Herritarren eta udal langileen hizkuntza eskubideen aurkako sententzia salatu dute Galdakaon

Herritarren eta udal langileen hizkuntza eskubideen aurkako sententzia salatu dute Galdakaon –

Herritarren eta udal langileen hizkuntza eskubideen aurkako sententzia salatu dute Galdakaon
Atzo Galdakaoko Ardanza Parkean egindako kontzentrazioa.

Atzo arratsaldean, ehundik gora euskaltzalek kontzentrazioa egin zuten Galdakaon, Bagabiz Euskara Elkarteak eta Euskalgintzaren Kontseiluak Udalaren aurkako azken sententzia euskarofoboarekin desadostasuna agertzeko deitutako mobilizazioan.

Pasa den astean, Bilboko Administrazioarekiko Auzien laugarren epaitegiak Galdakaoko Udalak 2022an egindako gizarteratzeko eta laneratzeko teknikari lanpostua egonkortzeko deialdian euskararen ezagutza eskakizuna baliogabetu zuela salatu dute. Guztira, 318 pertsonak eta 33 eragilek eman dute atxikimendua mobilizazioarekin bat egiteko eta Bagabizeko kide diren Karmele Arrieta eta Marijo Arriandiaga izan ziren adierazpena irakurtzeko arduradunak. «Bigarren mailako herritar izatera kondenatu nahi gaituztela» salatu zuten, eta euskararen ekosistema berri bat aldarrikatu ere: «zoru berri bat, gure eskubideak egiazki bermatuko dituena eta euskaraz bizitzea posible egingo duena».

BAGABIZ ADIERAZPENA

Galdakao, 2024ko ekainaren 20a

Oldarraldi judizialak ez du etenik. Sententziaz sententzia gero eta argiago geratzen ari da olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafobo honen atzean ezkutatzen den mezua: urrunegi joan zarete
eta mugak jarri behar dizkizuegu.

Edozerk balio du epaitegietatik euskararen normalizazioa sustatu nahi duten neurriak baliogabetzeko: ezin da euskara eskatu “zailegia” delako, ezin da euskara eskatu “inposizioa” delako, ezin da euskara eskatu “gehiegizkoa” delako, ezin da euskara eskatu “diskriminatzailea” delako…

Eta horrela, Galdakaoko Udalean Gizarteratzeko eta Laneratzeko teknikari lanposturako euskara eskakizuna gehiegizkotzat jo du epaileak, Udalaren eskumenaren aurka eta herritarren hizkuntza
eskubideen kaltetan.

Berriz ere, bigarren mailako herritar izatera kondenatu nahi gaituzte. Berriz ere, arrotz sentiarazi nahi gaituzte gure herrian. Euskaraz bizitzea pribilegio gisara saldu nahi digute. Euskararekiko konplexuak, aurreiritziak eta gorrotoa elikatu, diglosia betikotu.

Baina ez gaude prest hori onartzeko. Korrikaren amaiera ekitaldian Garazi Arrulak esan bezala:

Arrainak ura, eta euskarak ekosistema osoa.

Hizkuntzaren dimentsio guztiak izan ditzan hiztunak, gizartearen arlo oro busti beharko du hizkuntza-politikak: basoak, soroak, plazak, parkeak, lantegiak, pantailak, udalak…

Eskubideak egiazkoak dira, benetakoak dira, bizitzako alor guztietan erabil daitezkeenean. Horregatik, gogor salatu nahi dugu botere judizialaren injerentzia hau eta, era berean, euskararen ekosistema berri bat aldarrikatzen dugu, zoru berri bat, gure eskubideak egiazki bermatuko dituena eta euskaraz bizitzea posible egingo duena. Erasoei erantzun behar zaie, baina bada garaia harago joateko, hizkuntza politiketan jauzi bat emateko: aurre egitetik, aurrera egiteko.

Gure herriko edozein herritarrari ere dei egiten diogu, eremu publiko zein pribatuan, bere hizkuntza eskubideak urratu direla sentitzen badu, Hauspotu zerbitzuaren bidez horren berri eman dezan.

Azken finean, euskararen normalizazioan aurrera egitea da hizkuntza eskubideak bermatzeko urratsak ematea, justizia soziala eta gizarte kohesioa sendotzea, bizikidetza indartzea eta askatasunean nahiz demokrazian sakontzea.

Pasa den azaroaren 4an Bilboko kaleak bete genituen indar eta aldarri berarekin atera gara gaur Galdakaon ere. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagabiz Euskara Elkarteak deituta, 318 norbanako
euskaldun eta euskaltzaleen babesarekin, eta hurrengo elkarte eta taldeen atxikimenduarekin:

Binke, Barandiaran AEK-ko irakasleak, Xirimiri Aparta euskararen aldeko taldea, Galdakaoko Jubilatu eta Pentsiodunen Elkartea, Adiskide pilota elkartea, Leidu irakurketa taldea, Andra Mari dantza taldea, Administrazioan Euskaraz Taldea, Zainduz elkarte feminista, Guzur Aretxa, Galdakaoko Gure Esku, Galdakaoko EH Bildu, Sortu Galdakao, Momoak talde feminista, Zizpa gazte konpartsa, Kun-kun kultur elkartea, Askabide kultur elkartea, LurJota taldea, Erabide emakume elkartea, AED elkartea, Patakon, Usansoloko Izar Gorria elkartea, LAB Galdakao, Hego Uribeko AEK, Usansolo Herria, Ganguren kultur taldea, Oxabi, Gotx elektrotxaranga, Ernai Galdakao, Galdakao Gogora, Berdez Bizi, Sare Galdakao, Usansoloko Apario euskara elkartea…

Argi utzi nahi dugu euskaraz bizi nahi dugula eta ez dugula eskubide murrizketarik onartuko!

OLDARRALDIAREN AURREAN
EUSKARAREKIN BAT
EUSKARAZ BAT

Herritarren eta udal langileen hizkuntza eskubideen aurkako sententzia salatu dute Galdakaon

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude