Hang Zhou
Hang Zhou –
Valle izeneko adiskide madrildar baina Alemaniako Düsseldorf hirian bizi denak ez zidan sinistu nahi esaten nioenean euskarak bizi duen agonia laster hilko den ebidentzia baino ez dela, eta denbora laburrean hil kanpaiak entzungo genituela, euskararen heriotza egiaztatuz. Euskararen iraganaren, orainaren eta balizko etorkizunaren gainean zekien bakarra nire ahotik entzundako informazioa baino ez zen. Hau da, nik azal niezaiokeenaren araberako irizpidea zuen berak. Hots, nik kontatutako errealitate subjektiboaren irudia egin zezakeen berak bere buruan, eta nik esandako konfirmatu, besterik gabe. Nire iritzia itsu-itsuan sinetsita, Vallek ondorio garbi bat baino ezingo zuen atera, hots, euskara azken hatsa emateko hurren zegoela eta lur planetatik beste hizkuntza gutxitu eta baztertu bat desagertu zen berria zabalduko zutela munduko hizkuntza boteretsuenek. Hizkuntzalari jatorren tamalerako ezbeharra baino ez zen izango milaka urtean iraun duen hizkuntza baten desagerpena egiaztatzea. Edo pozik jarriko ziren, nork jakin, ezen paleontologia linguistikoan adur-jario jartzea atsegin duten ikerlariek beste aztarnategi linguistiko bat izango zuten “El pais que no existe de los que fueron vascos”, hizkuntza galdu berriaren bilakaera zein izan den aztertu eta ondorio argigarriak atera ditzaten.
Baina Vallek esan eta berresaten zidan hainbeste mendetan biziraun duen hizkuntza ezin dela desagertu ezta galdu ere, historian zehar bizirauteko nozitu izan dituen eragozpenak gainditzeko beste indar izan badu, eta litekeena dela, nik azaltzen nion errealitate linguistikoa hori izanik ere, beste hainbeste mende bizirautea, euskaldunon ospe txarrari eutsiko baikenion, alegia, buru gogor izateari. Eta litekeena dela lortu nahi duguna lortu arte amorerik ez ematea. Edo, bestela, esan zidan, nik eman nion informazioa ez zela batere egiazkoa, botila erdi hutsik ikusten nuela, eta nire ezkortasun horrek kalte gehiago egiten diola euskararen biziraupenari, euskarak bidean gal ditzakeen hiztun gutxi-asko batzuen zoritxarrari baino.
Gaur afaritara atera gara gure herrian dagoen jatetxe txinatarrera. Ez da beteta egon, pandemiak jarritako murrizketen ondorioak nabaritu ditugu behinola gainezka egoten zen jatetxean.
Hogei bat lagun izan gara bertan afaltzen. Gugandik hurrera, hogei-hogeita bost urte bitarteko zortzi mutil gazte, txinatarren kutiziak ahogozatzen bi mahaitan banatuta. Harago, adinkide izan daitezkeen beste zazpi mutil gazte, mahai biribil baten inguruan hitz eta pitz, txinatar entsalada eta hiru gutiziatako arroza dastatzen. Eta mintzoan, euskara, bai batak, bai besteak.
Eskerrik asko, Valle, pentsatu dut, Hang Zhou jatetxea da Gernikan dugun txina-town txiki honetako euskararen territorio libre bakarra.
Hang Zhou
Ezustekoren bat edo beste topatzen da noizbehinka. HorrelKoetan, zuzen-zuzenean gldetzen ez badiet, azkure bat izaten dut bihotzean: zein herritakoak ote? Noren amaren seme ote dira? Oraindik ere guraso-guraso euskaldunik gelditzen da nonbait. Oraindik ere etxe bakarren batzuetan haurrak ez dira tirano ttiki-Haundiak
Neguko lore ote dira?