Haur euskaldunak sakabanatzen ez dituen eskola
Haur euskaldunak sakabanatzen ez dituen eskola –
Bizieder eskola publikoa udalerri erdaldundu batean dago, Bizkaian. Herriko 30.000 biztanleetatik, %13 Espainiatik kanpo jaio dira (Bizkai guztian %8 da portzentajea); Espainiako estatutik etorritakoak, berriz, %30 inguru dira. Horrelako ingurune batean egonda, ikastetxeak badu berezi egiten duen ezaugarri bat: ez dituzte ume euskaldunak sakabanatzen haur-hezkuntzan. Eskola ezagutzera joan gara.
Haurrak futbolean euskaraz!
Arnas Dezagun guraso taldeko bi kide ikastetxearen sarreran elkartzekoak gara. Barruan, hitzordua daukagu zentroko zuzendariarekin. Gutako batek, beste taldekidearen zain dagoen bitartean, jolastokian futbolean dabiltzan 6-7 urteko ume batzuei erreparatu die, belarriak zorrotz: denak euskaraz ari dira. Kasualitatea? Baliteke, baina hasteko ez da batere seinale txarra. Izan ere, honaino etorri gara eskolaren berezitasun batek erakarrita: ez ditu ume euskaldunak sakabanatzen. Bestela esanda, bat egiten du gure erreibindikazio nagusiarekin. Horrexegatik, gertutik ezagutu nahi izan ditugu Biziederrek euskara arloan darabiltzan neurriak eta lortzen dituen emaitzak.
Taldekatze irizpideak
Ume euskaldunak batera jartzen dituzte hasieratik, Haur Hezkuntzako 2 urtetik aurrera. Ekainean, taldeak eratu aurreko bileretan, eskolaren filosofia azaltzen zaie gurasoei eta, horrez gain, taldekatze irizpideen berri eman eta proiektuarekiko konpromisoa eskatzen zaie.
“Ume euskaldunak” kontzeptua oso modu zabalean ulertzen dute Biziederren. Ume bat euskaldunen ikasgelan sartzeko irizpide nagusia haren etxean euskara presente egotea da, nahiz guraso biek nahiz batek bakarrik jakin euskaraz. Zuzendariak kontatu digunez, Haur Hezkuntzako ikasleen %50 inguruk betetzen dute irizpide hori. Euskaldunen ikasgelan ume nahikorik ez badago, “ume erdaldunekin” osatzen dute taldea, hau da, etxean euskararen presentziarik ez duten umeekin. Euskara edo gaztelania ez beste ama hizkuntza bat duten haurrak erdaldunen gelan sartzen dituzte normalean. Behin eratuta, taldeak finkoak izaten dira ikasturte osoan, eta ikasleak ez dituzte gelaz aldatzen.
Esan behar da ume guztiek elkarrekiko harremana dutela ikasgelatik kanpo, dela jolastokian, dela jantokian edo kalean. Hizkuntzaren araberako taldekatze hauek LH3n amaitzen dira, umeek 8 urte dituztenean (“lengua española” ikasten hastearekin batera).
Erabilera helburu
Duela 10 bat urte eskolako arduradunek, euskara erabilerarekin kezkatuta, erabaki zuten, beste neurri batzuen artean, erabilera ere sartzea neurtzen diren hizkuntza alderdien artean (ezagutza, gramatika, irakurmena…). Ondorioz, saritu egiten da euskara erabiltzea, puntu bat emanez, baina ez da zigortzen ez erabiltzea, hots, ez da punturik kentzen.
Egun, oro har, ikasleak modu naturalean aritzen dira euskaraz euren artean. Hori bai, ume batek erdararako joera agertuz gero, irakasleek euskaraz egiteko eskatzen diote, eta kasu batzuetan gurasoekin hitz egiten dute.
Talde erdaldunetan errefortzuak jartzen dira HH3tik aurrera. HHko irakasle batek asteko lan orduen erdiak (15) horretan ematen ditu HH3, HH4 eta HH5 mailetako ikasgeletan, 3 ordu egunean, talde txikietan, non klaseko eguneroko edukiekin lotutako gaiak lantzen diren. Errefortzua fokalizatuta egonda, eragingarriagoa da, eta bigarren gela horretakoak euskarazko oso maila onarekin heltzen dira LH1era.
Begirale guztiak euskaldunak dira. Era berean, eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz egiten dira beti. Begiraleak jolastokian ere ibiltzen dira batzuetan, euskararen erabilera sustatzeko. Eskolaz kanpoko jarduerak ematen dituztenek ere euskaraz egiten dutela gainbegiratzen da.
Inoiz gertatu da ordezko irakasle bat etortzea eta, euskara maila txarra izanik, umeekin gaztelaniaz egitea; kexak berehala hasi dira, eta zuzendaritzak hezkuntzara deitu eta beste bat ekartzeko eskatu du.
Emaitzak
Nabarmentzekoa da, euskaldunen ikasgelan errefortzurik ipintzen ez denez eta erdaldunenean bai, azkenean lortzen dela talde guztiek euskara maila nahiko parekatua izatea.
Halere, gorabeherak ez dira falta. Batetik, LH3n nahasten dituztenean umeak gehiagotan hasten dira erdarara jotzen. Bestetik, egoera orokorrarekin bat, azken urteotan beste jaitsiera bat egon da erabileran. Baina ez dute amore ematen, eta zenbait proiektu abiatu dituzte problema horiei aurre egiteko. Izan ere, egiten duten horretan sinesten dute eta argi daukate zer-nolako ikasle profila nahi duten ikastetxetik irtetea. Eta erabakitasun hori emaitzetan ikusten da: eskola honetako ikasleen euskara erabilera eskualdeko batezbestekoaren gainetik dago. Bi taldeetan.
Konklusioa
Biziederreko zuzendaritza taldea oso euskaltzalea da, eta hori nabaritzen da gauzak egiteko duten moduan. Zoritxarrez, eredu hori ez dago ziurtatuta taldea aldatuz gero.
Euskararen erabilera-emaitzak, esan dugunez, ohi baino hobeak dira (jolastokian ikusi dugu horren adibidea). Dena dela, argi dago ikastetxerik eredugarrienaren euskalduntze-lana ere ez dela nahikoa bere bakarrean gaurko egoerari buelta emateko. Haur euskaldunak ez sakabanatzea eman beharreko gutxieneko pausoa da, baina beste aldaketa asko behar dira, eskolan zein eskolatik kanpo, eta batik bat erakundeei dagokie horiek bideratzea. Horren haritik, erabakigarria da aisialdia orokorrean euskaratzea, bereziki pantailen bidez kontsumitzen dena, ahaztu gabe herriko hizkuntz paisaiak eta helduen hizkuntz jokabideak duten garrantzia.
Bestalde, Bizieder eskolaren lan egiteko moduak egoera eta kasu espezifiko bati erantzuten diola kontuan izanik, komeni da tokian-tokian eta unean-unean aztertzea zeintzuk diren eskolan euskararen erabilera nagusitu dadin hartu beharreko neurri zehatzak. Adibidez, hainbatetan ideia ona izan liteke gaztelania (Hegoaldean) edo frantsesa (Iparraldean) ama hizkuntza ez duten umeak euskara erabiltzeko joera dutenekin elkartzea, integrazioa eta inklusioa euskaraz sustatze aldera.
Azkenik, argitu behar dugu “Bizieder” eskola ez dela existitzen. Halere, egiazko ikastetxe bat ezkutatzen da fikziozko izen horren atzean. Eskolaren benetako izena ez zabaltzeko eskatu digute, presioen eta erasoen beldurrez. Tamalez, euren haurren euskaraz egiteko eskubidearen alde egiteagatik gorriak ikusi dituzten pertsona asko ezagutu ditugu bidean, eta guk geuk ere eraso gogorrak pairatu ditugu ume euskaldunak sakabanatu ez daitezela defendatzeagatik.
Bizieder guztiak bezala, Arnas Dezagun taldeko gurasook haurren arteko harremanen berdintasunaren eta integrazioaren erabat alde gaude, baina euskaratik eta euskaraz. Euskara ume guztientzat nahi dugu, gure herrian gure seme-alaben euskalduntasuna betiere errespetatzen eta bermatzen delarik.
Haur euskaldunak sakabanatzen ez dituen eskola
Interesgarria, zein da herria?
Dana asmatu duzue zuen diskurtsoa elikatzeko. Eskolaren izena esan gabe, herriaren izena bota dezakezue, esaten duzuena egia den jakiteko eta era berean, informazioa bere osotasunean emateko. Norbaitek galdetu dizue, interesa duelakoan eta ixil-ixil zaudete, erantzuna argia da: errealitate hori ez da existitzen.
Akusazio itsusi “samarra” da hori, “Ainhoa”.
Ez dugu ezer asmatu. Den dena da egia. Ikastetxeko arduradunek gure taldeko bi ordezkariri aurrez aurreko bilera batean azaldua.
Azalpenekin batera, eskolaren benetako izena ez zabaltzeko eskatu ziguten, presioen eta erasoen beldur, artikuluan azaldu dugunez.
Azalpen gehiago behar badituzu, idatzi arnasdezagun@ni.eus emailera, zeure egiazko izen abizenekin, eta emango dizugu informazio zehatzagoa.
Neuk horrelako ikastetxe ezagutzen dut Bizkaian, eta ez hain herri txiki batean. Nere senitarteko baten alabak bertan ikasten du eta antzeko metodologia dute. Duela gutxi Twitterren ezker “soberanista”-ren inguruan dabilen politikari batek ume euskaldunak talde berean elkartzen zituen Bilboko ikastetxe bat aipatu zuen, gero kritikatzeko. Beraz hemen azaltzen denak ez dirudi asmatutakoa, ezta salatutako kritika latzak ere, duela egun batzuk politikari horrek erakutsi zuen moduan.
Neuk ere ez dut ezagutzen dudan ikastetxeko informaziorik emango, suge gorriak etxean baititugu eta honelako tokiak babestu behar ditugu. Horretaraino iritsi behar izan ere!
Etnozidio bat ari da gertatzen herri honetan eta Ainhoak zer eskatuko eta etnozidioaren kontra ari direnen izen-deiturak!!!!
Etnozida espainolen izenak eskatzea ez ote da naturalagoa?
Ez, hemen euskararen kontra ari direnek dute giderra eskutik aspaldixkotik
Aupa, Kalamardo. Guk bai jakin nahiko genuke soberanisten bueltako politikari horrek zer esan zuen zehazki. Badakizu non aurki dezakegun? Nahiago baduzu, gure helbidera idatzi ahal diguzu. Eskerrik asko!
2021ean, Ondarroako Txomin Agirre ikastolan DBH 1eko tutorea nintzen. 25 bat inguruko nire ikasleen artean, 3 nerabeen ama-hizkuntza gaztelania zen. Harritu ninduen, sasoi hartan eta Ondarroan! Irakasle beterano batek 3 ikasle horiek bata bestetik urrun ipintzea eskatu zidanean. Izan ere 3 ikasle horiek elkartuta zeudenean gaztelaniaz hitz egiten zuten eta ohartu gabe, gainerako gelakideak gaztelaniara “pasatzen” ziren. Eta hori Ondarroan pasatzen zen, garai hartako herri euskaldunenetako batean.
Jakina, Txomin Agirreko kontua, era “extraofizial”ean egiten zen, inori ezer esan gabe.
2021an?
Ene! Ez, barkatu. 2001an.
“Komeni da tokian-tokian eta unean-unean aztertzea zeintzuk diren eskolan euskararen erabilera nagusitu dadin hartu beharreko neurri zehatzak” oso ausnarketa ona.
Ezin dira irizpide berdinekin errealitate oso ezberdinetan bizi diren eskolak / ikastolak kudeatu. Emaitzak guztiz ezberdinak dira eta.
Gabon, Aitor:
Zerorrek igorritako mezua ez da sinesgarria inondik ere. Ez dakizu mugagabea erabiltzen, datak oker idazten dituzu, erderakadak, komarik ez, galdegaia, zer da galdegaia? Bata bestetik….. Ipini. Boa, ezta.. eta hori guzia 2021ean. Nahiago dut ez pentsatu zer euskara maila zenuen zuk 2001ean Ondarroa batean, izan ere, bizkaierazko ukittu niminoena ere ez du zure iruzkinak. Gezurra erabatekoa.
Tza atzizkia plurala dakar berekin. Emaitza hauek dira.
Eta “dakar” hitzak ergatiboa: atzizkiaK, Nagore.