Hautagai euskaldunak

Hautagai euskaldunak –

Ekimena

Herritarron hurbileneko instituzioak dira Udalak. Hizkuntz eskakizunak ezartzen zaizkie udal langileei, hala behar du, baina euskaldunon hizkuntz eskubideak nola gauzatu alkate eta zinegotzi euskaldunik gabe?

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak Hautagai Euskaldunak ekimena abiatu zuen 2022ko apirilean, 2023ko Udal Hauteskundeei begira. Lehenbizi, eskualdeko udaletan ordezkaritza zuten alderdiekin bildu ginen, guztiekin. Bilerotan gure asmoa azaldu genien, gero publiko egingo genuen dokumentua luzatuz. Ekainaren 6an plazaratu genuen dokumentua. Bi atal nagusi zituen: bat, alderdiei hautagai zerrenda publikoa egiterakoan, hautagai bakoitza euskaldun osoa, euskaldun hartzailea edo erdalduna zen izendatzea; eta bi, hautagai zerrenda bakoitzari euskararen ikuspuntutik nota bat jarri eta hori publiko egingo genuela azaldu genuen. Nota jartzeko irizpideak zehatz azalduz.

Batetik, gardentasun ariketa bat eskatzen genien alderdiei, hizkuntza eskubideen ikuspuntutik berebiziko informazioa baita, herritarrek modu burujabe eta nahikoa informazioarekin egikaritu dezaten boto eskubidea. Bestetik, hautagai zerrendetan euskararen irizpideak duen garrantzia azpimarratu eta hautagaiak euskaldunak izatea bultzatu nahi izan dugu. Hautagai euskaldun batek hizkuntza eskubideak bermatzen ditu, gutxienez elebiduna baita euskalduna, herritar guztiei bere hizkuntzan entzun, ulertu eta erantzuteko gai.

Hautagai euskaldunak

 

Emaitzak

Hitzekoak gara eta, gaur, eskualdeko hainbat pertsona esanguratsuren babesarekin*, emaitzak plazaratu nahi ditugu.

Hasteko gure kritika zorrotza eskualdeko alderdi guztiei. Gaur bitarte izandako aurkezpen publiko guztietan, zein prentsara igorritako oharretan, ez baitute adierazi hautagai bakoitza euskara mintzatzeko edo ulertzeko gai den. Informazioa emate hutsak hizkuntzari garrantzia aitortzea bazekarren, eskakizun hau betetzea gardentasun ariketa bat bazen,… Ez egiteak zer esan nahi du? Pausu erraza zen eta atsekabez ikusi dugu ez dela eman. Espero dezagun, hemendik aurrerako ekitaldietan zein postontzietara igorriko zaizkigun esku-orrietan informazio hau eskainiko zaigula. Pausu txiki baina garrantzitsu hau emateko garaiz dabiltza.

Gure eskualdeko 9 udalerrietako 32 hautagai zerrenda aztertu ditugu. Zerrenda bakoitzeko alkategaia aho-bizi (euskaraz ulertu eta hitz egiten du), belarri-prest (ulertzeko gai da) edo erdalduna den adierazi dugu. Jarraian, zerrendari nota jarri diogu. Horretarako alkategaia eta zinegotziak, hurrenkera kontuan hartuta, puntuatu ditugu euskaldun oso, euskaldun hartzaile edo erdaldun diren kontuan hartuta. Bukatzeko semaforo baten bitartez adierazten dugu emaitza horiek hizkuntza eskubideei bide ematen dieten edo ez. Herriz herrikako datuak publiko egiten ditugu gaur prentsara igortzen dugun dokumentuan. Dokumentu hori gure web-gunean ere izango da eskuragarri.

Datuak orokorrei helduz, aztertutako alkategaien artean 17 aho-bizi, 5 belarriprest eta 10 erdaldun daude. 16 zerrendek gainditzen dute, 7 ez nahiko erdiesten dute eta 9 kasutan ez da nahikoa informazio erdietsi. Zenbait kasutan alderdiengana jo dugu eta informazioa ukatu digutela azaldu nahi dugu.

Bukatzeko, gaurko ekimenaren garrantzia azpimarratu nahi dugu, gardentasuna, boto eskubidea eta hizkuntz eskubideak barne biltzen dituelako. Gure eskualdetik kanpora zabaltzeko gonbidapena egiten diegu, bide batez, Euskal Herriko eragileei. Gogoratu nahi dugu baita, alderdi politikoen hizkuntza politika eta hizkuntz eskubideekiko jarrera eta jarduna elementu garrantzitsua direla baita, euskararen normalkuntza lortzeko bidean. Horregatik Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak bestelako ekimenak bultzatzen jarraituko du alor honetan, adi beraz.

Jarrai dezagun lanean. Aiaraldea #Euskaraktibatu

  • Aintzane Pradera Arabako AEKko koordinatzailea – Amurrio
  • Goiatz Urkijo Euskaltzaleen Topagunea eta Euskaraldiko lan taldeko kidea – Laudio
  • Igor Arzuaga musikari eta artista – Areta
  • Belate Olabarria Bizkaiko Bertsolari Elkarteko lehendakaria – Orozko
  • Andoni Gorostiaga Laudioko Institutuko zuzendaria – Laudio
  • Beñi Ibargoitia Arrankudiagako Gizarte Etxea – Arrankudiaga
  • Serapio Lopez bertsolaria – Ziorraga (Baranbio)
  • Amets Meaza Laudio Ikastolako aisia koordinatzailea – Laudio
  • Julen Guaresti legegizona – Amurrio
  • Bego Macias Laudioko AEK-ko Euskaltegiko zuzendaria – Laudio
  • Naiara Merino Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko Talde Eragileko kidea – Urduña
Hautagai euskaldunak

Hautagai euskaldunak