Hazia
Hazia –
Hizkuntzaren mugak, jakina, ezjakintasunetik datoz edota ideologia maltzurretatik edo gogo ankerretatik, eta beti esan izan da ezjakin baten menpean eta haren pentsuetan egotea baino gauza mingarriagorik eta okerragorik ez dagoela. Ba, oraingoan Araban gertatu da, bertako epaile ezjakin batek Hazia izenaren interpretazioa desegokitzat hartu daitekeela eta, jaio berri bati izena jartzera zihoazenean, debekatzea erabaki du. Ezjakintasuna ausarta dela esan ohi da, oinarririk gabeko arrazoi bideetan gaude beste behin ere.
Euskaldunontzat Hazia izena hain zentzuzkoa bada ere, bere nahi deserosoan, gutxienezko zentzu bat bilatzera joan da, eta zentzuduna ez denak bere aginteak eta iritziak ematen dizkion lehentasunak dauzka, besteei bereak inposatzeko. Bere nahiak eta desirak beteko ditu eta berdin izango zaio Euskaltzaindiak edo beste edonork zer esango dion, erabakia hartua du.
Bilatuko du legeak uzten dion zirrikituren bat eta erabakia bere ezjakintasunaren gain jasoko du. «Zerbaiterako naiz epailea eta nire interpretazioak guztiz zentzuzkoak dira». Erdaldunen euskararekiko mugetan bizi da, eta berdin izango zaio euskaldunok berorrek epaitu beharreko izena nola eta zein zentzutan erabiltzen dugun.
Bere ezjakintasunetik harago, hariari ezbeharreko muturrak topatzea eta korapilatzea ote da bere eginbeharra? Eta zer dela eta? Googlen ikusi omen du: semilla den hori, semen ere izan daitekeela, eta zentzu bako iritzi kontrajarrian, euskararen gaitasuna kontuan hartu gabe, euskara bera jarri du ezbaian. Baina badu izena aldarazteko ahalmena, beraz latinera jo du eta Zia jarri dezaketela dio, hori onargarria da-eta.
Serioa dena bromatzat hartu beharko ote dugu? Honek zera ekartzen dit gogora, euskararen zabalbideak eta egunerokotasunak oztopo gehiegi dauzkala buru itxi askoren garunetan. Benetan ere, argudio eskasak epailearenak. Hizkuntzaren gaietan gaitasunik ez daukala ondotxo erakutsi du epaile ezjakin honek, baina justizia gaietan jakingo ote du? Hazia haurraren amonak zera dio: «Ez, nire iloba ez da Semilla deitzen eta gutxiago Semen, nire iloba Hazia deitzen da eta halaxe deituko da».
Baina epailea harago joan da, Euskaltzaindiaren iritzia eta onespena ezabatzeko gaitasuna du eta latinezko Zia onartu beharko dutela dio. Baina, kontxo, antza, latinez ez dago Zia izenik. Cía: latinez: Cilla: hazia edo bazka gordetzeko lekua: Siloa. Eta epaileak dioen Semen hori, latinezko Semen-seminis; Sementiz. Zemendi: Zemendia: Mes de la siembra edo Azaro (Hazi-aro) Epoca de la siembra. Ze zentzu ote du Ziak Haziarekin? Non dago korrelazioa?
Hazia neska, beraz, epailearen erabakiz Zia gisa beharko dutela erregistratu, baina gurasoek adierazi dute helegitea jarriko diotela erabakiari, eta kosta ahala kosta eutsiko diotela euren nahiari.
Hazia-ren esanahiak etorkizuneko fruitua ekartzen digu eta pentsatu nahi dut akatsak zuzentzeko gaitasuna izango duela, zeren, horrela ez balitz, beste garai okerragora begiratu behar, non izen asko eta asko galarazita zeuden, neurea kasurako. Eta Itziar, Arantzazu edota Izaskun izenei, nahitaez aurretik Maria jarri behar. Maria Izaskun beraz. Baina, aurreko garaiak utzi eta gatozen egun hontara, zeren Hazia izena dugu kolokan. Eta epaileak berorrekin dituen oniritziak eta aurreiritziak eta pertzepzio obsesiboak eta mingarriak.
Egunero erabiltzen dugun hitz argi bat jaioberri bati oztopatzea, adiera desegokia izan dezakeela argudiatuz, justiziaren profesioaren eginbeharrak okerbideratzea da. Hitz batek adiera desberdinak izan litzakeela argi dago, baina irizpide arrazionalak erabiltzea izan beharko litzake epaile baten erabakia bere ezagueran.
Eta, hitz baten esangurak testuingurutik kanpo atera direlakoan nagoenez, Ludwuig van Beethoven musikariaren hitzak dakarzkizuet gogora: «Hobetzeko ez baldin bada, ez ezazu apurtu isiltasuna». Ba, terminologia artistikora eta, kasu honetan, musikara etorriz, Arabako epaile honi, Gasteizen aurkeztuko dugun Hazia musikala ikustera etor dadin gonbita luzatu nahi nioke, ziur gustukoa izango duela eta bere eskema eta iritzi zaharkituak eta logika gabekoak alde batera utz ditzakeela.