura iritsiko zara. Bere hizkuntza propioan hitz egiten badiozu, berriz, bihotzera iritsiko zara.

– Gurasoek beren haurrak maite dituzte baina ez dira beti haien ideiekin ados.

– Zibersegurtasun ekoizpenak garatu dira Euskadin eta haien zerbitzuak erabiltzen dituzte enpresek beren tresnak babesteko.

– So egizu beren eztia nola egiten duten erleek, nola loreak bisitatzen dituzten eta haien nektarea biltzen.

Hitzak beren hoberenean  Hitzak beren hoberenean  Hitzak beren hoberenean  Hitzak beren hoberenean  Hitzak beren hoberenean

Antropologoa eta irakaslea. Angelu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude