Guraso euskaldunak, antolatu gaitezen!
Guraso euskaldunak antolatu gaitezen! –
Guraso euskaldunen antolaketaren beharraz eta komenigarritasunaz jardungo naiz artikulu honetan. Eta amaierara itxaron gabe, azken ondorioa aurreratuko dizuet: guraso aktiboak dauden ikastetxeetan, Gurasoen Euskara Batzorde antolatu bat, edo gutxienez, gaiaren inguruan lanean ari den talde egonkor bat dagoenean, haurren euskalduntze-prozesua eta ikastetxe barruko eta kanpoko euskararen erabilera modu nabarmenagoan sustatzen dira.
Itzulingururik gabe, horixe da planteatzen dizuedana: zuen eskolan, ikastolan edo ikastetxean guraso euskaldunak batzorde edo talde egonkor batean antolatzea, eta horrelako egituraren bat baldin badago, berau indartzea.
Gurasoen parte hartzea
Ikastetxe moten arabera, antolaketa moduak askotarikoak izan arren, eta gurasoen partaidetza bideratzeko egiturak era askotakoak izan arren, kasu guztietan, gurasoen dinamismo-mailak eragin handia du ikastetxearen funtzionamenduan, eskola-komunitatearen barne-trinkotze eta autoestimuan, eta batez ere, haurrek hezkuntza komunitatearekiko eta ikasketa prozesuarekiko garatzen duten pertzepzioan.
Gurasoen inplikazioa, etxean ez ezik, ikastetxeko barne-bizitzaren esparru gehienetan ere gauzatu daiteke, eta gauzatu beharko litzateke. Baina, gu, hizkuntza kontuetara mugatzen garenez, parte hartze hori, euskararen gaian nolakoa izan daitekeen azaltzen ahaleginduko naiz.
Euskal Herri osoko hamaika ikastetxerekin izandako harremanen ondorioz, euskararen gaia jorratzeko gurasoen artean aurkitu ditudan antolamendu-motak hiru taldetan sailkatuko nituzke:
a) Euskara Batzorde autonomoak:
Guraso Elkartearen, Artezkaritza Kontseiluaren edo Zuzendaritza Batzordearen azpibatzordeak izan daitezke, edo Batzorde autonomo gisa funtzionatu. Edonola ere, iraunkorki elkartzen dira, talde finkoa osatzen dute eta kasu batzuetan arduradun izendatuak ere badituzte.
b) Euskara arduradunak:
Ofizialki hala izendatuak izan ala ez, guraso hauek dira euskararen gaiaz arduratzen direnak, Guraso Elkartearen, Artezkaritza Kontseiluaren edo Zuzendaritza Batzordearen partaide gisa batzuetan, baina ez beti.
c) Antolamendu finkorik gabeko taldeak:
Ekintza konkretuak antolatzeko, edo momentu jakin batzuetan, ekimen zehatzak aurrera eramateko elkartzen diren gurasoak dira, baina jarraikortasunik gabeko taldeak dira. Ikastetxean antolatzen diren hainbat ekimenetako laguntzaile puntualak, beste era batera esanda.
Eta badira, noski, egoera okerragoan daudenak, eta euskararen biziberritzearen inguruko gurasoen antolaketa minimorik ere ez duten ikastetxeak.
Seme-alaben eta ikastetxeko haurren euskalduntze-prozesuaz kezkatuta dauden eta gaiari ilusioz helduko dioten gurasoak elkartzea lehenengo urratsa da talde iraunkor bat sortzeko. Hori bi eratara egin daiteke:
- Zuzendaritzatik boluntarioak eskatuz, eta taldea osatuz.
- Edo kezka eta ilusio hori duten gurasoen artean egitura finko bat sortuz, ondoren, ikastetxeko organigraman txertatzeko, eragozpenik ez dagoen kasuetan, behintzat.
Gurasoen Euskara Batzordeen garrantzia
Hasteko, esango nuke, gurasoen artean Euskara Batzorde edo talde bat antolatzeak berak adierazten duela Hezkuntza komunitate osoaren aurrean, gaiari garrantzia ematen zaiola, eta hizkuntzaren sustapena ikastetxearen erronken eta helburu nagusien artean dagoela.
Talde edo batzorde hauek, ikastetxeek euskara biziberritzeko aurrera daramaten lanaren sustatzaile eta babesle bilakatzen dira, beren ekarpenak egiteko edo iritziak eta kritikak planteatzeko, ohiko barne-prozedurak erabil ditzaketelarik.
Gurasoen Batzordeen funtziorik nagusienak, beste gurasoak euskararen inguruan egiten ari den lanari buruz informatzea, eskoletako hizkuntza-aniztasunaren inguruko lanketaz kontzientziatzea eta motibatzea, eta prozesu honetan parte aktibo bihurtzea izango lirateke.
Gurasoei begira, bestalde, komeni da, seme-alaben hizkuntzaren ikasketaren inguruan izan ditzaketen zalantzak argitzea, guraso tipologia bakoitzak izan beharko lukeen jokamoldea iradokitzea edo haurren inguruan euskararen erabilera nola bermatu daitekeen azaltzea (familietan euskaldunak egon ala ez): etxeko lanetan nola lagundu, familietan hizkuntzekin nola jokatu, etab.
Horrelako Batzorde bat, irakasleen lanarentzat ere babes eta helduleku garrantzitsua da. Modu horretan, geletako lanak, geletatik kanpo ere jarraipena izango lukeelako, eta ez liratekeelako bakarrik sentituko langintza honetan; ezta sor litezkeen arazoen edo kontrako jarreren aurrean ere.
Ezin dugu ahaztu, euskal irakaskuntzan egin den lana erraldoia izan, eta munduan zehar beste hizkuntza gutxituentzat erreferentzia ezinbestekoa izan arren, bultzada indartsua behar dugula, aurrean ditugun erronka berriei modu eraginkorrean erantzuteko: etorri berrien integrazio sozial eta linguistikoa, ikasleen hizkuntza-maila egokia bermatzea, ikasleak euskal hiztun aktibo bilakatzea… Egoera, testuingurua eta ikasleen tipologia soziolinguistikoak aldatu egin zaizkigu eta hezkuntzak ere asmatu behar du egoera berrira egokitzen. Orain arte erabili ditugun metodologiak berrikusi eta egokitzeko premia begi-bistakoa da, behar berriek baliabideen egokitzapena eskatzen dute, eta baita irakaskuntza bideratzeko baldintza egokiak ere ikasleentzat nahiz irakasleentzat. Testuinguru honetan, gurasoan antolatuta egotea sekulako laguntza gerta liteke.
Azken batean, galdera honi erantzun beharko diogu: nola lortu hizkuntza gutxitu baten normalizazioa, migrazio-mugimenduek, aurrerapen teknologikoek eta pentsaera eta bizimodu-aldaketek geletara eta etxeetara ekarri duten errealitate berriaren testuinguruan? Ez daukagu erantzun zehatzik galdera horrentzat. Ez dago ez hagaxka magikorik, ez erreferentzia argirik munduko beste hizkuntza gutxituen artean. Erantzuna eraikitzen joan beharko dugu guztion artean, eta uste dut hori izango dela hurrengo belaunaldiaren erronkarik handienetako bat. Ikasle, irakasle nahiz gurasoen belaunaldi berriarena.
Eta guzti hau, noski, helburu nagusi bati begira, hau da, haurren arteko euskararen aldeko jarrerak eta hizkuntzaren erabilera bultzatzea.
Zer egin dezakete gurasoek?
Antolatutako guraso euskaldunak erreferentzia praktikoa izan daitezke beste gurasoentzat, euskaldunak nahiz erdaldunak izan. Horretarako, garrantzitsua litzateke, haien praktika linguistikoa eredugarria izatea, Euskaraldian zabaldu diren hizkuntza-erabilerarako irizpideak praktikara eramanez:
- Euskaldunekin euskaraz.
- Lehen hitza beti euskaraz.
- Mintzakideak ulertzen duen neurrian euskarari eutsi.
- Euskara ez dakitenekin ere, oinarrizko hitzak euskaraz erabili.
Gunea osatzen duten gurasoek formazioa beharko balute aspektu honetan, komeniko litzateke hitzaldi edo ikastaro labur bat eskaintzea. Oinarri hau ondo finkatzea inbertsio ezin eraginkorragoa izango da ondorengo jardunbiderako.
Guraso talde honen lehen egin beharretako bat, beste guraso euskaldunek, gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egitea litzateke, horretarako egon daitezkeen oztopoak (ohitura-falta, inertziak, lotsak, ezagutza mugatua…) gainditzeko bideak eginez: bilerak, elkarrizketa indibidualak, hitzaldiak…
Guraso Batzordea edo taldea martxan jarriz gero, lehen ekintza publikoa, beronen sorrera hezkuntza-komunitate osoari jakinaraztea, helburuak ezagutzera ematea, eta dituen asmo eta ekintzen berri ematea litzateke. Ahalik eta jende gehienarengana iristea funtsezkoa da, horretarako erabiliko diren bideak eta bitartekoak ondo planifikatuz. Eta hizkuntzak nola erabiliko diren ere ondo pentsatuz. Euskara izango da ohiko erabilera hizkuntza, baina ezinbestekoa izango da, gaztelania/frantsesa edo beste hizkuntzak ere erabiltzea, beste gurasoengana iristeko. Hasieratik garbi utzi behar da Gurasoen Euskara Taldearen jarduera ez dela mugatuko guraso euskaldunetara, baizik eta hezkuntza-komunitate osoari begirako lana egingo duela, eta bereziki saiatuko dela, euskararik ez dakiten edo gutxi dakiten gurasoak ere ekimenetan eta euskararen biziberritze prozesuan inplikatzen.
Gurasoen Euskara Taldearen lana hiru esparru nagusitara bideratu daiteke
Ikastetxea bera:
- Ikastetxearen hizkuntza plangintzaren jarraipena.
- Udalarekiko edo beste erakundeekiko harremanak: elkarlana, baliabideen edo beharren inguruko eskakizunak…
- Aldarrikapen-ekintzak, ikastetxeak edo ikasleek izan ditzaketen beharrak ez badaude behar bezala estalita.
Ikasleak:
- Ikasleei zuzenduriko ekintzak, eskola orduz kanpo.
- Ikasleei zuzenduriko mezuak eta proposamenak.
Gurasoak:
- Gurasoei eta familiei begira antolaturiko komunikazio-ekintzak eta era guztietako jarduerak eta ekintzak.
Antolatu daitezkeen jarduera eta ekintzen adibide batzuk eskainiko ditugu ondoren, pista modura, jakinik, ikastetxe, herri eta zonalde bakoitza berezia dela, eta bakoitzak bere egoera eta posibilitateen arabera erabaki beharko duela nondik hasi eta non jarri lehentasunak.
Ikastetxearen funtzionamenduari begira:
- Ikastetxean gurasoekiko komunikazioan erabili beharreko hizkuntza irizpideak finkatu, horretarako, gurasoen artean, hausnarketa-prozesu bat bultzatuz.
- Guraso-bileretan, batzar orokorretan, komunikazio idatzietan euskararen erabilera bermatzeko neurriak hartu.
Udalari begira:
- Herriko eskola orduz kanpoko jardueretan euskararen erabilera bermatzeko eskakizuna luzatu udalari. Aurretik, egoeraren inguruko oinarrizko azterketa egitea lagungarri gerta daiteke.
- Euskalduntze-prozesua sustatzeko dauden beharrei erantzuteko eskaerak zuzendu.
Gurasoei begira:
- Euskararen erabilera sustatzeko formazioa guraso euskaldunentzat.
- Seme-alaben euskalduntze-prozesuan zertan eta nola lagundu dezaketen azaltzeko formazioa guraso erdaldunentzat.
- Gurasoen arteko euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko, ikastetxe mailako era honetako ekinbideak gauza daitezke:
- Mintzapraktika taldeak edo bikoteak.
- Familia erdaldunetako haurren egonaldiak familia euskaldunetan (egun edo asteburu pasak).
- Oinarrizko hiztegiaren erabilera.
Astero/hamabostero oinarrizko hitz edo esaldi batzuk aukeratu eta prest dauden guraso erdaldunek ere horiek erabiltzeko konpromisoa hartu: agurrak eta diosalak, oinarrizko aginduak (etorri, hartu…), edo oinarrizko esaldiak (Zer moduz? / ondo, Eskerrik asko / Zuri…).
Gurasoei eta haurrei begira:
- Haurrentzako euskarazko kultur eskaintza sustatu eskola orduetan eta eskola orduetatik kanpo: jolasak, ipuin-kontalariak, ikuskizunak, ikastaroak, irakurketa-tailerrak, era guztietako jarduera ludikoak, aisialdi-taldeak, egonaldiak, udalekuak, sorkuntza-tailerrak, bertso edo kantu saioak…
Zer, nola, non eta norentzat antolatu, baldintza askoren baitan erabaki beharko da, baina, euskarazko eskaintza indartze aldera egiten diren ahalegin guztiak onuragarriak izango dira. - Eskola orduz kanpo haurrak elkartzen diren lekuetan (patioak, parkeak, jolastokiak…), guraso euskaldunek antolatuta eta bideratuta, guraso guztien partaidetza sustatuko duten haurrei zuzenduriko ekintza ludiko sinpleak antolatu.
- Haur txikiak izango dira gehienetan hartzaileak.Komeni da sistematikoki antolatzea berauek, hilero edo hamabostero, astegun, ordu eta leku jakinetan.
- Ekintzak euskaraz bideratzea haurrekin, baina guraso erdaldunek ere jarrai ditzaten bideak eta formulak aurkituz.
- Oinarrizko hizkuntza-irizpide hauek planteia daitezke:
- Ekintzak edo jarduerak irauten duen bitartean guraso euskaldunek euskaraz egingo dute.
- Euskaraz egiteko ohiturarik ez duten edo zailtasunak dituzten, baina egin dezaketen gurasoek, denbora horretan euskaraz egitera konprometituko dira.
- Ez dakitenak saiatuko dira hitz batzuk euskaraz esaten, haurrek ikus dezaten guraso guztiak inplikatuta daudela haien euskalduntze prozesuan.
- Ekintzen inguruko informazioa, erabiliko diren hitzak edo abestiak aurretik itzulita emango zaizkie guraso erdaldunei ekintzak jarraitu ahal izan ditzaten.
- Gurasoek era honetako ekintzak antolatu ditzakete:
- Haurrentzako kantuak abestu edo karaoke bat prestatu (beti egongo dira musika-tresnak jotzen dakiten eta ondo kantatzen duten gurasoak). Aurretik abestiak, letrak eta itzulpenak gurasoei banatu.
- Euskarazko mahai-jolasak eta material ludikoa erabiliz mahai-jolasen arratsaldea antolatu
- .Altxorraren bila jolasa.
- Guraso euskaldunek ipuinen irakurketa egin haurrei.
- Taldean, haurrei zuzenduriko euskarazko film, pailazo edo antzerkietara joan.
Kulturartekotasuna sustatzeko, hainbatetan, euskarazko abesti edo ipuinez gain, beste hizkuntzetakoak era erabil daitezke euskarara itzulita.
Ondorio gisa
Egin kontu, oso bestelako egoera batean egongo ginatekeela lortuko bagenu urte gutxi barru, familia gehienak inplikatuta egotea haurren euskalduntze-prozesuan, ikastetxeetan gaiak zentralitatea hartzea, eskola orduz kanpoko jarduera gehienak euskaraz garatu ahal izatea eta herrietan euskarazko dinamika sozial indartsua izatea. Egoera horretan, haurrek eta gazteek euskararen aldeko motibazioa hobetuko lukete eta gehiago eta hobeto erabiliko lukete. Eta hau ez da utopia bat; ilusioa, konbentzimendua, plangintza eta baliabideak behar dira. Baina, egin, egin daiteke.
Izan ere, zer izan da, bada, euskal irakaskuntzaren historia azken bospasei hamarkadetan? Gurasoen, irakasleen eta herritarren ilusio, konbentzimendu eta bultzadarik gabe ez ginen gaur egun gauden egoeran izango; ezta, administrazioetatik eta hezkuntza-eragileen aldetik metodologiak eta planifikazioak landu eta baliabideak jarri ez balira.
Askotan aipatu dugun bezala, irakaskuntzan ere euskara bidegurutze batean dago. Irtenbide egokia har dezagun, neurri handi batean, gure esku dago. Eta horretarako guraso euskaltzale antolatuek palanka-lan indartsua egin dezakete. Antola gaitezen!
Guraso.eus atarian argitaratua
Ez bada. Batzorderik eta ostiakeria rik ez da behar. Alderdi asko kontuan hartu behar dira, jakina, baina neroni aspaldi ez dela, Mila Urteko honetan, lankide batek, Euskalduna bera, galdetu zidan ea umeak noiz hasten ziren euskaraz. Erderaz bazekiten. Lagun bizkaitarrak eta giputzak ditut, Nafarroan bizi direnak, eta euskarazko goi mailako lanpostuetan. Beno, zuek euskaldun berriak zarete eta ahal duzuena eginen duzue, beti ere hizkuntzaren bueltan. Geronen alabak 16 urterekin eskuratu zuen EGA. Ustezko euskalduntxar horien seme-alabek B2 eskuratzeko larri, han eta hemen. Euskañol lotsagarri erabatekoa, utzikeria.