Helduak, ikas zazue euskaraz idazten

Helduak ikas zazue euskaraz idazten –

Gaur egun, euskaldunen hizkuntza maila eskasak euskararen erabilera mugatzen du. Bertzalde, bi erdaren eragina gero eta handiagoa da, bereziki pantailen bidez, eta Iparraldea eta Hegoaldearen arteko muga politikoa muga linguistiko bihurtzen ari da. Egoera horren aitzinean, arnasgune berriak sortu behar dira, ahozkoak eta idatzizkoak.

Euskara egoera txarrean dela ez da inolako berria. Baina azken hilabeteotan aztertuak izan diren bi joera bereziki kezkagarri iduritzen zaizkit. Joera horiek abiapuntutzat hartuz, hausnarketa xume hori proposatzen dizuet, behar genituzkeen arnasguneei buruz.

Euskaldunen hizkuntza maila indartu beharra

Kezkagarria den lehen joera da Iñaki Iurrebasok bere tesian oso argi erakutsi duena, eta iaz ARGIAko lagunek egin zioten elkarrizketa mamitsuan azaldu zuena: euskararen arazo nagusia ez da askok euskara jakinen luketela baina gutiegi erabiliko luketeela. Aitzitik, euskaldunek dituzten hizkuntza maila ezberdinak eta erabiltzeko paradak kontuan harturik, erabilera %18koa izaten ahalko litzateke gehienez, eta neurtu dena %15koa da. Bertzela erranik, ditugun hizkuntza gaitasun ezberdinak eta aurkitzen ditugun euskaraz aritzeko paradak kontuan harturik, ahalegin nahiko handia egiten ari gare ahal bezainbertze euskaraz aritzeko, konkretuki egin genezakeen ahalegin maximoaren %83a baino gehiago egiten ari gare. Honek argi erakusten du gure hizkuntzarentzat dugun atxikimendua eta hizkuntza biziarazteko dugun motibazioa.

Gaur egungo kontua ez da, beraz, hizkuntza galtzen dela dakitenek erabiltzen ez dutelako, Joxean Artzek bere garaian zioen bezala. Hura gertatu zen adibidez Lapurdin duela 60 urte inguru, euskaldun zahar asko erdara lehenesten hasi zirenean, nahiz eta euskara haurtzaroko lehen hizkuntza izan. Egoera hori han hemenka gertatzen da oraino (Hondarribian adibidez, ezagutzen dudan toki bat aipatzeagatik), baina gaur egungo egoera nagusia ez da hori.

Gaur egun, hizkuntza gaitasuna eta euskaraz mintzatzeko paradak dira erabileraren oztopoak. Iñaki Iurrebasok erakutsi duen bezala, euskaldunen gehiengoa euskaraz baino hobeki ari da erdaraz. 2016an, Euskal Herriko biztanleen %7.4 erdaraz baino hobeki ari ziren euskaraz, %8.4 euskaraz eta erdaraz berdin (egiazko elebidunak), % 20.4 erdaraz hobeki euskaraz baino (euskaldun berriak baita ni bezalako euskaldun zaharberrituak ere multzo honetan gaude), eta %63.9 beraz ez ziren euskaraz mintzo. Lehen kategorian zahar gehiago daudela eta, 2016tik hona joerak nora eramaten gaituen errexki irudika dezakegu. Irati Fernandezek laburbiltzen duen bezala, erdaldunak euskalduntzea bezain garrantzitsua da beraz erdaraz erosoago ari direnen multzotik euskaraz erosoago ari direnen multzora hiztun aldaketak egotea.

Erdaldunak euskalduntzea bezain garrantzitsua da
euskaldun berriak guziz elebidunak bilakatzea,
eta ahal bada euskara naturalki lehenetsi dezaten.

Hau da, euskaldun berriak guziz elebidunak bilakatzea, eta ahal bada euskara naturalki lehenetsi dezaten, joan den mendearen lehen erdian jaio zirenak bezala. Gaur egungo egoeratik abiatuz zaila dirudi, baina hori lortu ezean zaila izanen zaigu euskararen normalizazioa.

Hizkuntza handien eragina gainditu beharra

Kezkagarria iruditzen zaidan bertze joera da euskararen bilakaera desfasatua, muga politikoaren bi aldeetan, bi erdaren eraginez. “Laster erdaraz arituko gara euskaraz ari garelakoan” erran omen zuen Lazkao Txiki bertsolariak, euskaran erdaren eragin azkarra azpimarratu nahian. Bitxiki, diktadurarengatik muga guziz itxi zen garaian eragin bikoitz hori hasi bazen ere, fonetikoki eta hiztegian, 1975etik hona eta are gehiago 1986tik honako mugaren irekierak ez gaitu lagundu zabaltzen hasi zen arrakala berriz ixten. Eneko Bidegainek (Lurraldea eta Herria liburuan) erraten zigun arrakala gehiago ere zabaldu dela azken bi hamarkadetan.

Maddi Kintanaren lanak joera hori hizkuntzan ere berretsi berri du: mugaldeko hizkeretan, orain arte helduenen artean euskalki bera partekatzen zuten, adibidez Luzaiden, Arnegin eta Garazin (Alex Artzelusek erakutsi bezala), edota Xaretan (Ainhoa, Sara, Urdazubi eta Zugarramurdin). Baztango euskalkia ere oso errex ulertzen zuten Itsasu edo Bidarraiko zaharrek, eta alderantziz. Gaur egun aldiz, muga politikoa muga linguistiko bihurtzen ari da. Duela 70 urte ez bezala, hain handia da gaur egun erdaren eragina gure hizkuntzan ezen norbait euskaraz entzuten dugunean nabaritzen den lehen gauza da ea “hegoaldekoa” ala “iparraldekoa” den, Alex Artzelusek azpimarratu zuen bezala. Hori zaharren hizkeran baino askoz gehiago nabaritzen da gazteen hizkeran: ahozko doinua, hitzen ahoskera, erdaratik hartutako hitzak eta esaldi egiturak, eta mintzatzean puntuazioa bezala erabiltzen diren hemen “en fait”, “et bé”, “bon” eta halako, han “es que”, “pues”, “bueno” eta abar. Azken hamarkadetan gero eta gehiago bi hizkera ezberdin bereizten ari badira, bertze nonbaitetik ere elikatuak direla erraten digu Maddi Kintanak: internetetik. Internet baino lehenago halere bazeuden bertzelako pantailak: telebistak, 1960ko hamarkadatik goiti etxe guzietan sartzen hasiak, garai hartako gazteen ikuspegia eraldatuz. Bernard Noël saiakera egileak ongi deskribatu zituen telebistak eragindako kalte sozialak eta kulturalak. Bere analisien erdigunean ez bazen ere, aipatu zuen bere sorlekuan (Okzitania iparreko Viadèna eskualdean) telebista etxeetan sartu baino lehen bizitza okzitanieraz iragaten zela, eta okzitanieraz mintzatzeagatik eskolan gogor zanpaturiko belaunaldiak ez zuela horregatik bere hizkuntza utzi. Aldiz, hizkuntzaren gainbehera hasi zen etxe guzietan telebistak mundu modernoa frantses hutsez iragartzen hasi zenean.

Helduak ikas zazue euskaraz idazten
Maddi Kintanak Baiona, Angelu eta Miarritzeko gazteen euskara aztertu du bere tesian. (© Arrosa sarea)

Gaur egungo pantaila gehienak ingelesez mintzo dira, eta ez pentsa estatu independente batean ofizialak diren hizkuntzak ere horren kontra baitezpada babestuagoak direnik. Islandiako gazte gero eta gehiagok hainbertze ingeles ikus-entzuten dutela eta, islandieraz mintzatzean esaldiak ingelesezko moduan osatzen hasi dira, eta islandierazko hitzak ahanzten hasi ere, horien ordez ingelesezkoak errexkiago bururatzen baitzaizkie. Bertako soziolinguistak kezkatuak dira hizkuntza horren biziraupenari buruz. Islandiera baino hiztun askoz gehiago dituen finlandiera ere ez da eragin horretatik babestua, eta bertan ere finlandierazko hitzen ordez gero eta ingelesezko hitz gehiago sartzen ari dira gazteak.

Arnasgune berriak

Mattin Irigoienek EHZan emandako mintzaldian oroitarazten zuen bezala, euskaldunak atomizatuak gare. Lapurdin batez ere baina Nafarroa beherean eta Zuberoan ere askok egunak igaro ditzakegu bertze euskaldunik ikusi gabe, euskaraz eztabaidatu gabe. Eta euskaldunekin topatzekotan, guti dira eztabaida luzeak euskara hutsez izateko paradak, gaur egungo hizkuntza mailak hala baldintzaturik. Iñaki Iurrebasok oroitarazten digu aldiz duela hamarkada guti arte hiru lurralde horiek ia osorik arnasguneak zirela, hau da, euskara eguneroko bizian normaltasunez hizkuntza nagusia zela. Arnasgune zahar horiek desagerturik, gure hizkuntza maila hobetzeko eta euskaraz aritzeko paradak ugaritzeko arnasgune berriak sortu behar ditugu. Lehen aipatu bezala, pantailak inoiz ez bezala ugaritu dira azken urteotan, sarea gure bizien zati gero eta handiagoan barreiatzen da. Egoera jasanezina da baliabide erabilerari dagokionez eta sortzen dituen zabor elektronikoei dagokienez. Pantailen erabilera asko hobetu daiteke, baliabide gutiago kontsumitzeko gailu sinpleagoak erabili eta gailu zaharren biziraupena luzatu, etengabeko konexioaren menpekotasunetik atera, internet demokratiko eta burujabea eraikiz, horretarako plataforma pribatuetan baino fedibertsoan: horrekin denarekin bat nator. Baina gai potolo horiek alde batera utziko ditut momentuz, eta hizkuntza kontuetara itzuliko naiz: pantailak, hobetzeko tarte asko dituzten alderdi horiek izanik ere, gure eguneroko komunikazioaren zati handia bilakatu dira, eta ziurrenik zati hori ez da egun batetik bertzera murriztuko. Beraz erabilpen hori euskaldundu dezagun, eta bereziki erdaren eraginari aurre egiteari dagokionez, barnetegietan bezalako egoerak lehenetsi edo sortu ditzagun: sare sozialetan erdara ezberdinekoen artean gehiago komunikatu, eta euskarazko eduki gehiago sortu, ahal izanez gero erdara ezberdineko jendea nahasiz.

Pantailen erabilpena euskaldundu dezagun:
sare sozialetan gehiago komunikatu euskaraz
eta euskarazko eduki gehiago sortu,
ahal izanez gero erdara ezberdineko jendea nahasiz.

Horrek erdaren eragina baztertzen laguntzeaz gain, Paris eta Madrildik sorturiko erreferentzietatik kanpo gure erreferentzia gehiago erdigunean jarriko ditugu, herrigintzaren mesedetan.

Azken ohar gisa, “iparraldeko” gizartearentzat bereziki garrantzitsua den idaztea aipatu nahi nuke. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako euskaldun gehienek ez dute euskaraz irakurtzen, are gutiago idazten. Euskara irakasle gutiegik ere euskaraz irakurtzen dute, eta beraz gutiegi ikasleei euskaraz irakurrarazten. Arnasgune ginenean hori ez zen arazoa, ahozkoan nahiko indartsu bizi baitzen hizkuntza. Baina gaur egun ahozkoa ez da aski, azken hamarkadetako erdarazko tsunami luzearen azpian euskal hiztunek gaitasuna galtzen dute. Horri aurre egiteko, ahozko gaitasunari idatzizkoa gehitu behar zaio. Alfabetatu, irakurri (egunkariak, astekariak, blogak, eleberriak…), idatzi (mezularitzetan, sare sozialetan, blogetan, zergatik ez liburu bat…), erdara ezberdinekoen artean mintza, eztabaida, podkastak grabatu, eta horren bitartez oraindik hainbertze eskas zaizkigun elkarren arteko erreferentziak indartu, eta berriak sortu.

Helduak ikas zazue euskaraz idazten  Helduak ikas zazue euskaraz idazten  Helduak ikas zazue euskaraz idazten  Helduak ikas zazue euskaraz idazten  Helduak ikas zazue euskaraz idazten  Helduak ikas zazue euskaraz idazten

Ikertzailea, Bizi!ko kidea, baratzezaina eta irrati kronikalaria

Zer duzu buruan “Helduak, ikas zazue euskaraz idazten”-ri buruz

  • Benat Castorene Atzo

    Milesker Nikolas, artikulu hau usaiazko topikoak baino haratago doa.baina bada lan oraindik. Batez ere arnasgune horiek asmatzekoak dira.
    Zailtasunak ikusten ditut era birekin geldituko niz:
    Ekonomia eta lana erdaldunen eskuetan dago: iparraldean euskaldunak gutiz gehienak laborariak ziren. eta seguraz ere euskarari atxikiak baina haien bizimodua biziki gogorra izanki haien salbamena frantsesen aldetik ikusi zuten. Hobetsi zuten bizimoduaren hobetzea beste guziaren kaltetan. Ez da kasualidadea, Mattin Irigoienek dioen bezala, euskara galdu bada lehenik Amikuzen nun laborariak pobreenak baitziren. Pragmatismo hori, laborariena bakarrik ez dena baina denena kontuan hartu behar da etorkizuna pentsatzerakoan eta arnasguneak batez ere. Eta lana kontuan hartzeari dagokionez, ez zautzu plazer egiten berdi du, baina, egiari zor, erran ehar dautzut ikusi dudan arnasgunik kunplituena kibutza da (edo zen). Hori Beñat Latsaguek 1969an jadanik ulertua zuen.
    Gero murgilduak gira ideologia mundialista perbertso batean berez, besteak beste etnozidia eta lengoaiazidia dena. Horrek errotik hiltzen du euskararen amodioa horren kontra armatua ez denaren baitan. Horregatik arreta anitz eman behar da ideologia horren aztertze eta kritikatze filosofikoari eta euskaraz egin behar da ( euskaraz pentsatzean trebatzeko).
    Diozun bezala euskaldun berri eta zaharrentzat euskaraz irakurtzea eta idaztea ezinbestekoa da euskaldun osoaren mailatik hurbitzeko. Horregatik Zuzeu bezalako media bikaina da eta pena da ez bada gehiago erabilia Iparraldean.
    Adeirasunez

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude