Gure jainko txikiak
Gure jainko txikiak –
Iñigo Callejak Uriola agerkarian.
Zuetako asko bezala, igandean hunkituta Korrikaren amaiera ikusi dut. Beste behin ere, euskaldunon indar erakustaldia itzela izan da. Pantaila bidez izan bada ere, Donostian bizitako zirrara eta ilusioa Dublinera ere iritsi zait.
Karmele Jaiok ondutako eta Euskal Herri osotik igarotako idatziari buruz hitz egin nahiko nuke gaur. Bere speechean, hainbat gogai bildu zituen, gehienbat euren artean kontrajarriak. Horietako bat hau: “Influencer eta youtuberren aroan izan ditzagun guk bestelako jainko txiki inspiratzaileak”. Jarraian, Pello Zabala, Juan Mari Torrealdai eta beste batzuk aipatuz. Nolabait esanez inspiratzaile eta influencer terminoak uztargarriak ez direla.
Jakina da jainkotxo hauek euskararen alde lan eskerga egin dutela, eta gaur egun horien ekarpenik gabe, ziurrenik, gure hizkuntzaren egoera ataka larriagoan legokeela. Ados. Baina horrek ez du esan nahi, inondik inora ere, influencerrak jende askok uste duen milenial sasijakintsu txolin ospe-goseak direnik.
Hitzok, noski, hautsak harrotu ditu sarean. Eztabaida Twitterren piztu da Aiora (@probatxoa) youtuberrak idazlearen adierazpenok gaitzetsi dituenean. Aiorak saretutakoa, Pantailak Euskaraz plataformak aspalditik salatzen ari da. Ezer berririk ez. Egunean ordu mordoxka ematen dugu pantailen aurrean, eta kuantitatiboki euskaraz dagoen edukia negargarria da. Egin kontu: euskaraz, gehienbat edo guztiz, astero (gutxienez) ikus-entzunezko edukia sortzen duten zenbat youtuber, instagramer, twitcher, tiktoker ezagutzen dituzu? Nik esku bateko atzamarrekin aski. Eta zuk?
Egun berean Jaiok barkamena eskatu zion youtuberrari azalduz influencerren garaia idazterakoan “azaleko mezuak” zabaltzen dituztenak gogoan zerabiltzala. Egongo ahal dira sarean azaleko mezuak euskaraz behingoz sortzen dutenak! Irudipena dut nahi dugula beti euskaraz mami askoko eduki sakona eta landua kontsumitu eta hein batean ulergarria da. Bale. Baina ez al dugu ba erdipurdiko bideoak, memeak eta iragarkiak ERE etengabe ikusten erdaraz? Euskal komunitate zerutiar eta aratz batekiko ametsak ez al gaitu ba galbidera eramango? Euskaraz gain ezagutzen dituzuen gainontzeko hizkuntzetan ez duzue tarteka zabor digitalik irensten ala? Ba horixe.
Euskarak behar du bere lekua sarean, ziurrenik bere etorkizuna neurri handi batean bertan erabakiko delako. Erdarek janda bizi gara gure jainko txiki zahar horiek miretsiz eta balizko etorkizunekoei bizkarra emanda. Elkarri mokoka ibili ordez, hobe genuke zubiak eraiki eta ez euskal erreferenteak lehenengo eta bigarren mailako sailkatu. Hain zuzen ere, etorkizuneko Mauriziei herriko plazak betetzeaz gain, sareko plaza birtualak ere betetzea egokituko zaielako.