Haur eskolak euskaraz auzo guztietan!

Haur eskolak euskaraz auzo guztietan! –

Iruñeko Euskalgintza: AEK, AET, EHE, ELA, IKA, LAB, STEILAS, Sortzen

Amaia Razquinek eta Iker Mundiñanok hartu dute hitza Iruñeko euskalgintzaren izenean. Razquin hasi da euskalgintzatik sortu duten bideoan agertzen diren hainbat familien adierazpenen laburpenarekin:

Leire Arrateren etxean euskaraz bizi dira, inguru euskalduna izan du beti. Iruñera etorri zenean argi zuen halako ingurunea nahi zuela beraien seme alabentzat. Baina ezin izan zuen, bera bizi den lekutik oso urrun dagoelako euskarazko murgiltze eredua duen eskola, eta egunerokoan jasanezina egiten zaielako joan-etorria.

Idoiak ez zuen euskara ikasteko aukerarik izan txikitan, baina argi zuen alaba euskarazko ereduan matrikulatu nahi zuela, izan ere, ate asko irekitzen ditu hizkuntzak. Zoritxarrez, matrikula egiteko garaia iritsi zenean, ohartu zen ez zuela ez auzoan ez ondoan euskarazko murgiltze ereduan matrikulatzeko aukerarik, eta gaztelerazkoan matrikulatu behar izan zuen.

Josuk bikiak ditu, eta Donibaneko haur eskolan matrikulatu ditu kontziliazioagatik eta gertutasunagatik. Iaz, Donibaneko haur eskola euskaraz izan zedin mobilizatu zen, uste baitu murgiltze eredua eta beraien bikien zein familia guztien haurren eskubideak bermatuak izan behar direla.

Vera Lucia Perutik etorri eta euskarazko hezkuntzaren aldeko apustua egin zuen. Perun Quechua eta Aimara hizkuntzak galtzen ari dira, eta beraiek ez dute hori gertatzea nahi euskararekin. Haien semea murgiltze ereduan matrikulatu dute, integratzeko, elkarbizitzarako. Baina, horretarako, sekulako ahalegina egin behar dute astelehenetik ostiralera. Zabalgunean bizi dira, eta egunero Iruñea zeharkatu behar dute Txantrean dagoen eskolara iristeko, horrek suposatzen duen estres eta ezinegonarekin.

Haur eskolak euskaraz auzo guztietan!Lau testigantza. Lau familia horien errealitatea zenbat etxeetan bizi dute? Zenbat oztopo eta ezintasun euskarazko murgiltze ereduan matrikulatzeko. Zenbat familien amets, gogo, ilusio eta eskubide alboratuak urtetik urtera. Zergatik? Zergatik desberdintasun hori? Zergatik bazterketa hori? Zergatik zigor hori? Galderak egin ditu Razquinek.

Bada garaia auziari irtenbidea emateko, jarraitu du Iker Mundiñanok. Udalaren betebeharra eta ardura da Iruñeko biztanleen eskubideak bermatzea. Baina ez hori bakarrik, gizarte kohesioa eta elkarbizitza bermatu behar ditu Udalak. Belaunaldi berriei euskara ezagutzeko aukera eman behar zaie. Iruñean dugun egoera diglosikoa aintzat hartuta, murgiltze eredua da bidea, zeinak hizkuntza gutxitua lehenetsiko duen. Ikerketa guztiek argi utzi dute elebitasuna eta eleaniztasuna bermatzen dituela murgiltze ereduak.

Euskararen ordenantzak hala jasotzen du bere 26. artikuluan:

“Haur Eskolak hedatzeko plan orokorraren barruan, euskarazko haur irakaskuntzarako eskaerak aintzat hartuko dira, ahal den modurik hoberenean bermatuz gurasoek euren seme-alabendako hizkuntz eredua hautatzeko duten eskubidea”.

Zentsura mozioa aurkeztu zenetik 334 egun pasa dira. Ia urte bat politika aurrerakoiak egiteko asmoa duen udal gobernuarekin. Aurreko ikasturtean haur eskolen aferan mugimenduak egiteko tarte gutxi zutela jakitun dira euskalgintzako kideak, UPNk dena bideratua utzi baitzuen, eta matrikulazioa gainean baitzuten.

Gai izanen dira egungo agintariak UPNk egiten zuen politika gris hori bera egiteko?

Akordio programatikoan haur eskolen afera sartu zuten, Euskalgintzek suposatzen du konponbidea bilatzeko helburuarekin. Joseba Asiron Alkate Jaunak ere, adierazpenak egin zituen erranez auzo guztietan bermatuko zela euskaraz ikasteko aukera.

Urteak daramatzate mobilizatzen, eta halaxe jarraitu behar dute, zoritxarrez, 2024. urtean gehitu du Mundiñanok. Izan ere, agerian geratu den moduan, ez dago euskaraz ikasteko aukerarik Iruñeko auzo guztietan.

Arduradun politikoak aldatzen badira ere, eskolen egoeran ez da halakorik, edo are, atzera egin dugu. Auzo askotan ez dago euskarazko eskaintzarik eta murgiltze giroan haur eskola bakarra dugu (UPNrekin bi ziren). Horretaz gain, bi adarreko sei haur eskola sortu badira ere, ez dute euskalduntzekoa ziurtatzen. Egia da orain urte batzuk egoera hobetu zela, baina legegintzaldi bakarra iraun zuen. Eta haurren hezkuntza ezin da aginduko duenaren nahien araberakoa izan.

Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da. EH Bildu, PSN-PSOE, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdiei, alegia, gehiengoari, eskatu nahi diegu irtenbidea adosteko. PP eta UPNri adierazi nahi diegu ez dezatela zangotrabarik jarri, behingoz, Iruñeko auzo guztietan Haur Eskola euskaraz jartzeko modua adostu dezaten.

Horregatik, abenduaren 11n manifestazioa egingo du Iruñeko Euskalgintzak. Iruñea eta Iruñerriko jendea 17:30ean beraiekin batera mobilizatzera deitu dute, aldarrikapenei aurpegia jartzeko. Parlamentuaren paretik abiatuko dira.

Haur eskolak euskaraz auzo guztietan!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude