Haur eskolak euskaraz
Haur eskolak euskaraz –
Iruñeko Udalak, administrazio publiko bezala, Eskualde mailako edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutunaren printzipioei jarraitu beharko lioke. Horrela, beraz, Udalak eskaintzen dituen heziketa zerbitzuetan, eta, hortaz, haur eskoletan, ondorengo helburuetara bideratu beharko lituzke bere erabaki eta praktikak, neurri eta baliabide egokiak eskainiz:
- Euskara sustatzeko benetako ekintzak burutzea berau babesteko asmoz.
- Euskara maila guztietan irakatsi eta ikertzeko baliabideak eskaintzea.
- Euskaraz hitz egiten ez dakitenek ikasi ahal izateko baliabideak jartzea.
Haur eskolen kasuan ere euskarazko irakaskuntza eta zerbitzuek neurri bereziak behar dituzte. Horregatik, hain zuzen ere, Europako Gutunak dioenari erreparatu behar diogu. Bertan azaltzen den moduan, ez da hartuko hizkuntza hedatuenen hiztunekiko diskriminaziotzat eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen aldeko neurri bereziak sustatzea; hala nola euskal hiztunen eta gainerako herritarren arteko berdintasuna bultzatzea eta hiztun horien egoera bereziak kontuan hartzea.
Haur eskolak haurren heziketari lotutako zerbitzuak izaki, neurriak hartzea justiziazkoa da. Zalantzarik gabe, Iruñeko etorkizuneko herritarrak euskaraz ere bizi ahalko direla bermatzeko ezinbesteko oinarrizko zutabea.
Beraz, Iruñean euskara ofiziala ez izan arren, ulertzen dugu Eurogutunaren noranzkoan neurriak hartzeko betebeharra duela Udalak. Euskararen irakaskuntza sustatzeko bidea urratu behar du; baita beraien txikiak euskaraz ikastea nahi duten familiek hizkuntza hegemonikoekiko dauden baldintzak baino okerragoak ez izatekoa ere. Sustapen eta ekitate neurriak behar ditu euskarazko irakaskuntzak. Horretan, ezinbestekoa deritzogu bermatzea auzo guztietako haur eskoletan euskarazko murgiltze eredua eskaintzea.
Eta orain, 2027ra arte Haurtzaroaren Hiri Lagun gisa dugun konpromisoa berritu dugunez, haurren hizkuntza-eskubideez hitz egiteko garaia da. Euskaraz ikasi nahi duten haurren zaurgarritasuna, estresa eta tratu desberdina kontuan hartzeko garaia, Iruñeko berezko hizkuntza baita. Hitz egin dezagun Hiri Lagun gisa hartuko ditugun neurriei buruz. Haur guztiak berdintzat jotzen ditugun ala ez.
Zertan gara desberdinak? Noiz arte jarraituko dute Iruñean agintzen duten alderdi politikoek gure hizkuntza murrizteko jarrerak eta neurriak legitimatzen? Noiz arte jarraituko dugu bigarren mailako herritar izaten?
Nahikoa da! Erabateko berdintasuna nahi dugu!