Giza hizkuntza naturalaren berezitasuna: artikulazio bikoitza
Giza hizkuntza naturalaren berezitasuna: artikulazio bikoitza –
Ondo zekien Txillardegik noraino heltzen diren primateak pertsona gorren zeinu-hizkuntza erabilita. Artikulu gogoangarri bat eskaini zion, Hizkuntzalaritza hiztegian jasoa: “Mintzamena gizonetik at”. Txillardegik garbi zuen ez dela absolutua gizakien eta gainerako animalien arteko aldea, baizik eta graduala. Darwinista zen. Harrigarria zitzaion txinpantzeen gaitasuna aurretik ezagutzen dituzten hitzak konbinatuz hitz berriak sortzeko: adibidez, “ur” eta “txori” ezagututa, lehenbiziko aldiz ahate bat ikusi eta “ur-txori” bataiatzekoa.[1]
Dena den, esanguratsua zeritzon, halaber, giza mintzamenaren eta txinpantzeenaren arteko aldeari. Artikulazio bikoitzean kokatu zuen alde horren funtsa. André Martinet hizkuntzalariak asmaturiko kontzeptua da. Eta, Txillardegik dioenez, «giza-mintzairaren oinarria bera artikulazio bikoitza baldin bada, antropoideek ikasi duten mintzabidea ez da giza-mintzaira».[2]
Txillardegik bezala, Martinetek uste du mintzabidea dela funtsean hizkuntza. Esaldiak esanahia sortzen du, eta transmititu nahi izaten du. Alta, berez esanahirik bideratzen ez duten hotsak darabiltza giza hizkuntzak, bokalak eta kontsonanteak. Soinuak dira, kito. Esanahira iristeko, artikulatu egin behar dira. Eta Martinetek uste du hizkuntza naturalak, hizkuntza formalak ez bezala, bikoitza duela artikulazioa.
Zertan da artikulazio bikoitz hori?
Txillardegiren esanetan, «artikulazio bikoitzaren teoriaren arabera, ahozko katea mintzatua da hizketa; eta katea mintzatuan agertzen diren soinuak, bi mailatan zati daitezke. Lehenengo mailako atalek («monemek») bi izari dituzte: fonetikoa eta semantikoa; bigarren mailako atalek («fonemek»), berriz, izari bakar bat dute: fonetikoa. Monemek zerbait adierazten dute; fonemek, berriz, ez dute ezer adierazten».[3]
Hortaz, esanahia duen edozein unitate konplexu, hala nola esaldia edo hitza, osagai txikiagoetan banatu daiteke. Maila bitan sailkatu daitezke osagairik txikienak: maila batean monemak daude. Esanahia duten elementu minimoak dira monemak. Eta bestean fonemak: esanahirik ez duten baina esanahiak bereizteko balio duten elementuak dira. Zenbait fonema elkartuz sortzen dira monemak.
Mugatuak dira fonemak kopuruz, baina fonemen arteko konbinazioari esker, monema, hitz eta esaldi kopuru mugagabea sortu dezakegu. Monema mota bi dauzkagu: batetik independenteak, hitz oso gisa ageri daitezkeenak, “zuhur”, “eta” edota “gauza” legez; eta, bestetik, dependenteak, ezinbestez doazenak beste monema bati lotuak, hala nola “-tasun”, “-keta” edo “-garri” atzizkiak.
Lehenbiziko artikulazioa, beraz, esanahiari dagokio. Hori bai, ez dira monema eta hitza nahastu behar: “bernazaki” izenak ez du monema bakarra, hiru baizik: “berna”, “zahar” eta “-ki”. “Harrigarriak” hitzak, berriz, lau monema dauzka: “harri”, “garri”, “a” eta “k”.
Bigarren artikulazioa soinu bereizgarriei dagokie. Horrela, “hutsa” ez da “hotsa”. /u/ eta /o/ euskaraz ez dira fonema bera. Fonema bik, formalki bereizten dituzte esanahi propioak dituzten unitateak. Are, berezko esanahirik ez dutenetarik ere bereizten dituzte (*/hets/).
Giza hizkuntzaren ezaugarri bereizgarria artikulazio bikoitza izateak esan nahi du bai fonemak eta bai monemak ezin konta ahal moldetan konbinatu ditzakegula, mugagabeki sortu ditzakegula esanahi berriak. Martineten adibidea: sekulako buruko mina jartzen bazait, garrasi egin dezaket. Hori ez da giza hizkuntza; bai ordea “buruko mina daukat” esatea.[4] “Min” eta “buru” monemak dira. Milaka bestelako esalditan artikulatu ditzaket beste monema batzuekin: “herrimina sentitu zuen”, “mindua dauka bizkarra”, “lehengusua jarri dute enpresako buru”, “buru hainbat aburu”, etab. Era berean, /b/ eta /u/ fonemak dira, eta milaka eta milaka monema, hitz eta esaldi sortu ditzaket beste fonema batzuekin konbinatu eta artikulatuz gero.
Washoo, Moja, Lucy, Booce eta Txillardegik “Mintzamena gizonetik at” zoragarrian aurkeztu zizkigun gainerako primate berritsuek ez dute egundo artikulazio bikoitza erabili. Behar handirik ere ez zuten izango.
Kaixo Markos,
Testu pixka bat konplikatu eta biziki interesgarri honen ondotik, Txillardegi eta zu, biak ala biak, pixkabat alaitzeko esperoan, hona zuentzat elukubrazio libre ariketa bat:
Zerbait ulertu badut, (egia erraiteko batere segur ez naizena!), gorren hizkuntza ikasiz geroz, ziminoek monemak beren buruan zerbait konkretu direlako, pentsa eta eskuekin ( edo ziminokeriaz, barkatu hitz itsutsia!) eskarnia ditzakete. Ez ordea fonemak soinu baizik ez direlako. Horregatik gorren hizkuntza horrek, eta mintzamena ez menderatzeak, mugatzen du haien adierazteko gaitasuna.
Baina, baina, gure kusi ziminoek fonemak ez baditzateke eskuekin eskarnia, aldiz pixkabat lagunduz geroz bai idatz ditzateke. Eta horrenbestez asko aberats haien pentsamena dezakete idatziaren bidez.
Zergatik beraz, ziminoei mintzatzen erakatsi beharrean, ez erakatsi idazten? Gainera ez lukete beharbada mediku anitzek baino gaizkiago idatziko. Ez ote?
Kafe filosofiko batentzako ideia bat eman didazue
Adeitasunez.
Aurrekoan esaldi trakets eta ulergaitz bat idatzi dut, hau da:
“[…] gorren hizkuntza ikasiz geroz, ziminoek monemak beren buruan zerbait konkretu direlako, pentsa eta eskuekin ( edo ziminokeriaz, barkatu hitz itsutsia!)”
Heian honekin hobeki ulertzen den?:
“[…]gorren hizkuntza ikasiz geroz, ziminoek monemak zeinuekin edo keinuekin adieraz ditzakete, bederen monema horiek zerbait konkretu direnean haientzat”.
Beñat, hauxe aurkitu dut Interneten ziminoei idazten irakasteko ahaleginen inguruan. Kafe filosofiko horretarako abiapuntu gisa erabil liteke. Txillardegiren lanean aipatzen diren txinpantzeen eta bonoboen izenak ageri dira hemen ere.
Oraindik inork ez du lortu ziminoek aise eta akatsik gabe idaztea.
Lehen esperimentu arrakastatsua 1925ean egin zuen Wolfgang Köhler psikologo alemanak. Köhlerrek “Sultan” izeneko txinpantze bat trebatu zuen irudi sinpleak marrazteko arkatza erabiltzen. Sultan gai izan zen zirkuluak, karratuak, triangeluak eta beste forma batzuk marrazten ikasteko.
Beste esperimentu arrakastatsu bat 1959an egin zuen Harry Harlow AEBetako psikologoak. Harlowek Viki txinpantze ospetsua entrenatu zuen, letrak eta hitzak idazteko teklatu bat erabiltzen. Vikik lortu zuen bere izena, bere zaintzailearena eta hitz sinple batzuk idaztea.
Beste esperimentu batzuk ez dira hain arrakastatsuak izan. Adibidez, 1967an Allen Gardner psikologo estatubatuarrak egindako esperimentu batek ez zuen lortu Washoe Txillardegiren kuttunak zenbait hitz sinple baizik idaztea.
Ziminoei idazten irakasteko esperimentuek erakutsi dute gai direla hitz eta esaldi sinple batzuk idazten ikasteko. Hala ere, oraingoz ez dute aisa, segidan eta akatsik gabe idazten ikasi.
Primateen artean, bestalde, txinpantzeak eta bonoboak dira idazteko orduan trebeenak.
Zimino gazteek erraztasun handiagoa dute helduek baino.
Entrenamendu-metodoari dagokionez, errefortzu positiboa erabiltzen duten entrenamendu-metodoak —elikagaia edo laudorioa, adibidez— eraginkorragoak dira zigorra erabiltzen dutenak baino.
Beñat, nik ez dut txantxarik egingo ziminoaren eta sendagilearen idazkeren antzari buruz: askok irakurtzen dute zuzeu, eta joera izaten dute mendeku hartzeko ebakuntza egin behar dizutenean, ohatilan etzanda defentsarik gabe zaudela.