Hegan doan dirua
Hegan doan dirua –
Azaroaren 23an, Dokan, Karkarkar egon zen. Ez dakienarentzako, Hiru Damatxo ekoiztetxeak euskarazko umorea sustatzeko abiatutako stand up-a da. Bueno, ba kontua da sarrerarik gabe gelditu ginela, eta ez dela lehenengo aldia izan. Azken honetan, sarrerak 10 minuturen bueltan agortu ziren. Hamar minutu. Goizeko hamaiketan jarri zituzten sarrerak, eta hamaikak eta bederatzi, bost sarrera saskian nituela eta bankuaren baiezkoa jasota nuenean, anulado agertu zitzaidan mugikorreko pantailan.
Berez, abisatuta geunden: «Beti sarrerak gastatzen diren mobida hori Dokan» jarri zuten behin haien sare sozialetako kartelean. Ez da amets gaiztoak izan ditudala honengatik, baina gogoratu naiz behinola gaztetxo ginela abenduaren 31n guapa jarri eta kotilioietara joan nahi genuenetan ere gauza bera gertatzen zela. Kasu hauetarako, eskerrak ez naizen inoiz festibal erraldoien edo izar handien kontzertuen oso zale izan, sarrerak salgai jartzen diren eta hauek agortu tarteko minutu horien histeria kolektiboak kontsumitzen bainau. Niri gustatzen zait sarrerak lasai hartzea, egoera birritan pentsatu ondoren, alde eta kontrak ondo aztertuz, planik izango dudan aurreikusiz, alferkeriak noraino eragingo duen kontutan hartuz, edo bestela, egitasmoaren astean bertan, motibatzen naizenean.
Argi gelditu dena da, Donostian euskarazko stand up-aren kulturak ibilbide luzea baduela, lanegun batean goizeko hamaiketan egiten ari dena utzi eta puntu-puntuan sarrerak hartzeko jendea badagoelako. Ni barne. Baina nik ez nuen alarma jarri eta hori izan zen akatsa.
Karkarkar izan daiteke euskal eszena hori elikatuko duten bakarlarien harrobia edo aurrekoan gertatu zitzaidana, pertsona batekin nuen aurreiritzia aldatzeko aukera: «Aiba, ez nekien tipo hau graziosoa zenik». Baina puntu honetan agian ez da ulertzen zergatik aukeratu dudan Hofe & 4:40 eta Ben Yarten, abesti baten izenburua—Dinero que vuela— zutabe honentzako. Ez didate publizitateagatik ordainduko, baina esan beharra daukat Karkarkar-en beste gauza on bat prezioa dela. Garai hauetan ez dira asko bost euroko kultur eskaintzak, eta, tira, eskertzen da. Ez dakit ausartegia den hau esatea, baina umoregileen apartekotasunaz gain, izan daiteke hori arrakastaren arrazoia.