Gora Aiaraldeko jai euskaldunak!

Gora Aiaraldeko jai euskaldunak! –

Laudio, Urduña, Artziniega, Orozko, Aiara eta Arrankudiaga-Zollo Udalok ekimen berritzailea aurkeztera gatoz. Elkarlanetik eta elkarrekin indartsuagoak garelako eta partekatzen dugun komunitatean euskara bultzatu nahi dugulako gaude gaur hemen. Alkate, zinegotzi eta euskara teknikarien ordezkaritza zabala bildu dugu, ekimenaren garrantziaren erakusgarri.

Gora Aiaraldeko jai euskaldunak!

Ingurune soziologikoa partekatzen dugu eta jaietan hori nabarmena da, gure jendartea herriz-herri mugitzen baita, berauetaz gozatuz. Horregatik, elkarrekin aritzea berebizikoa da eragina biderkatzeko, estrategia bateratu batekin, baina baita herri bakoitzaren nortasuna jasoz.

Euskara aldarrikatzetik harago doan dinamika da Gora Aiaraldeko jai euskaldunak! Hizkuntza paisaia, txosnak, ostalaritza, harremanak, musika, mezuak, egitaraua, erabilera… jaigiroan esparru guztiotan eragiteko neurri sorta bat dakar ekimenak.

Zenbaitzuk euskararen normalizazioa bera eta berau bultzatzeko neurriak zalantzan jartzen ari diren garaiotan, jai-giroan euskararen erabilera bultzatzeko zenbait neurri zehatz eta egingarri adostu ditugu, hitzetatik ekintzetara pasaz. Ez gara baina hutsetik hasten, Urduñan azken urteotan garatu den esperientzia positiboan oinarritu baikara.

Neurriak

  • Euskara sustatzeko euskarriak sortu eta banatuko dira jai-gune eta ostalaritzan, euskararen presentzia bermatu, mezu ezberdinak zabaldu eta erabilera bultzatzeko.
  • Txosnetarako hizkuntza irizpideak ezarriko dira: gutxienez musikaren %65 euskaraz, lehen hitza euskaraz, gazteekin euskarari eutsi, tabernari euskaldun bat txandako gutxienez, azalpenak megafoniatik gazteentzako euskara hutsez eta helduei elebidun gutxienez. [Ikusi atal berezitua]
  • Jaietako ekitaldietan hizlari elebidunak eskatu edo eta eskainiko ditu Udalak.
  • Ostalariei euskara sustatzeko gomendioak helaraziko zaizkie gutun bidez, hainbat baliabide haien eskura jarriz.
  • Egitaraua azaltzeko liburuxka, kartel eta web-gunetan ekitaldiak Euskararen Semaforoarekin etiketatuko dira, euskararen presentzia eta euskaldunon hizkuntza aukerak ikusgarri eginez.

Ekimenarekin bat egin dugun Aiaraldeko 6 udalek gure herrietako jai nagusietan neurriok ezarriko ditugu, urtez urte jai guztietara hedatzeko eta neurri sorta aberasteko asmoz. Gaur bide bati hasiera ematen diogu, pausu gehiago emateko guraz, Aiaraldean euskara bultzatzea xede.

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua

Aiaraldeko 44 entitate biltzen dituen Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak gure eskualdeko 6 udalek garatutako ekimena txalotu eta babestu nahi du. Garrantzitsua da oso emandako pausua, eta balioa eman nahi diogu. Berebizikoa da euskararen normalizazioa lortzeko bidean instituzioen papera. Berebizikoa da elkarlana sustatzea. Berebizikoa da neurri zehatzak eta ausartak bultzatzea. Eta gaur hemen aurkezten den ekimenak guzti horretatik asko dauka.

Eremu guztietan behar du bultzada gure hizkuntzak, baita jai-giroan ere. Herritarrei euskara hautatu eta erabiltzeko eskaera egiten diegu etengabe, baina horretarako ingurune erosoa sortu eta baliabideak eskaini behar ditugu. Ekimenak bide hori jorratzen du eta horregatik gure babes osoa merezi du. Hasiera eder bat, alor honetan, elkarlanetik, ausart, konplexurik gabe, ikuspuntu integraletik, pausu berriak emanez jarrai dezagun.

Bukatzeko, jai eragile eta antolatzaile guztiei dei egiten diegu, beren herri, auzo eta kaleetako jaietan ekimena bere egin dezaten. Euskaraktibatu gaitezen, Gora Aiaraldeko jai euskaldunak!

Arespalditza, 2024ko apirilaren 25ean

Parte hartzaileak:
Aiara: Pruden Otegi (Alkatea), Marian Mendiguren (euskara eta jai zinegotzia)
Artziniega: Joseba Vivanco (Alkatea), Miren Lopez (euskara zinegotzia)
Arrankudiaga-Zollo: Nerea Zarate (kultura zinegotzia) , Aritz Leturiaga (euskara zinegotzia)
Laudio: Ainize Gastaka (Alkatea), Nagore Gomara (Alkateordea eta euskara zinegotzia),
Sonia Respaldiza (jaietako zinegotzia)
Orozko: Aingeru Olaguenaga (euskara zinegotzia)
Urduña: Uxue Mendibil (euskara zinegotzia)
Udal euskara teknikariak: Matxalen Garcia-Escudero (Urduña), Felix Mugurutza (Laudio),
Gaizka Ugalde (Aiara eta Artziniega), Jon Bollar (Arrankudiaga-Zollo eta Orozko)
Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseilua: Aitziber Alava (zuzendaritzako kidea),
Christian Alemany (koordinatzailea)

 

Eranskina: Txosnetarako hizkuntz irizpideak

  1. Txosnetako idatzizko elementu guztiak (prezioak, oharrak, kartelak eta idatzizko beste edozein elementu) euskaraz egongo dira. Bi hizkuntzetan egonez gero, euskarari emango zaio lehentasuna, testuaren barruan duen egoera lehenetsita: euskara ezkerraldean edo goialdean kokatuko da.
    Euskarazko terminologia gaztelaniazkoaren oso antzekoa denean edota gizartean oso errotuta dagoenean (prezioa, botila, ura…), euskaraz bakarrik erabiltzea gomendatzen da.
    Itzulpengintzan eta testu elebidunetan aplikatu beharreko irizpideei buruzko kontsultetarako ere, laguntza teknikoa eskatu ahal izango zaio udalaren euskara zerbitzuari, betiere 4 eguneko gutxieneko epearekin.
  2. Arreta ematen duten pertsona guztiak elebidunak izatea gomendatzen da, eta txanda bakoitzean gutxienez pertsona euskaldun bat izango dela bermatuko da. Gainera, txanda jendetsuenetan, artatzen duten pertsonen herenak euskaldunak izango dira.
  3. Agurrak eta lehen hitzak euskaraz izango dira beti, eta artatzen diren lagunak zenbat eta gazteagoak izan, orduan eta gehiago erabiliko dugu euskara, agurretara mugatu gabe.
  4. Musika nagusiki euskalduna izango da, eta inoiz ez guztizkoaren %65 baino txikiagoa, ordutegi osoan zehar proportzioa mantenduz.
  5. Megafoniaz transmititzen den informazio guztia gutxienez euskaraz emango da, eta ele bitan denean lehenengo euskaraz eta ondoren gaztelaniaz.
  6. Txosnetako arduradunek ekitaldi edo jarduerarik antolatzen badute, gutxienez euskaraz aurkeztuko dira, ele bitan izatekotan euskarari lehentasuna emango zaiolarik. Nolanahi ere, jarduera horiek adingabeei zuzenduta badaude, euskara hutsean dinamizatuko dira.
Gora Aiaraldeko jai euskaldunak!  Gora Aiaraldeko jai euskaldunak!  Gora Aiaraldeko jai euskaldunak!  Gora Aiaraldeko jai euskaldunak!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude