Hauteskundeetara so: lau urteko euskaraldia
Hauteskundeetara so: lau urteko euskaraldia –
Patxi Salaberri, Mikel Basabe, Pako Sudupe eta JJ Agirre
Euskararen nazioarteko eguna dugu gaurkoa. Pozik gaude, Euskaralditik indarberrituta atera berri gaudelako. Hauspotuta gaude eta ondo dago: noizean behin denok behar dugu goraldia; euskaldunok, zer esanik ez. Eta orain? Zer dagokigu, beste urte bi itxarotea kaleak berriro ere gureak izan daitezen? Hamar egunerako gure? Benetan dugu nahikoa?
Sei hilabete barru udal hauteskundeak izango ditugu Hego Euskal Herrian. Udalak eta aldundiak aukeratuko ditugu, baita Nafarroako Gobernu berria ere. Gugandik gertuen dauden erakundeak, beraz. Eta? Ausartuko ote gara euskaraldia lau urte eta erdiz luzatzera? Hauxe dugu aprobetxatu beharreko momentua. Sei hilabete barru, gertu-gertuko erakundeak aukeratzean, hurrengo lau urteetarako politikak zehaztuko dira, baita hizkuntza-politika ere neurri batean.
Eginkizuna erraza da: euskaltzaleok (eta euskararen normalizazioaren alde dauden alderdiek) gutxienekoak hitzartu behar ditugu. Zein dira gure gutxieneko horiek?
Zer adostu dezakete aipatutako alderdiok, gainerako lubakietatik gaindi?
Horiexek proposatzera gatoz bada gure xumean, alderdi euskaltzaleen arteko gutxieneko adostasunerako oinarriak.
Gure erakundeetako buruzagiak (alkateak, ahaldun nagusiak, Nafarroako lehendakaria) euskaldunak izango dira. Eta euskaldunak %50 diren udalerrietan, zinegotzi guztiak ere euskaldunak. Ados?
Herritarrok (zuk, nik, denok) hizkuntza ofiziala aukeratu ahal izango dugula bermatuko da herriko eta herrialdeko administrazioarekin harremanetan jartzean. Ados?
Euskarak behar du bultzada, ez beste ezein hizkuntzak, oraindino ere euskara delako hizkuntza gutxitua gurean. Ados?
Bultzada horrek orohartzailea behar du. Hau da:
Eskola ez denez nahikoa, haur eta gazteentzako eskolaz kanpoko jarduera publikoak euskara hutsez eskainiko ditugu herritar gehienak euskaldunak diren udalerrietan. Beste udalerrietan, euskarazko eskaintza gaztelerazkoaren parekoa dela ziurtatuko dugu. Ados?
Gertu-gertuko erakunde horietako egunerokoan, euskarari emango diogu lehentasuna. Ados?
Hauteskunde-kanpainarako programan, nork bere udalerriari (edo herrialdeari) egokituriko konpromisoak hartuko ditu euskararen arloan. Konpromiso egingarriak baina, aldi berean, euskaldunontzat esanguratsuak eta bermedunak izango direnak. Ados?
Konpromiso horien betetze-maila udalerriko eragile euskaltzaleekin batera egiaztatuko dugu: elkarrekin zehaztuko dugu programan jasotakoa behar bezala betetzen ari ote garen. Ados?
Euskaraldiaren zain geratu barik, erabileraren aldeko kanpainak egingo ditugu udalerri guztietan. Eta gure eledunen eguneroko praktika eredugarria izango da. Ados?
Udalerri ez euskaldunetan, ezagutza guztion eskura eta doan egongo dela ziurtatuko dugu. Ados?
Euskaraldiak boteretu egin gaitu, eta ondo dago. Euskararen nazioarteko eguna ospatzen ari gara, eta hori ere ondo dago. Badaukagu zer ospatu eta badauzkagu indartsu sentitzeko arrazoiak ere. Ordainean, orain, indartsu sentitzen garen honetan, indar hori ekinean jarri behar dugu. Sei hilabete barru, euskaldun askok eta askok botoa emango dugu. Nork bere hautua egingo du.
Baina… gure botoa jaso dezatela hizkuntzaren alorrean gutxieneko partekatu batzuk beteko dituzten alderdiak. Ados?
…
2022ko abenduaren 3an
Euskararen nazioarteko egunean
Daukagun panorama ikusita hobe genuke alderdi berri bat sortzea.
Nik hurrengoetan boto nuloa emango dut. Alderdi sasiabertzaleek ez dute euskaldunon oniritzi elektorala merezi.
Boto eskubidea duten hiritarrak 2,3M. Euskaraldian izena emandakoak 161.000. Guztiak beren alderdi kuttunari behar bezain euskaltzale ez jardutegatik botoa ukatzeraino helduko balira, %7 izango ginateke. Endreatzeko adina ematen du, gutxi izan arren. Horietarik ordea zenbat iritsiko lirateke horretaraino? Zenbat ausartuko lirateke euskara bandera bakarra duen alderdiari botoa emateko aurreko atxikimenduak ahaztuta? Eman dezagun hamarretik batek egingo lukeela, 16.100 lagunek beraz. Hori, boto emaileen %0,7 da. Ulertzen zergatik euskara azken putz dagoen alderdi guztien agendan? Bada, segi ametsetan.