Zirt zart, haur eskola euskaldun!
Zirt zart, haur eskola euskaldun! –
Antsoainen bizi gara. Seme-alabak euskaraz hezi nahi ditugu, baina Udalak herriko haur eskolan ez digu eredu euskaldunik eskaintzen. Umeak Iruñeko haur eskola euskaldunetara eraman behar ditugu.
Egoera honen aurrean, orain hilabete batzuk herrian haur eskola euskalduna aldarrikatzen hasi ginen. Hainbat batzar egin genituen Udalarekin eta urtarrilean gaia udalbatzara iritsi zela jakin genuen; baina horra arte. Alkateak batzarrean, haur eskolan euskal adarra abian jartzeko baldintza eta berme nahikorik ez zegoela esan eta puntua ez tratatzea erabaki zuen. Antza, haren hitzetan: eskolako hezitzaileek izan beharko luketen euskara maila ziurtatzeko zailtasunak omen dituztelako.
.
Zer ez zuen esan:
- Aurrekontuetan Udalak haur eskola euskalduna sustatzeari euro bakar bat ere ez diola eskaintzen.
- Udalak udal araudia ez duela betetzen: haur eskolako bederatzi hezitzaileetatik seik gutxienez euskara ezagutu beharko lukete.
- Haur eskolako langileen gehiengoa behin-behinekoa izanik, Udalak langile euskaldun finkoak kontratzeko lan-deialdirik egiteko asmorik ez duela.
Hortaz, alkateak esan zuenari baino esan ez zuenari erreparatuz gero, haur eskolan euskal adarrik ez zabaltzearen arrazoia politikoa dela argi eta garbi geratzen da. Udalak ez du haur eskola euskaldunaren bidean neurri eraginkorrik hartzeko borondaterik. Azken hilabeteetan gainera, instantzien bidez urratsik emango duen galdetuta, ostrukarena ere ongi egiten dakiela erakutsi digu.
Gutxietsiak, baztertuak sentitzen gara, baina jakin dezala ez dugula etsiko. Seme-alaben hizkuntza eskubideak bermatuak ikusi arte, lanean tinko jarraituko dugu.
Iaz, Iruñeko haur eskoletara seme-alabak eramateagatik, Iruñeko Udalak “kanpotarrei” ezartzen zigun kuota gehigarria Antsoaingo Udalak bere gain hartzea lortu genuen. Oraingoan, herrian haur eskola euskalduna izatea lortuko dugu!
“Zertarako da eskubidea, biderik ez badago…”
.
Nestor Esteban eta Marta Oroz
Antsoaingo gurasoak
Zirt zart, haur eskola euskaldun!
Antsoaingo alkatea Navarra Sumakoa al da?
Ez, EH Bildukoa da.