Gure hizkuntzen aldeko manifestua
Gure hizkuntzen aldeko manifestua –
Mamu bat dabil Frantzian barrena: eleaniztasunaren mamua. Estatu jakobinoa, ofizialki elebakarra, ezbaian jartzen ari dira gero eta herritar gehiago. 2019ko azaroaren 30ean, Parisen, Pour que vivent nos langues taldea (Gure hizkuntzak bizi daitezen) aurkeztu zen, Hexagonoko mintzaira guztien aldeko elkarteek sostengaturik.
Aurten, maiatzaren 29an, Konstituzio Kontseiluak Molac legearenmamia indargabetu ondoren, manifestazioak izan dira berezko mintzaira duten Frantziako antzinako probintzia guztietan kasuan kasuko hizkuntza-murgiltzearen alde. Bretainian eta Euskal Herrian bereziki arrakastatsuak izan dira.
Datu zehatzak ematea zinez zaila bada ere, badirudi, judu eta ijitoen mintzairak alde batera utzirik, gaur egun 1.600.000 pertsona inguruk hitz egin ohi dutela Frantzia metropolitarreko eremu urriko zortzi hizkuntzetako bat: frankoproventzera (edo arpitaniera), okzitaniera (gaskoia barne), katalana, korsikera (eta beste italiar dialektoak), alsaziera (eta beste aleman dialektoak), flandriera, bretoia eta euskara. Alegia, bizilagunen %2,5ek (konparazio batera, Espainian eremu urriko hizkuntzen ohiko erabiltzaileak bizilagunen %19 inguru dira). Duela berrehun urte Frantziako herritarren %40 baino gehiagok hitz egiten zuten gure hizkuntzetako bat. Beheranzko joera, gero eta azkarrago doana, begi bistakoa da. Gainera, Iraultza baino lehen mintzaira horietako gehienak zein bere lurraldean nagusi ziren arren, gaur bakarra ere ez da.
Eskura dauzkadan zenbaki gordin baina errealisten arabera, soilik alsaziarren %34k, korsikarren %21ek, euskal herritarren %8k, bretoien %4,4k, okzitaniarren %3,6k, katalanen %2,5ek, flandriarren %1,7k eta arpitaniarren %1,2k hitz egiten dituzte mintzaira horiek egunero. Ziriari zotza, hiztunak zaharrak izaten dira. Gure hizkuntza batzuk belaunaldi bakar batean desagertzeko arrisku larrian daude.
Ezkorrak izateko arrazoi anitz badira, baina, haiekin batean, azken hamarkadetan eginiko aitzina-urratsak ezin uka. 1951n Deixonne legea onartu zen. Horren arabera, okzitanierari, bretoiari, katalanari eta euskarari sarbidea eman zitzaien eskolan. Garai hartan korsikera, alsaziera eta flandriera atzerriko (Alemaniako, Italiako eta Belgikako) mintzairatzat hartuak ziren eta sarbide hori ukatu zitzaien hasiera batean. Frankoproventzera ez zen mintzairatzat hartu ere. Iragan mendearen bukaeratik aitzina, gure hizkuntzen bulego ofizialak sortuz joan dira: alsazierarena 1994an (Elsassisches Sprochàmt), euskararena 2004an (Euskararen Erakunde Publikoa), bretoiarena 2010ean (Ofis Publik ar Brezhoneg), okzitanierarena 2015ean (Ofici Public de la Lenga Occitana), katalanarena 2016an (Oficina Pública de la Llengua Catalana) eta flandrierarena 2018an (Puublyke Office van’t West-Vlamsch). 2012an Korsikeraren Kontseilua (Cunsigliu di a Lingua Corsa) abiarazi zuen Korsikako Biltzarrak, mintzaira horrek estatus berezi bat baitu uhartean, maila sinbolikoan behintzat. Ofiço Public de la Lengoua Arpetana baizik ez da falta. Bestaldetik, Frantziako eskualde eta departamendu batzuek nolabaiteko aitorpena eman diete tokian-tokian hitz egiten diren mintzairei, beraz, gure hizkuntza guztiek babes instituzionala badute, oso ahula izanik ere.
Erakundeen aldetik zuzenketa nabarmena izan da azken bolada honetan. Hala ere, ez da ez eta hurrik eman ere aski, linguizidioa geldiaraziko bada. Hori saihesteko bidea ez da erraza izanen. Frantziak 1999an izenpetu zuen Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna, baina ez du inoiz berretsi. Molac legearen inguruko erabakia ikusirik, bistan da gutuna berretsi ez ezik, Konstituzioko bigarren artikulua aldatu ere egin beharko dela, horren arabera frantsesa baita Errepublikako mintzaira bakarra. Aldatzen ez deino, frantsesa ez beste mintzaira batean murgiltzea debeku izanen da hezkuntza sistema publikoan. Gogokoa izan edo ez, Espainiarekiko aldea aipatzea nahitaezkoa da.