Giltzak etxean jarraitzen du

Giltzak etxean jarraitzen du –

Malores Etxeberria ARGIAn.


Urte asko dira institutuko irakasle batek aipatu zidala euskararen jarioak ez zuela ikasleen ebaluazio irizpideetan pisurik. Eremu nahiko erdaldundu batean baserri giroko ikasle batek euskaraz hitz egiteko zuen aberastasuna eta erraztasuna baloratu nahian zebilen irakasle hura eta ez zuen, sobra ere, laukitxorik horretarako. Norberaren aberastasunaz gain, gainerako ikasleengan zuen eragina ere baloragarria iruditzen zitzaion irakasle hari, besteentzat eredu eta akuilu baitzen euskaraz ondo eta erraz hitz egiten zuen ikasle hura.

Giltzak etxean jarraitzen du
Antton Olariaga

Erraztasuna. Hizkuntza bat erabiltzeko gakoa erraztasuna dela dio Iñaki Iurrebaso Biteri Soziologo eta EHUko irakasleak bere doktore tesian. Aldizkari honen martxoko Larrun hilabetekari monografikoan argitaratu da haren laburpena Iurrebasori egindako elkarrizketa mamitsu batean eta, beste datu askoren artean, honako hau eman du: Euskal Herrian %7,4 dira euskaraz beste hizkuntza batean baino errazago moldatzen direnak. Guztira, 195.631 hiztun. Beste %8,4 (222.000 hiztun) berdintsu moldatzen dira euskaraz eta beste hizkuntzaren batean; eta gainerako %84,2 (2.230.038 hiztun), hobeto moldatzen dira beste hizkuntzaren batean euskaraz baino. Kontuan hartu behar da 16 urtetik gorako hiztunez ari dela.

Iurrebasoren tesi nagusia da hizkuntza erabili, erraztasuna duenak erabiltzen duela, gaitasun nahikoa duenak, eta Euskal Herrian horiek oso gutxi izanda, ez dela posible erabilera gaur egun dena baino handiagoa izatea; areago oraindik, daukagun erabilera (%15) espero zitekeena baino dezentez handiagoa dela frogatzen du, eta Txillardegiren teoria beste ertz batetik sendotu.

Erraztasuna nagusiki etxeak ematen du, eta seguruenik euskaraz errazago aritzen den %7 horren gehiengoa euskara etxetik jaso duena izango da

Gaitasunean asko aurreratu dugula darabilgu hitzetik hortzera azken urteotan; hiztun berri asko irabazi dugula, baina hori ez dela erabilera bihurtzen. Iurrebasok, berriz, fokua gaitasunaren ahuldadean jarri digu, eta gaitasuna erabilera bihurtuko bada, hura hobetu behar dugula azpimarratu du. Jario eta aberastasun handiagoko hiztunak behar ditugula dio, eta horretan jarri behar dela indarra.

Egia da, bestalde, gaitasuna hobetzeko modurik onena, eta bakarra, erabiltzea dela, erabili ezean ez baita hizkuntza aberasten. Baina fokua gaitasunaren ahulezian jartzea eta azken denboretan bolo-bolo dabiltzan irabaziak erlatibizatzea oso interesgarria iruditu zait, aurrera begirako hizkuntza politiketan lehentasunak hobeto planteatu ahal izateko.

Onartzear dagoen Hezkuntza Legeak planteatzen du DBH amaitutakoan ikasleek gutxienez B2 maila lortzea. Ikusi egin beharko da zer-nolako hizkuntza proiektuak bideratzen diren eskoletan, ikasleek jario nahikoarekin amaitu dezaten derrigorrezko eskolaldia. Baina berriro ere erraztasunaren laukitxoa faltako dela iruditzen zait.

Erraztasuna, nolanahi ere, nagusiki etxeak ematen duela ikusi izan dugu, eta, datu zehatzik ez dudan arren, seguruenik euskaraz errazago aritzen den %7 horren gehien-gehiengoa euskara etxetik jaso duena izango da. Etxe “euskaldunak” gaitasun eta praktika aldetik aniztasun handikoak dira gaur egun, eta bada joera bat haurrekin euskaraz jardutekoa, baina, agian, ez guraso edo helduen artean euskarari trinkotasunez eustekoa. Horrelakoetan, haurrak handitzen doazen neurrian, etxeko hizkuntza gero eta erdaldunagoa bihurtzeko arriskua handia da, eta, kasik konturatu gabe, halaxe gertatzen da askotan.

Etxea bezalako espazio pribatu eta intimo batean euskaraz jardutea zenbaitetan neketsua gerta daiteke, guraso eta kide helduen euskara gaitasuna ez delako erabatekoa edo urteetako ohiturak erdarara garamatzalako, baina esfortzuak merezi duela esango nuke.

Giltzak etxean jarraitzen du Giltzak etxean jarraitzen du

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.