Haurrak ikas zazute euskaraz mintzatzen… helduok oso lanpeturik gaude!

Haurrak ikas zazute euskaraz mintzatzen… helduok oso lanpeturik gaude! –

Haurrak ikas zazute euskaraz mintzatzen... helduok oso lanpeturik gaude!
Argazkia Jendartean blogetik.

Haur eta gazteak zarete euskararen etorkizuna, helduok ez, bistan da (kar-kar txiki batez). Euskaraz mintzatzen ikas “dezazuten” matrikulatzen zaituztegu D ereduan, guraso batzuek gogoz, beste batzuek badaezpada. Ikastetxean, haur etxetik euskaldunak sakabanatuko zaituztete haur erdaldunen artean, horiei euskararako bidea errazteko. Ez du funzionatzen baina. Euskaldunek euskara bazterrera uztera behartuta ikusiko duzue zuen burua, eta beraz, erdaldunek ez dute euskaldunengandik laguntzarik jaso ahal izango.

Haur euskaldunak kolpetik konturatuko zarete euskarak ez duela zuen ikaskideekin hitz egiteko balio (D ereduan ikasi arren guztiek), eta hobe duzuela gorde, zenbait ikaskideren isekak pairatu nahi ez badituzue. Zuetako askok sekulako kolpea hartuko duzue, zuen etxeko hizkuntza, irakaslearena bai, baina beste inorrena ez dela konturatzean. Tira, pasako zaizue. Denborak sendatzen du dena (orbainak orbain). 

Haur euskaldunen sakabanatze sistematikoa ohitura bihurtu da, eta ohiturak errespetatu behar dira, zein ulergaitz gertatzen diren ere.

Ohitura bilakatu denez, guraso erdaldunek bakarrik ez, guraso euskaradun askok ere erdaraz egingo dugu gure artean, baina zakurrari eta etxeko txikiei (10 / 12 urteak bete arte) euskaraz egingo dizuegu, eta euskaraz egin dezazuen exijituko sarri.

Euskarazko ETB-n ez duzue zuentzako saio erakargarririk aurkituko, baina lasai, españolezko ETB-n bai. Netflix, Disney eta halakoetan euskarazko eskaintzarik ez, baina españolez, ingelesez, frantsesez… aspertu arte. Mugikorrean ordu luzez murgiltzen zaretelarik, euskarazko eduki erakargarririk nekez aurkituko duzue, baina españolez, frantsesez, ingelesez… motxila betea. Euskarazko musika entzun nahi baduzue, beste bide batzuk jorratu beharko dituzue (Naiz irratia, Hala bedi,…), EiTB-n musika ingelesez baita gehien bat, oso koxmepolittak gara!

Kiosko eta liburudenda gehienetan ez bilatu euskarazko komikirik, ez dira egoten. Denda oso jakinetara jo beharko duzue horien bila. “Euskal” denda horietan aurkituko dituzue euskarazko ale batzuk, erdarazko eskaintza askoz zabalagoaren artean.

Hedabideak bakarrik ez. Kaleko paisajea ere erdaraz daukazue %90ean, eta horrek lagunduko dizue ulertzen gizarte honetan euskaldunon tokia zein den. Ez dizue inork azaldu? Nomelopuedodecreer! Bigarren mailako herritarrak gara gure herrian, bai.

Hori da (ez) dagoena. Ez daukazue batere erraz euskaraz elikatzea, baina guraso askok, euskalgintzak eta Eusko Jaurlaritzak berak, euskaraz egin dezazuen eskatuko dizuete sarritan. Eta zeregin (oso zail) horretan, laguntza gisa, urtean hiruzpalau ekitaldi handi antolatzen dituzte, horietan sikiera euskaraz estuasunik gabe egiteko aukera izan dezazuen. Eta hori bakarrik ez… Txapa eta pin polit askoak dauzkate prestatuta, bai zuentzat, bai zuen gurasoentzat ere, euskaraz egitera animatuz. Ez zarete kexatuko gero!!! Baina haurrok, euskaraz bizitzea ezinezkoa gertatzen bazaizue, ez kezkatu! “Aniztasunaren” hobe beharrez, españolez edo frantsesez jardun dezakezue lasai asko. Euskal Herrian, oro har,  “aniztasuna” eta “kulturartekotasuna” esaten baitzaio marokoarrek, saharatarrek, errumaniarrek, portugaldarrek, galiziarrek, txinatarrek…. edota euskaldunek, españolez Hegoaldean eta frantsesez Iparraldean egiteari. Baita D ereduko ikastetxeetan ere.

Badira heldu temoso batzuk, egoera hau deskribatzeko akulturazioa, asimilazioa, menpekotasuna edo hizkuntza ordezkapena bezalako hitz itsusiak darabiltzatenak, baina lasai berriro ere, gehienok koxmepolitak eta kultura hegemonikozaleak gara eta!

Eta finean, erdaraz bada ere, beti egin dezakezue “ongi pilotan eta oneski dantzatzen”.

Haurrak ikas zazute euskaraz mintzatzen… helduok oso lanpeturik gaude!

34 pentsamendu “Haurrak ikas zazute euskaraz mintzatzen… helduok oso lanpeturik gaude!”-ri buruz

  • Ona!
    Beste hau ere, ildo beretik:
    “Euskal erakundeak, Mauletik Muskizera, Tuteratik pasatuta, ez dira ari politika eraginkorrak egiten. Batzuk euskarafobia publikoki adieraziz; beste batzuk, gauza bat esanez eta bestea eginez. Horregatik, hezkuntza komunitatea osatzen dugun guztion ardura da, ez dutelako beste batzuek egingo. Ausardiaz eta konplexu barik lan egin behar dugu. Euskaragatik egingo dugulako, baina baita askatasunagatik ere. Ez diezaiogun inori gehiago gure gurasoei ukatutako aukera lapurtu…”
    https://www.berria.eus/paperekoa/1982/006/001/2021-12-08/hiezkuntza-emozionala.htm

  • “Euskal Herrian, oro har, “aniztasuna” eta “kulturartekotasuna” esaten baitzaio marokoarrek, saharatarrek, errumaniarrek, portugaldarrek, galiziarrek, txinatarrek…. edota euskaldunek, españolez Hegoaldean eta frantsesez Iparraldean egiteari. Baita D ereduko ikastetxeetan ere”
    Egia berdaderoa!
    Hemen, espainiarrei eta frantsesei erosi zaie “aniztasunaren” inguruko diskurtsoa, baita zenbait euskaltzaleren aldetik ere. Españolez / frantsesez egiten badugu “inklusiozaleak” gara, baina euskaraz egiten badugu, orduan “segregatzaileak”. Euskaldunak eta gazteleradun / frantsesdun EZ direnak, izorrai.
    Hemen, kafeari “café” eta akulturazioari “inklusio” esaten zaio.

  • Jon Mirena Ortiz de Urbina Gauna 2021-12-08 13:23

    Harrigarria da erakunde, alderdi politiko, politikari eta ustez euskaltzale askoren (gehienen) paralisia hizkuntzaren egoera larriaren aurrean.

    Eroso gaude, arazo guztiak euskaltzale, politikari, alderdi eta erakunde horiek guztiek konpondu behar dizkigutelakoan. Burujabetza aldarri bihurtu genuen, eta geure buruen jabetza eta norabidea galdu dugu, gezurrontzi horien esku utzi genuelako.

    Herriak soilik salba dezake herria. Albora ditzagun behingoz azpijale horien hitz politak, eta ekin diezaiogun geure burujabetza eta askatasuna berreskuratzeari. Berreraiki dezagun gure territorio libre bakarra, urratsez urrats, gutariko bakoitza ezinbestekoa da eta.

  • Bikaina!! Zein ondo azaldulta, errealitate hutsa. Tristea bezain gogorra.
    Bitartean euskaraz bizi nahi dugun guraso ta umeak desesperatuta eta euskara hiltzeko bidean.
    Noiz arte iraun behar du egoera honek?
    NAHIKOA DA!!!

  • Zein ondo azaltzen duen egun bizi dugun errealitate gordina. Hau al da gure seme-alabei utziko diegun herria?
    Garaiz gabiltza aldatzeko, eudkaltzaleok, altxa! Euskara larrialdi egoeran dago, batu gaitezen gure hizkuntzaren alde borrokan!! Euskara erdigunean

  • Francoren denboran mila aldiz hobeki geunden. Nafarroan behintzat, poliki poliki zulora, lurpera gindoazen, baina poliki poliki. Orain berriz izugarrizko ziztu bizian goaz.
    5-13 urteko haurrik ez dut ezagutzen euskaraz ari denik (Belatetik hegoaldera)

  • Non da Topagunea? Non da Tokikon? Non da Euskal Idazleen Elkartea? Non dago Ikastolen Konfederakundea? Non Bertsolarien Elkartea? Non euskal teknikariak? …
    Zer, Instituzioei begira? Administrazioren zain? Partitu politikoek konponduko diguten esperantzan?
    Non dago Euskalgintza? Euskararen heriotzaren zain zerbait egiteko?

  • Iñaki Lopez de Luzuriaga 2021-12-08 17:01

    Ituan jo, Ernesto! Ez bakarrik “aniztasunaren” zama, euskaldunok harmoniaren, integrazioaren eta “errespetua” ere bizkarreratu behar dugu (apartatu hadi euskaldun, praktikatu euskara intimitatean!).

  • Hortxe daukazu Euskalgintzaren parte handi baten erantzuna, A.:
    “Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, eta hitza beharrezkoa da ohiturak aldatzeko. Ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea, eta, inguruan eragiteko, ekintza nahitaezkoa dugu. Euskal Herri osoko euskaldunak, beraz, hitzekin ekitera animatzen zaituztegu, Korrika eta Euskaraldia batzordeetan parte hartzera, hizkuntza-ohiturak aldatzeko dinamikak sustatzera, euskarazko guneak sortzera, eta euskara erabil dadin baldintzak bermatzera zeuen entitateetan edo ingurunean”
    Ez dakit zer iruditzen zaizun. Ni epel-epel utzi nau.

  • Ernesto Leitza 2021-12-08 17:26

    Eskerrik asko erantzuteagatik.
    Egia esateko, kezka handiz bizi dugu gure eta ingurukoen haurren erdaraz egiteko joera gero eta handiagoa, eta ez, ez dugu ikusten udaletik, ez mankomunitatetik ekimenik arazoari aurre egiteko. Nafar Gobernutik ez dugu ezertxo ere espero, egurra ez bada, baina euskalgintzatik ere ezer gutxi dator, eta ikastetxeetatik ere antzeko-paresido.

  • Maite: epel? Egia esan, epel ez, hotz utzi nau. Egia mozorrotu besterik ez dute egiten eta. Gu denon bizakar bota zama guzia, bitartean Instituzioak hor zakur-zakur etxeko epelean goxo utziz.

  • Eta denek egingo dute euskararen egoera latzaren diagnostikoarekin bat, baina inor ere ez da publikoki arnasguneak defendatzera ausartuko.
    Zeren, egunerokoan, helduoi integrazioak ez gaitu behar beste kexkatzen, hori bai, euskarak bizirauteko neurriez ari garenean, orduan bai kontuz! Orduan multikulturalismoaren bandera ateratzen dugu zuen kaltetako bada ere.

  • Ernesto Leitza 2021-12-08 18:14

    Inguru hauetan, “aniztasuna”, multikulturalismoa” eta horrelakoak ahotan darabiltzatenak españolez bizi dira bapo-bapo.

  • Markel Otxandiano 2021-12-08 18:52

    Josu Jon Imazen estrategia inposatu da, bai euskal demokristauen artean (EAJ), bai euskal sozialdemokraten artean (Bildu), eta bilatutakoaren kontrakoa gertatu da: Espainia seduzidu beharrean, Espainiak gu seduzidu omen gaitu, eta batzuk poz-pozik ari dira plisti-plastan espainiar egitasmo instituzional eta politikoan, euro batzuren truke, eta afera horiei etekin ateratzen jarraitzeko Euskal Herria eta euskal herritarrak salgai jarri gaituzte, euskaldunok aspaldi merke merke oparitu gintuzten, potrozorri apur batzuk ez garelako, bozka-kontabilitatean erabakigarriak ez garenok.

  • Helduok arnasguneak behar baditugu, etorkizuneko helduak izango diren horiei hori baino gehiago ere eman beharko geniekela uste dut.
    Etxean ikusi dugu tamalez, 8 urterekin gehienez euskara zokoratzen hasten direla (hirutik hiruk). Ume euskaldunak izan ondoren erdaldun petoak nola bihurtzen diren ikusteak izugarrizko mina sortzen du.
    Pantailak euskaraz, Arnas Dezagun, eta sortuko diren ekimen guztiak ezinbestekoak ditugu euskarak iraungo badu. Ezina Ekinez Egina!!
    Biba gu!

  • Ondo azaldurik. Dudarik gabe. Kontua da horrek guziak izenak dauzkatela. Lehen karriketara anitzez haboro jiten ginen, orain ez. Zergatik ez salatu publikoki haien aitzinean, hots, lan egiten duten lekuetan, elkarrataratzeak eginez, eroso izan ez daitezen! Hondarrean etsaia gure artean da. Hegoaldeko eskoletako zuzendari anitzek zer erran badaukate, baita arduradun kolaborazionista andanak ere. Errespetua galdu daukute. Pankartak, pintaketak eta abar. Presioa haien aurpegien aitzinean. Euskararen larriak galdegiten du, prefosta!

  • Kontakizun faltsu bat eraiki da azken hamarkadetan, jatorria Jaurlaritzan (EAJ) duena baina euskalgintzak eta ezker abertzaleak aspaldi ukatu ez dutena, eta azken urteotan indartu dutena, euskararen normalizazioa aurrera doala esaten duena, ia haur guztiak euskaldunduta daudela, sekula baino euskaldun gehiago garela esaten duena… errealitatea oso bestelakoa denean. Ikastetxe asko eta askotan gertatzen denari erreparatu besterik ez dago, normalizazioaren osasun kaxkarraz ohartzeko, eta euskararen ordezkapena EAEn ere azkartu dela ikusteko.
    Leitzarena bezalako artikuluak oso deserosoak dira, lehenik eta behin D ereduko ikastetxe askorentzat, euskalgintzaren parte handi batentzat eta zer esanik ez, EAJko agintarientzat.
    Oso eskertzekoa da horrelako testigantza ausarta ematera ausartu izana, behar-beharrezkoa baita poziktybismoa desmuntatzea behingoz, eta egoerari bere izenetik deitzea.

  • Bingen Uriarte 2021-12-09 10:54

    Arduradun politikoen maila kezkagarria da oso. Bildarratz sailburuak adibidez, eskolak egoki euskalduntzen duela dio patxada osoz, datuek juxtu kontrakoa adierazten duten bitartean. Ikastetxeen “autonomia” proposatzen du euskara mailari eusteko, edo bestela esanda, ikastetxe bakotza hor konpon. Bere eredua hau omen da (HH 2021-04-23):
    “euskara ardatz duen eleaniztasun programa bat behar dugu, helburua izanik ikasle bat gutxienez hiru hizkuntzatan adierazteko, ulertzeko eta bizimodua egiteko gai izatea derrigorrezko hezkuntza bukatzen duenean”, hau da, gaztelera, euskara eta ingelesa menperatu behar diitu maila berean ikasleak, Bildarratzen ustez, nahiz eta ingelesa herritarren oso % urri batek beharko duen lanerako, eta are gutxiago bizitzarako. Bestalde, gaztelera menperatzea serietik dator Espainiapekoak garenez gero. Euskara da errefortzua eta arreta berezia behar dituena, baina ez dirudi sailburuak ikusten duenik.
    Hori da maila, eta hortik datoz ajeetatik asko.

  • Zorionak Ernesto oraingoan ekarritako artikulu honengatik. Gaur egungo diagnosian eragiten duten faktoreak betebetean jaso dituzu, noski, nire ikuspuntutik. Hainbat aldarrikapen jarri ditugu/dira martxan azken hilabeteotan, ikastetxeek, agintari eta politikariek gaur egungo egoeran daukaten erantzukizuna ikustarazten duten aldarrikapenak: Pantailak Euskaraz, Arnas Dezagun, etab. Gurasook daukagun itzelezko erantzukizuna ere jaso duzu, eta guztiz bat egiten dut zuk azpimarratutakoarekin, izan ere “umean zentzune etxean entzune”.

    Hor egunero ETB3 katea jar dezaten gure semealabekin burrukan gabiltzanok, %100ean euskaraz bizi garenok, semealaben tik-tok eta beste sortzaile plataformetan euskara hutsezko edukiak (edo asko jota ingelesez) sortzen dituztela “kontrolatzen” dugunok…. militantzi eta esfortzu guzti horren ondorioz gure semealabak eremu erdaldunetan euskeraz aritzea lortzen dugu, bai horixe, baina ordean, jasotzen dugun oparia SAKABANAKETA da, beste ikaskideen (euskaldun erdalhiztunez ari naiz) euskalduntzearen ardura beraien gain ezarriz, euskaraz hitzegitea “pringauntzat” hartzen duten ikaskide hoien euskalduntzearen ardura. Ikaskide hoien gurasoekin zer egin dezakegu?

  • Bingen Uriarte 2021-12-09 11:27

    Ruben Conde hispanistak ekarria da hau: “Curioso fenómeno el que se está dando en Portugal: los niños portugueses hablan como si fueran brasileños. ¿Por qué? Porque los streamers a los que siguen son brasileños. Y los niños imitan su forma de hablar.”
    Gurean gertatzen den “gertakati bitxia” da, haur euskaldunek gero eta gehiago hitzegiten dutela españolez / frantsesez, jarraitzen dituzten streamerrek españolez / franrsesez dihardutelako (oso gutxi dira euskaldunak). Joera hau herri oraindik euskaldunetara ere hedatu da, baina ez dirudi gure agintariak -EAJ- ohartu direnak arazoaz, EHBildu ere ez, antza denez, eta Euskalgintza…?

  • Bingen Uriarte 2021-12-09 11:42

    Izaskun, aipatu dituzun Pantailak Euskaraz eta Arnas Dezagun ekimenak oso garrantzitsuak dira, oso berri ona, zeharo lokartuta zirudien euskalgintzaren eremuan.
    Pantailak Euskaraz: Euskarazko telebista-kate kalitatezkoak, plataformak euskaraz, sareetako streamer euskaldunak eta euskarazko edukiak ugaritzea, hil ala bizikoak dira euskararentzat (euskaldunontzat). Larria da eremu horretan Jaurlaritzak ekime ganorazkorik ez abiarazi izana. Zupiria, Bildarratz, Dobaran eta konpainia, nora begira daude?
    Arnas Dezagun ekimena ere oso-oso beharrezkoa, ikastetxeetan jasaten dugun anabasa eta erdalduntze gero eta hedatuagoa geldiarazi eta iraularaziko badugu. Ikastetxeek ere ardura handia dute bilakaera horretan. Eta berririk onena da ekimen horiek biak herritik bertatik sortu direla, behar gorriak bultzatuta, agintarien gaitasun edota interesik ezaren eta euskagintzaren loaldiaren ondorioz. Segi horrela! Ekin eta jarrai!

  • Markel Orbiso Lohiune 2021-12-09 11:55

    Erregea biluzik dagoela esateko garaia da: D ereduak ez du euskalduntzen, eta ez du ezagutza behar bezala helarazten.

    Hondamendi bikoitza Euskal Herriarentzat: euskara gero eta gutxiagotan eta gero eta kaxkarragoa entzungo dugu, eta gure gazteak ezagutza makalaz jantzita aterako dira plazara. Ez hizkuntza, ez formakuntza.

    Bitartean euskal politikariak, hegoaldean bederen, txikira jolasten Madrilgo bulegoetan, eroso eta erabat seduziduak, asimilatuak, isabelinoen lohian leporaino eta gozatzen, lagun berriak egiten eta garrantzitsuak sentitzen.

  • Ezkerreko alderdi, politikari eta kazetariei gehiago inporta zaie immigranteak EHra ekartzea, euskara biziberritu dadin baino.

  • Iracasle guehienen erruz, hain çucen ere.

  • Rafael Blanco Arbe 2021-12-09 14:24

    Flandrian ikastexe baten batean, jostaldietan ere ikasleek nederlanderaz hitz egin behar dute, jatorria eta eta etxekohizkuntza edozein delarik . Hautsak harrotu zituen erabakiak ( seguruenez frantsestunen artean), eta honela defendatu zuen neurria etxean gaztelaniaz mintzo den jatorri kolonbiarreko neska batek: ” berdintasunean hezteko erabaki zuzena da, honela nederlandera maila on bat erdiesten laguntzen digu”.
    Eta nik hauxe deritzot: ” harrapaiok buelta horri, nik ez zikoat denbora´ik eta”.

  • https://arnasdezagun.eus/babesleak/ estekan dago, haur euskaldunak sakabanatu EZ ditzaten sinadura emateko aukera.
    Hain da oinarrizkoa… Haur euskaldunak ez sakabanatzeko eskatzen ibili behar izatea ere!
    Gure (euskaldunon) menpekotasun mailaren adierazle zehatza.

  • D ereduak azken urteotan zabalkuntza handia lortu duen arren , euskarak ez du lortzen erdararen pare egotea. Ikasle askok irakurmena eskasia omen dute. Horrela esan zaigu hedabideetan. Ez da harritzekoa. Goresten dugu gehiegi teknologia inguruan dagoen guztia, eta liburuak baztertzen ditugu, ez dira existitzen. Haurrek, ez patioan bakarrik, baizik eta teknologiaren bitartez erdera joera hartzen diote azkarki. Teknologiaren bitartez elikatu nahi ditugu euskaraz, eta hori ondo dago, baina benetan hobetu nahi badugu irakurmena, irakurtzea beharrezkoa da.

    Helduok ere, gurasook bereziki, zerbait gehiago egin dezakegu euskaraz hitz egitea baino. Batez ere helduen gaiez mintzo garenean. Zeren eta gure joera azkenean beti erderara izaten da. Nabaria da ere bai gure hiztegi urriak ez digula laguntzen. Ez dugu menderatzen gure hizkuntza, eta hiztegi zabalagoa eta aberatsagoa daukagu erderaz, euskaraz baino.

    Frogatuta dago hizkuntza batean eroso sentitzen garela menderatzen badugu. Eta hizkuntza bat menderatzen dugu irakurtzen eta ulertzen dugunean, hitz egiteaz gain. Ez soilik hitz egiten dugunean.

    Onar dezagun ez dugula esfortzurik egiten, ez dugula euskaraz irakurtzen. Haurrek ez gaituzte euskaraz irakurtzen ikusten. Euskaldunok ezin dugu hau onartu.

  • Ernesto Leitza 2021-12-10 09:30

    Internetek papera bazterrera eraman du neurri handi batean, baina beharbada sekula baino gehiago irakurtzen dute haurrek eta gazteek. Zer irakurtzen duten beste kontu bat da. Eta gainera erdaraz irakurtzen (eta entzuten) dute batez ere, sareetako euskarazko edukiak oso urriak baitira, erdarazkoen aldean, gazteen intereseko gaiei dagokienez.
    Liburuak bai, komikiak ere bai, baina sareetako euskarazko baliabideak asko eta asko ugaritu behar lirateke (haur eta gazteen interesekoak), euskarazko edukiak kontsumituko badituzte. Ez da zaila. Baliabide eta inbertsio (ez handiegia) kontua da. Borondate politikoa finean. Jaurlaritzak ez daukana, hortxe arazoa. Horregatik presioa egin beharra.

  • Semenogorri 2021-12-11 17:59

    Hor aipatutako gauzen artean bi azpimarratuko nituzke:
    bata, Albertok esan lez, ez dela ezer irakurtzen, barruan komikiak zein liburuak sartuta; ezta hemengo musika entzun ere ez! Elkarrek berak hile batzuk atzera argitara egin zuen bezala.
    Bigarrena, ume zein gazte gehienek ez daukate inongo kontzientziarik. Hezkuntza sarean hemengo osagaiak esatearren, ez dizkiete erakusten: historia, lurraldetasuna bera, kultura eta euskararen gertakizunak: gaur arteko iraupenaren azalpena azaldu barik, euskalkien gorabeherak edo zergatik elkarren horrenbeste banandu ziren eta horrek eragindako jazarpena, gutxiespena eta gorrotoa …
    Beraz, hizkuntza ez da eurena, labur esanda, erabilerarik ez, barruko harrik ez. Edozein hizkuntza bezain arrotza izaten zaie ikasleei.
    “Harriak harrikumerik ez!

  • Zurekin bat nator, Semenogorri, Kontzientzia-bakokeria hedatzen ari da, eta askok, jende gaztek zein gurasok, ez dute arazorik ikusten daramaten jarreran.

    Euskara hil zorian egon zen. Gero “zerbait” egin zen. Eta orain inor ez da horretaz gogoratzen.

    Kontutan hartu behar da euskal hiztun askok gaztetan euskaraz hitz egitea hautatu genuela. Orain gutxik bera egingo lukete. Euskarak, espainola eta frantsesak ez bezala, beste zerbait behar du bizirauteko. Euskara ez da hizkuntza bat bakarrik. Hala balitz desagertuko zatekeen. Eta politikak zerbait egin dezakeen arren, asko, geure eginkizuna askoz garrantzitsuagoa da. Herri kontzientziarik gabe galbidera goaz.

  • Ez bakarrik, soilik baizik…barkaidazue erderakada 😉

  • Baina herri-konzientzia ez da ezer-ezeretik sortzen. Talde bateko kide jakinen hausnarketatik eta ahaleginetik sortzen da herri-kozientzia, emakume-konzientzia edo ekologia-konzientzia bezala.
    Espainiarrek eta frantsesek, ezagutu ditudan guztiek behintzat, oso herri- eta hizkuntza-konzientzia errotua daukate. Espainiarrik analfabetoena ere, espainieraren eta Espainiaren defendatzaile sutsua da. Horren arrazoia da espainiar agintariek egundoko garrantzia eta zentralitatea ematen diotela horri… agintari eta ordezkari politiko (zentzurik zabalenean) abertzale eta euskaldun gehienek EZ bezala.
    Haiek, Voxetik Podemoseraino eta beren hedabideetatik eta sindikatuetatik epaileetaraino, espainiartasuna egunero-egunero ureztatzen duten bitartean, alderdi eta bestelako erakunde abertzaleen jarduna oso gorabeheratsua, zalantzatia, eta sarri-sarri, espainieraren aldekoa da (ikus Eitb, eta alderatu kate batzuk eta besteak, ea…).
    Espainiarrek oso argi daukate euren hizkuntza BAKARRA eta HERRI bilakatzen dituena espainiera dela (gaztelera, abertzale erdaltzaleentzat).
    Gurean, abertzale askok, baita euskaltzale zenbaitek ere, HIRU hizkuntza dauzkagula diote: euskara, espainiera (gaztelera, barka) eta frantsesa. Baina hain irizpide “eskuzabala” darabilten horiei, agintari abertzale ezagunenak tartean, ahaztu egiten zaie esatea espainiera eta frantsesa INPOSATU egin zaizkiola herri honi, euskara desagerrarazteko ahaleginean ari direla espainiarrak eta frantsesak, eta euskaldunon hizkuntza eskubideak birrinduta daudela Euskal Herri osoan, zenbat eta ekialderago, birrinduago.
    Horregatik ari da desagertzen gure herri-konzientzia. Gure buruzagi abertzaleak oso epelak edota erdaltzaleak direlako kasu askotan.
    Euskal konzientziadun buruzagiak behar ditugu, euskal-herri konzientzia berreskuratuko badugu.

  • Erabat ados JJ-rekin, lehen hitzetik azkeneraino.

  • Alberto, ez eskatu barkamenik ondo erabili duzunagatik, mesedez eta faborez. ‘Bakarrik’ ondo dago kontextu horretan. Izan ere, ‘soilik’ litzateke erdarakada bakarra, espainoleko ‘solo’, frantseseko ‘seul’, eta abarren kide mailegatua baita.