Good morning Navarra
Good morning Navarra –
Hasi berria dugun udazken honetan, Catalunya izaten ari da hizpide, euskaldun askorentzat, eta ez da harritzekoa. Egia da, bide luze eta gogorra abian jarri izanak ezusteko asko eta nahigabe gehiagoren aurrean kokatu dituela, baina badituzte aurre egiteko hainbat baliabide, besteak beste, hizkuntza. Hizkuntza, herri baten kohesio tresna indartsuena, herria –gurea ez bezala- hiztunez josita dagoenean.
Ez gaude euskaldunak egoera berean, -bereziki Nafarroan- ez noski, eta horretarako arrazoi asko daude. Euskararen aurka emandako azken urratsak UGT eta UPN jartzen gaituzte aurrez aurre, euskara erasotzen dutelako soldataren truk, egia da, bale, baina, kalte gehiago egiten du egia, benetako egia gordetzeak.
Bide horri jarraituz, esan genezake, denok ez bada, askok behintzat aspaldidanik dakigula, euskararekiko egindako ikerketa gehienak, emaitzak oso ezberdinak plazaratzen dituztela. Baita emaitzen aldearen arrazoi politikoak ere jakinak direla. Ez dakiguna zera da, euskararen berreskuratze lanean ari diren adituak, bere lana eta helburuari epeak jarri izanaren arrazoiak. Epeak jarri behar horrek, zertan laguntzen du?
Gaur egun bihotzak eskatzen duena neurtuz eta dakiguna zuzen eta jator agertuz, nire ustez, euskarak ez dauka norbaitzuk dioten etorkizun oparoa. Gauza asko daude aldatu beharrekoak, eta beste hainbeste, gehiago indartu beharrean daude. Hontzak hegan hasi aurretik egiten duen bezala, guk ere mesederako genuke atzera ondo begiratzea, bertatik ikasi eta gogor saiatu. Atzera begiratze horrek hainbat ikaskizun lagungarri eskaintzen gaitu eta gezurra dirudien arren, gaur egun, duela mende asko euskara zulatzen ekin zioten tresnak, oraindik indarrean daude.
Atzera begira lanean hasi orduko aitortu beharra dago, gaur egun ez dakigula zehazki, gerra zibilaren aurretik zenbat hiztun ziren Euskal Herrian, ezta erabilpena zenbaterainokoa zen ere. Horregatik agian ez luke kalterik egingo euskararen galtze-prozesu horren urrats nagusienak gogora ekartzea.
Euskararen galtze-prozesuan hiru atal edo eraso zehatzak nabarmendu daitezke:
a).- I eta VI mendeen artean, Akitania, Hueskako Pirinioetako haranak eta Ebro ibaiaren eskuineko urbazterrak, Nafarroako hegoaldean galduz.
b).- VI eta XVI mendeen artean galdutakoak: Burgosko Oca Harana – Bureba eta Errioxa – Nafarroako Erribera, eta azkenik Bizkaiko Enkartazioak.
c).- Galtze prozesu madarikatu honetan, hirugarren urratsa XVI eta XIX mendeen artean kokatu beharra dago eta galdutakoak hauek: ia-ia Araba osoa eta Nafarroaren Hegoalde osoa.
Beraz, euskararen galtze-prozesu honetan, hainbat faktore eta arrazoi ezberdinak daude, baina, ordezkapen linguistikoaren prozesua ukaezina da. Ordezkapen prozesu honetan eragin handiena izan duten faktoreen artean, azpimarratu beharrekoa, hirien sorrera da, eta honek dakarren erromantzeen Administraziorako sarrera. Euskal Herriko hiri handiak diglosikoak bihurtu ziren, eta hortik sortu zen gure udalerrietan ofizialtzat erdal mintzatzaileak jartzea.
Guzti honen artean, nire ustez bi faktore izan dira nabarmen euskararen aurka ekin diotenak; faktore soziopolitikoak eta sozioekonomikoak. Industrializazioa eta honek ekarritako immigrazio erraldoi eta heinik gabekoa, batez ere 1950 urtetik aurrera.
Hainbeste argibide oroitu ondoren, nabarmenki azaltzen dena hau da; ez direla hainbat urte Euskal Herria osoa euskaldun herria zela. Administrazio-erakundeak hasiera emanez, eta bertako erakunde sozial eta erlijiozkoak behar adina lagunduz, euskara gaztelerarekin ordezkatzen hasi arte, horrela egoera berri eta kaltegarri bat sortuz. Garai batean bakar batzuk ziren gazteleraz bakarrik aritzen zirenak, elebidunak berriz euskal noblezia, baina euskaldun hutsak gehienak, herri xehe osoa.
Nahiz beti ukatzen den, gaur egun dena indarrean dago eta emaitzak begi aurrean: gazteleraz bakarrik gehiengo zabala, eta elebidunak beste guztiak, baina, elebidun erdaldunak oso gutxi, eta euskaldun huts, ia inor ez. Datuak uka daitezke, baina egia horrelakoa da. Duela zortzi bat mende Euskal Herria euskal hiztun soil izatetik, gaurko egoera bizitzea behartu gaituzte.
Euskararen aldeko aldarrikapen ugari eta politak bai, baina, ados nago Inma Erreak Berrian esaten duenarekin: “erabilera da gako funtsezkoena”. Hor dago gaurko egoeraren arrazoi nagusia, euskaraz jakin eta erabiltzen dugun kopurua handitu beharrean gaude, erdal mundu zabalaren barrenean ito nahi ez badugu. Hamarkada luze joan dira baina emaitzak ez datoz bat Administrazioak esaten duenarekin. Zoritxarrez, gure herri eta hirietan entzuten dugun “musika” ez da euskalduna.
Euskara hizkuntza nagusia bilakatu beharrean gaude, eta herriaren ondarea, herri osoaren esku jarri beharra dago, euskaraz biziko den Euskal Herria osatu. Berriro hariari helduz eta nahiz Lakuako bulegoetan sekula ez “hain” gustukoa izan, herri ekimenaren jarrera tinkoa izan da eta da, euskarak emandako aurrerapauso guztien akuilua. Gainera, herri ekimena ez da aldarrikapen lanetara mugatu, etengabe euskaraz bizitzeko aukera berriak sortzeari ekin baitio.
Euskararen etsaiak ongi ezagunak dira, baita badirela bere bozkaren indarra etsai horri eskaintzen dioten euskaldunak. Hori ere ezaguna, tristea baina egia. Baina etsai guztien gainetik, euskarari, etorkizuna bermatzeko dagoen indar bakarra gure esku dago. Euskal hiztunen esku dago.
Guztiz ados. Baina diagnosia hau izanik, ez didazu ukatuko soluzioa hau denik: euskaldunok ume gehiago izan behar ditugu (familia babestu) eta ez dugu etorkin gehiago nahi. Bai, ez? Ba… justu aurkakoa babesten dute gure ordezkari politikoek.
Oker ez banago, duela urte gutxi ateratako datuen arabera, euskara etxean jasoak EHko biztanleriaren %16 inguru ginen, erabileraren pare gutxi gorabehera. Bi datuen arteko korrelazioa oso handia da. Bada, hondamendi demografiko bete-betean, jaiotzak hutsaren pare eta inmigrazio ikaragarriarekin, konturatzerako euskara ama-hizkuntza dutenak %10-5 izan gintezke belaunaldi baten buruan. Hortik ez bagara hasten, jai dugu.
HONDAMENDIA, epe ertainera desagertzeko arrisku larriarekin. Gai honek abertzaletasunaren lehen lerroan behar luke, hil ala biziko kontua da