Harro hadi
Harro hadi –
Garai ilunak bizi ditu euskarak. Agian, nonork pentsa dezake garai ilunak iraganekoak izan zirela, gure hizkuntza desagertzear egon zenekoa, eta euskara gero itsaso urdin zabala bilakatu zela —kantak dioen moduan—; baina iragandako garaiak ilunagoak izan izanak ez du esan nahi oraingoak larriak ez direnik, oraingoz itsaso zabal urdinik ez gure mintzairarentzat. Guk, gazteok, ez genuen gure hizkuntza desagertzear egon zenekoa bizi izan, egia da; hala ere, gaur ukaezina zaigu gure begiekin irakurri eta gure belarriekin entzuten duguna: erdara, erdarak non-nahi eta euskara soilik nonbait.
Gauzak berean, euskaldunok, hots, euskaraz jakin eta euskaraz bizi —edo uzten diguten neurrian euskaraz bizi garenok—, gero eta txikiagoa izango den komunitate minoritario batean biziraungo dugu, biziraupen horren berme gabe batek jakin noiz arte. Berme bakarra Euskararen Errepublika izango da, independentzia; dependentziak ez digu benetako bermerik eskaintzen ezta eskainiko ere; historiak hala erakutsi digu. Guk ez dugu nahi Erdal Herrian minoria izan, guk euskara Euskal Herriko hizkuntza izatea nahi dugu, hau da: hegemonikoa, printzipala eta nagusia, bere lurraldean beharrezkoa dena. Txillardegik esan zigunez, hizkuntza bat bere lurraldean ez bada beharrezkoa, jai du.
Ez da nahikoa lerro hauekin ados egotea, oxala nahikoa balitz. Zure laguntza ere behar dugu, borroka berpizteko eta bizi dugun zapalkuntzaren kateak astinduz hauek agerian uzteko.
Zorionez, euskaldun askok badugu egoeraren kontzientzia, bada euskararen borrokaren sua berpizteko herria, gure betebeharra ozen eta argi euskararen aldarria lau haizeetara zabaltzea da, beldurrik gabe eta berandu baino lehen. Argi esanez elebitasun orekatuak ez duela aukera askatasuna ahalbidetzen, elebitasun orekatu instituzionala fartsa hutsa dela, zapalduen historiak erakusten digu zapalkuntzapean ustezko askatasuna zapaltzaileen askatasuna besterik ez dela.
Lehenengo Harrotze Astea amaituta, Donostiako euskaldunon kontzientziak zerbait astintzea lortu dugulakoan gaude, erasotzaileak argi seinalatuz eta normalizatu den egoera normala ez dela salatuz. Ez da nahikoa, ordea, lerro hauekin ados egotea, oxala nahikoa balitz. Zure laguntza ere behar dugu, borroka berpizteko eta bizi dugun zapalkuntzaren kateak astinduz hauek agerian uzteko. Donostiako Euskal Herrian Euskarazetik gugana batzera deitzen zaitugu, gaur, atzo lez, hire indarraren beharra diagu gure indarrarekin batera.
Igor Lozano Lazkano