Gora!
Gora! –
Festen hasierak beti izaten dira zirrara, nerbioak eta bizipoza. Baina batzuei kostatzen zaie aldaketa batzuk bizi behar izatea. Kostatu baino gehiago, amorratuta daude eremu guztietako jauntxoak ez direla konturatzen ari direlako. Eta zarata egiteko aitzakiak behar dituzte, udan ere polemikaren bat egon dadin. Adibidez: euskara. Adibidez: festen “politizazioa”.
“Gora Tutera!” oihukatu zuen jendez lepo betetako plazan. Eta, egia esan, bi gaiak lotzeko aukera paregabea iruditu zitzaien jauntxoei. Euskaraz zehazki bi hitz (Gora Tutera, Gora Santa Ana) oihukatu zituen. Nahiago dut ez errepikatu esan izan zirenak. Hain dira handiak euskarak dituen oztopoak, ezen “Gora!” horiek txistuak jaso zituzten plazan zegoen jendearengandik. Ez dezagun ahaztu non gauden eta guretzat sinbolikoa besterik ez dena (eta askorentzat ez nahikoa, eta ez laikoa, eta ez…) guztiz apurtzailea dela beste batzuentzat, eta ukatu eta errefusatu ere egiten dela.
Aldaketaz ari garela, gu ere askotan ez garela ohartzen ematen du, baina sinbolo txikiek zer-nolako garrantzia duten gogoratu beharko genuke. Tuteran uztailaren 24an, urteko egunik garrantzitsuenetakoan, emakume gazte eta euskaldun batek txupinazoa botatzea eta euskaraz ere (lehenbiziko aldiz) egitea handia da. Handia da, euskarak muga sinboliko bezain garrantzitsu bat apurtu duelako. Aurrekaria badago, ezinen da esan inoiz ez dela egin.
Harroak dira, eta Tuteran ere euskara entzun delako amorratuta daudelako. Haientzat ere muga sinboliko bat apurtu egin delako. Eta ezin dute aguantatu. Ezin dute aguantatu gaztelaniaren ondoan euskara ikustea, prestigioa duen momentu batean. Benetan navarrrrrrrísimo-a dena espainola delako, ez besterik. Erdara, “politizatu” gabeko festetan. Haiek ez dutelako festarik politizatzen, eta txistu egin zutenek ez dutelako Espainiako banderarik eramaten plazara. Hori ez da politizatzea, hori besterik gabe normala da. Haien norma jarraitzen duena.
Muga bat gainditu da; baina konturatzen ari gara zein bide dugun aurretik? Hartuko diogu tamaina erronka izugarri honi? Euskarak bultzada izugarria beharko du aurrera egiten jarraitu ahal izateko. Eta hori eremu guztietan egitea komeni da: kalean, instituzioetan, tabernetan, ikastoletan, eskoletan, euskaltegietan, txupinazoetan, eremu sinbolikoan. Bide horretan, behingoz eta behin betiko euskarak behar duen babesa ofizialtasunaren bidez baino ezinen du egin esparru batzuetan. Baita txistuen gainetik ere.
Euskara herrigintza delako, eraikuntza eta transgresioa. Euskara aldaketa da. Eraldaketa, mundua ikusteko beste modu bat (munduko beste hizkuntza guztiak bezala; ez gehiago, baina ezta gutxiago ere). Euskara transgresioa ere bada. Eta herria eraikitzea, egunez egun eta pausoz pauso. Batzuetan ahazten bazaigu ere. Eta ni… ni uztailaren 24an pozez zoratzen nengoen. Mila esker, Edurne!
“Hizkuntza inportantea baita batez ere esateko zerbait dagoenean. Elebakar harro, gu baino gehiago dura lex, dura lex, dura lex… sed lex”.