Argitasun esperantzagarriak

Argitasun esperantzagarriak –

Gero eta euskaldun gehiagok darabilgu euskara erdarak adina edo gehiago gure egunerokoan – Argitasun esperantzagarriak Euskalgintzaren Kontseiluaren ‘Larrialditik Indarraldira’ adierazpenaren harira

Egia da euskaldunon, euskaldun bihotzekoon, Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugunon egoerak, larrialdikoa izaten jarraitzen duela. Euskaldunok (2021eko Inkesta Soziolinguistikoko datuetatik ariko gara segidan) ez gara oraindik 2021ean Euskal Herrian bizi garen 16 urte edo gehiagoko biztanleon % 30,2 baino, eta beste % 16,1 euskaldun hartzaile. Gehiengoa, oraindik, erdaldun hutsa da frantses edo espainolez (% 53,8), eta aldiz euskaldun guztiok gara aldi berean elebidun, estatu espainol eta frantseseko legediek derrigortuta, injustuki erdaldunak derrigortzen ez dituzten bitartean euskara jakitera. Horrela ez da erraza euskaldunok demokrazia linguistikoa izan dezagun gure lurrean, guk ere izan dezagun gure herrikide erdaldun hutsek duten pareko tratu pribilegiatua.

Iparraldean dugu egoerarik okerrena, atzeraldirik larriena. Lege aldetik ere. Nafarroa Garaian euskaldunok bereizi eta gutxietsiak ditugu gure eskubideak 3 zonalde linguistiko antieuskaldunetan banatuta. EAEn ere ez dugu egoera samurra gehiengo soziologiko espainoldun elebakar zapaltzailearen pean. Areago azken urteotan, Kontseiluaren adierazpenak dioen gisan ‘normalizazio eta biziberritzearen aurkako oldarraldi judizial gogorra’ jasaten ari garen honetan ‘euskararen aldeko hizkuntz politikak eraisten ari diren epai sorta[rekin].’ Eta are larriagoa bihurtuko zaigu egoera berehala Hegoaldean 2000. urtetik jasotzen ari garen 3. migratzaile uholde demografikoaren eraginez, bertakoagokoek baino nekezago ulertzen dutenez gure herri euskaldunaren ahalegina euskaraz bizitzeko.

Baina segidan Euskalgintzaren Kontseiluko adierazpeneko bi daturen ingurutiko zehaztapenak eta zuzenketak egin nahi nituzke, euskaldun bihotzekook etsipenean erori ez gaitezen amoreagatik azken 60 urteotan burutzen ari garen komunitatearen indarberritze lan eskergaren gainean, eta fruitu ezin hobeak ematen ari dena, nahiz oraindik ez ditugun nahikoa.

Kontseiluaren adierazpenak dio ‘alarma piztekoa dela’ «Euskal Herri osoko joera dela euskaraz erdaretan baino errazago moldatzen diren hiztunak gero eta gutxiago izatea». Eta segidan: «Zifretara etorrita, hiztunen % 17,5 baino ez dira egunerokoan euskara erdarak adina edo gehiago erabiltzen dutenak».

Lehenengo baieztapena ez da egia, eta garbi esan behar da: Euskal Herrian ez gara gero eta gutxiago euskaraz errazago moldatzen garenak erdaretan baino, baizik eta alderantziz. Euskal Herrian, datuekin, gero eta gehiago gara euskaraz erdaretan baino errazago moldatzen garen euskaldunak, 1991tik 2021 bitarteko Inkesta Soziolinguistikoek erakusten diguten moduan, 2. puntuan erakusten dugun moduan beherago, 2021eko Inkesta Soziolinguistikoko datuetatik. Aurretik ordea ohar batzuk egin nahi dizkiot ‘egunerokoan ‘hiztunen’ % 17,5 baino ez garelako euskara erdarak adina edo gehiago erabiltzen dugunak’ datuari (1. puntua).

  1. Egunerokoan Euskal Herriko 16 urte edo gehiagoko biztanleon % 17,5k darabilgu euskara erdarak adina edo gehiago, eta gero eta gehiagok gainera

Eta datu hori mirarizkoa da berez, aipatu bezala, Euskal Herriko 16 urte edo gehiagoko biztanleon % 30,2 baino ez bagara euskaldun. Hori zer da botila erdi hutsa edo erdi betea, bere jario guztiak dituela ere? Bada, gutxienez betetzen ari den botila, bere jario guztiak gorabehera. 2021eko Inkesta Soziolinguistikoak jaso bezala (14. taula, 36. irudia), Euskal Herrian hala dihardugun 16 urte edo gehiagoko biztanleon kopurua 325.619 hiztunetik 1991n (orduko biztanleen % 13,7) igo gara 467.725 izatera: 142.106 hiztun gehiago, % 43,64 gehiago (biztanleen % 17,5). Gehiago nahi genukeela bai, baina ez dago batere gaizki jada lortua, ditugun baldintza soziopolitikoetan.

Hazkuntza batez ere EAEn gertatzen da (% 52,26koa, 271.121 hiztunetik 412.821ra), baina oso nabarmena da ere Nafarroa Garaian (% 45,27koa, 25.214 hiztunetik 36.629ra). Iparraldean berriz galera nabarmena da (28.258 hiztunetik 1996an 18.275ra 2021ean, % ~35,33). Eta egia da ere aurrerapena gune soziolinguistiko erdaldunagoetan ari dela gertatzen eta aldiz nolabaiteko atzerakada dugula gune soziolinguistiko euskaldunenean (% 83,5etik 1991n %75,2ra 2021ean). Kontuan hartzekoa, 2021eko Inkesta Soziolinguistikoak azaltzen duen eran: «Beherakada hori azken ia bi hamarkadetan izan diren biztanleen mugimenduen ondorioa da nagusiki. Gune erdaldunean, mugimendu horiek euskararen mesederako izan badira ere, gune euskaldunean, oro har, ez da hala izan».

Gure arazo guztiekin, gauzak horren gaizki egiten ari ez garen seinale ere bada jabetzea nolakoa den azken 30 urteko Euskal Herrian oro har euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dugunon bilakaera adinaren arabera, 16-24 urte bitarteko gazteak baikara 2021ean adin multzorik indartsuena, 1991n, 30 urte lehenago, multzo ahulena zenean:

Bilakaera ohargarria. Eta beti izan behar dugu kontuan Inkesta Soziolinguistikoak soilik 16 urte edo gehiagoko biztanleen datuak biltzen dituela, hauetatik kanpo geratzen direla are euskaldunagoak ditugun 16 urte bitarteko belaunaldi gazteagoak, nahiz egoera hau ere aldatzen hasi den 3. migratzaile uholde gaztearekin gertatzen ari den aldaketa demografikoarekin.

  1. Gero eta gehiago gara euskaraz erdaretan baino errazago moldatzen garen hiztunak 1991tik 2021era

Ez da egia Euskal Herrian gero eta gutxiago garenik euskaraz errazago moldatzen garen euskal hiztunak erdaretan baino.

1991n 16 urte edo gehiagoko 528.521 euskal hiztunetako 328.740 hiztun (%62,2) moldatzen ginen euskaraz errazago edo erdaretan bezain ongi.

2021ean 30 urte geroago 444.328 euskaldun gara (809.341 euskaldunetatik) euskaraz errazago edo erdaretan bezain ongi moldatzen garenak, 1991n baino 115.588 gehiago, % 35,16 gehiago. Eta hori irabazi handia da. Nahiz eta aldi berean euskaldunen kopuru osoa askoz arinago handitzea lortu dugunez, bien arteko proportzioa soilik izan % 54,9koa (30 urte lehenagoko % 62,2aren aldean). Baina hori gure aldeko aldea da, euskaldunen kopuruan, zein euskaldun osoenenean.

Eta bai irabazi dugu euskaraz errazago moldatzen garen euskaldunon kopuruan: 182.868 1991n, 212.856 2021ean, 29.989 hiztun gehiago, % 16,4ko hazkunde netoa (nahiz % erlatiboak -% 34,6 / % 26,3- engainagarri izan, euskaldunon kopuru orokorra asko gehiago haztea lortu dugulako).

Eta irabazi dugu ere, askoz gehiago, euskaraz erdaretan bezain ongi moldatzen garen euskaldunon kopuruan: 146.400 1991n eta 231.472 2021ean, 85.072 hiztun gehiago, %58,11, hazkunde netoa berriro. Euskaldun gainera gero eta hobeto alfabetatuak oro har aurreko hamarkadatakoen aldean.

Eta hazkundea adin tarte guztietan gertatzen da hala:

  • > 65 urtetik gorakoetan: 2021ean 93.952 euskaldun gara (137.156 euskaldunetatik) euskaraz errazago edo erdaretan bezain ongi moldatzen garenak, 1991ko 80.388ren aldean (98.274 euskaldunetatik), 13.564 gehiago, % 16,87 gehiago.
  • 16-24 urte bitartekoen artean: 2021ean 70.035 euskaldun gara (157.383 euskaldunetatik) euskaraz errazago edo erdaretan bezain ongi moldatzen garenak, 1991ko 47.685en aldean (101.028 euskaldunetatik), 22.350 gehiago, % 46,87 gehiago.

Eta tarteko eskala batean tarteko adin tarteak.

Horregatik gertatzen dira interpretazio nahasgarrikoak 2021eko Inkesta Soziolinguistikoan eskaintzen diren euskaldunen arteko proportzio datu erlatiboak, datu netoen aldean, edo biztanleria osoaren aldeko datu erlatiboen aldean, ondoko 15. irudiko edo 6. taulako euskaldunen arteko proportzio erlatiboetako datuak, bitarte horretan ikaragarri haztea lortu dugulako euskaldunon kopuru orokorra. 15. irudiko 1991ko % 34,6, 182.868 euskaldun direlako, eta aldiz 2021eko itxuraz % 26,3 eskasagoko euskaldunak 212.856. Edota 1991ko % 27,7, 146.400 euskaldun, eta aldiz 2021eko % 28,6, 231.472.

Eta beste hainbeste ondoko 16. irudiko proportzio xeheagoen interpretazioan.

  1. Nola hazi ditugun euskaldunon kopuruak 30 urtean 1991-2001

Segidan datu ohikoago batzuk ezagutzaren inguruko irabaziez, gure mirarien isla:

Euskaldun hartzaileek ere ia 8 puntuko hazkundea izan dute hogeita hamar urte hauetan (% 7,7 versus % 16,1) [~ 182.494 versus ~ 431.470, 248.976ko hazkundea, % 136,43koa].

Erdaldunek, aldiz, 16 puntuko jaitsiera izan dute (% 70 ziren 1991n eta % 53,8 dira 2021ean) [~ 1.659.035 versus ~ 1.441.806, % 136,43ko hazkundea, 217.229ko galera, % ~ 13,8ko galera].

Iparraldea dugu galeran (ez Nafarroa Garaia ere):

Eta gauzak hain gaizki egiten ari ez garen seinale, adin tartekako datu esperantzagarriak:

Gora Euskararen Eguna! Gora Euskaldun Bihotzekoak! Gure eskubide demokratikoen alde!

Ez ditugu irabaziak bakarrik hiztun kopuruaren aldetik. Baita ere hiztunon kalitatearenetik, eta erabilerarenetik ere. Ekin eta jarrai.

Argitasun esperantzagarriak – Kontseiluari oharra (eta 2)

Argitasun esperantzagarriak

18 pentsamendu “Argitasun esperantzagarriak”-ri buruz

  • juan inazio hartsuaga 2024-12-03 19:42

    Euskaraz erdaraz baino hobeto moldatzen diren zenbat lagun daudela? Nork esan du hori? Ohiko wishfull thinking deitoragarriaren hamaikagarren adibidea ez ote? Eztabaida amaigabean luza gintezke, inork ez duelako barrabilik hizketa gaitasunaren,aberastasunaren eta sormenaren azterketa bat egiteko. Hobe oinarri-oinarrizko datu horiek gabe segitu, nork bere danbolinari eragiten.

  • Datu horiei kiratsa darie, Baskongadetako autokonplazentzia nazkagarria, “dena ondo doa”ren lelopean

  • Bittor Hidalgo 2024-12-04 10:08

    Datuak VII. Inkesta Soziolinguistikokoak dira, ondo irakurri eta interpretatuak, ondo irakurri eta interpretatu nahi dituenarentzat, kiratsak eta nazkagarrikeriak alde batera… Kontrastatu ditzakezu datuak zerorrek Juan Inazio eta eztabaidatu ditzakegu. Datuak. Ez inpresioak.

  • juan inazio hartsuaga 2024-12-04 18:17

    Datuez ari naiz Bittor. Non daude nik eskatzen ditudanak?

  • Bittor Hidalgo 2024-12-04 21:12

    Saiatuko naiz, Juan Inazio, berriro azaltzen, ez dakit argiago (datu horiek guztiak daude VII. Inkesta Soziolinguistikoko taula eta grafikoetan). Zatika:
    1.
    VII. ISren 14. taulak erakusten du (50. or.): «14. taula. Euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dutenen bilakaera erkidegoaren arabera. Euskal Herria, 1991-2021». %ak eta hiztun kopuruak ematen dira. Nik artikuluan, laburtzearren, soilik EHko ilarak eman nituen bakarrik, eta baztertu erkidegoetako xeheagoak. Eta 16. irudian (49. or.): «36. irudia. Euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dutenen bilakaera. Euskal Herria, 1991-2021 (%)».
    • 1991n, “Euskaraz erdaraz baino gehiago” + “Euskaraz erdaraz beste” erabiltzen dugunak 325.619 hiztun gara, biztanleen % 13,7.
    • 2021ean berriz 467.725 hiztun gara, biztanleen % 17,5. 1991n baino 142.106 hiztun gehiago, % 43,64 gehiago.

    Zalantzarik?

  • Bittor Hidalgo 2024-12-04 21:13

    2.
    VII. ISren 15. irudiak erakusten du (27. or.): «15. irudia. Euskaldunen erraztasunaren bilakaera. Euskal Herria, 1991-2021 (%)») eta 6. taulak (28 or.) «6. taula. Euskaldunen erraztasunaren bilakaera adinaren arabera. Euskal Herria, 1991-2021(%)»
    • 1991n 16 urte edo gehiagoko 528.521 euskal hiztun gara, eta horietako % 62,2 (328.740 hiztun) moldatzen gara euskaraz errazago (% 34,6 –~182.868 hiztun–) edo erdaretan bezain ongi (% 27,7 –~146.400 hiztun–).
    • 2021ean 16 urte edo gehiagoko 809.341 euskal hiztun gara, eta horietako % 54,9 –proportzio txikiagoa– (444.328 hiztun –baina 1991n 115.588 baino hiztun gehiago, % 35,16 gehiago–) moldatzen gara euskaraz errazago (% 26,3 –proportzio txikiagoa, baina 212.856 hiztun, gehiago–) edo erdaretan bezain ongi (% 28,6 –231.472 hiztun–).

    Zalantzarik?

  • Bittor Hidalgo 2024-12-04 21:13

    3.
    Adinka («6. taula. Euskaldunen erraztasunaren bilakaera adinaren arabera. Euskal Herria, 1991-2021(%)»):
    • > 65 urtetik gorakoak:
    – 2021ean 137.156 gara euskaldun, eta horietatik % 37,8 euskaraz errazago moldatzen garenak (beraz 51.845 hiztun, nahiz datu netoa ez den ematen ISn bertan, baina nahikoa da 3ko erregela), eta beste % 30,7 erdaretan bezain ongi moldatzen garenak (beraz 42.107 hiztun, nahiz datu netoa ez den ematen ISn bertan, 3ko erregela). Guztira beraz euskaraz errazago edo erdaretan bezain ongi moldatzen garen euskaldunak euskaldun guztion % 68,5 gara, 93.952 hiztun, hiruko erregelaz.
    – 1991n 98.274 ginen euskaldun, zeinetako % 81,8 –proportzio handiagoa ginen euskaraz errazago edo berdin moldatzen ginenak–, baina kopuruan gutxiago –hiruko erregelaz–, 80.388 hiztun, 2021ean baino 13.564 gutxiago, eta beraz 2021ean % 16,87 gehiago.
    • 16-24 urte bitartekoen artean:
    – 2021ean 157.383 gara euskaldunak, eta horietatik % 23,4 euskaraz errazago moldatzen garenak (beraz 36.828 hiztun, nahiz datu netoa ez den ematen ISn bertan, baina 3ko erregelaz), eta beste % 21,2 erdaretan bezain ongi moldatzen garenak (beraz 33.365 hiztun, nahiz datu netoa ez den ematen ISn bertan, 3ko erregela). Guztira beraz euskaraz errazago edo erdaretan bezain ongi moldatzen garen euskaldunak euskaldun guztion % 44,5 gara, 70.035 hiztun, hiruko erregelaz.
    – 1991n 101.128 ginen euskaldun, zeinetako % 47,2 –proportzio handixeagoa ginen euskaraz errazago edo berdin moldatzen ginenak–, baina kopuruan nahikoa gutxiago –hiruko erregelaz–, 47.732 hiztun, 2021ean baino 22.303 gutxiago, eta beraz 2021ean % 46,73 gehiago.

    Zalantzarik?

  • Euskaraz hobeto moldatzen direla?

    Irratia eta telebista piztu eta gehienetan euskañolez barra-barra entzuten ditut euskaldunak; berdin dio hizlariak aurkezleak, kolaboratzaileak edo gonbidatuak diren.

    Askotan twitterren sartu eta euskarazko esaldien artean gaztelaniazko esamolderen bat edo itzulpen kaskarren bat irakurri behar izaten dut.

    Batua eta hezkuntza, baliabide gisa, gure eskura daude, baina gehienok, maila batetik aurrera, analfabeto hutsak gara.

  • Bittor Hidalgo 2024-12-05 14:01

    Iritz subjektibo, eta batez ere irain eta inprekazioez kanpo, gustatuko litzaidake datuon gainean ezagutzea Soziologia Klusterraren edota EJko Inkesta Soziolinguistikoaren eragileen iritzia. Eztabaida, eta datuen baieztapena edo deskalifikazioa. Eskerrik asko.

  • juan inazio hartsuaga 2024-12-06 10:35

    Euskaldunon Egunkaria sortu zeneko urtemuga ospatzen dugun jai honen atsedena baliatuko dut baratxeago azaltzeko esan nahi dudana. Lehenik eta behin gogora arazi nahi nuke, galdera subjektiboetan oinarritutako inkestak duela berrogeita ale urte baztertzen hasi ginela, wishfull thinking delakorako joera nabarmena zutelako. Jendeari euskaraz zeinen sarri hitz egiten zuen galdetuz gero, jasotako erantzunen arabera ondorioztatzen zen euskararen presentzia, askoz ere altuagoa zen, gero kalean neurtu zitekeena baino. Horregatik baztertu ziren era honetako galdeketak eta hobetsi ziren kaleko neurketa zuzenak. Alegia, objektibotasuna hobetsi zen, sujektibotasuna baztertuz. Aldaketa txalogarri hori ordea, ez da oraindik beste eremutara zabaldu, nork daki zergatik. Agian poziktibity delakoari eusteko eragozkarri delako. Bistan da jendeari galdetzea zein hizkuntzetan moldatzen den hobeki, subjektibotasuna lehenestea dela, eta jende horren hizketa gaitasuna, aberastasuna eta sormena neurtzea izango litzatekeela auzia epaitzeko ezagupide objektiboa. Diglosia egoera guztietan, hizkuntza bat nagusitu ohi da komunikazio hizkuntza gisa eta bestea funtzio sinbolikoen alorrean hesitu ohi da. Komunikazio funtzioa galdu eta sinbolismoaren alorrean sartzen den hizkuntza, hori gertatzen den une beretik txirotzen hasten da apurka-apurka, beharrezko diren gaitasuna, aberastasuna eta sormena, gero eta urriagoak direlako, bete behar dituen funtzioak egoki betetzeko. Horregatik da ezinbesteko aldagai horiek zorrotz eta era objektiboan neurtzea, hizkuntzaren benetako egoera zein den aurkitzeko. Nire subjektibotasunetik esango nuke argitaratu diren datu subjektiboak baino irudi ilunagoa azalduko luketela. Baina nire subjektibotasuna ere engainagarri izan dakidanez, pozik baztertuko nuke, eskatzen ditudan datu objektibo horiek eskura baneuzka. Eta nork daki, agian neurtu ere neurtu dira noizbait eta gotor kutxa batean gorderik daude gure onerako, gehiegi asalda ez gaitezen.

  • Euskalgintza efektiboa 2024-12-06 21:59

    Balio duen datu bakarra euskaldunak, alegia euskaraz bizi diren horiek, 3 seme-alaba izatea da.

  • Bittor Hidalgo 2024-12-07 12:40

    Hartsuagari:
    1. Diozu inkesten gainean «galdera subjektiboetan oinarritutako inkestak duela berrogeita ale urte baztertzen hasi ginela, wishfull thinking delakorako joera nabarmena zutelako». Hau da, subjektiboak direla, esan nahirik beraz ez direla objektiboak. Baina onartu beharko duzu 1.000, 5.000 edo 10.000 galdeketa subjektibotan oinarrituriko ikerketa bat, azkenean ‘objektiboagoa’ bihurtzen dela gutako norbanako bakoitzaren subjektibitate partikularra baino (eta ez 1.000, 5.000 edo 10.000 aldiz ‘subjektiboagoa’, inork ere hala defendatu nahiko dezan arren).

    2. Gure Inkesta Soziolinguistikoak, diren subjektiboak ere direlarik, berdin subjektiboak-edo ziren 1991n, edota gero beste bost urtean behin 2021 bitartean eginiko 7 inkestak. Eta ni aipatzen natorren datu horiek guztiek oso bilakaera argia eta orekatua (objektiboa?) erakusten dute inkestaz inkesta (ikusi nahi duenarentzat), eta ez bilakaera kaotiko gorabehetsu bat, ikerketa guztiz ‘subjektibo’ batetik itxaron zitekeen moduan (nola gertatzen den maiz euskararen aldekoago edo kontrakoago iritzi subjektiboetan esaterako).

    3. Gainera, ni aipatzen natorren ezagutza eta gaitasun datuen bilakaera argi eta orekatu hori 30 urteotan (objektiboa?), oro har:
    • Ona da 30 urteotan EAEn eta Nafarroa Garaiko eremu ‘euskaldunean’.
    • Ona, nahiz apalagoa, Nafarroa Garai osoa kontuan.
    • Eta aldiz oso negatiboa Ipar Euskal Herrian.
    Guztiok ere gure subjektibitatean ezagutzen, aitortzen eta jasaten dugun bilakaera batean. Iparraldean eta Nafarroa Garaian ‘objektiboagoak’ ote gara EAEn baino? EAEn ote gara ‘objektiboagoak/subjektiboagoak’? Gutako norbera gara subjktibitate/objektibitaten orokorraren epaile hobeak?

    4. Eta hala ere, inkestak inkesta, euskaldunon egoera eta eskubideak 2021ean LARRIALDI ERABATEKOKOA da, LARRIALDI ERABATEKOKOA izaten jarraitzen du, Euskalgintzaren Kontseiluak eta beste (ia) guztiok diogun moduan … Eta ezin bide luze eta malkartsuagoa dugu oraindik aurretik 2024an gure egoera eta eskubideak gutxienez demokratikoki parekatu ahal izan arte gure lurrean erdarek eta erdaldunek gozatzen dituzten egoera eta eskubideekin, estatu espainol eta frantsesek ongi aitortu, babestu eta defendatzen dizkieten bezala. Guri ez bezala. Ezen oraindik:

    • Euskaldunok ez garelako EHko 16 urte edo gehiagoko biztanleen 10tik 3 baino, % 30,2 (eta Iparraldean % 20,1 baino ez, eta galeran; eta Nafarroa Garaian % 14,1).
    • Eta euskaraz hobeto edo erdaretan bezain ongi moldatzen garen euskaldunak oraindik EHko 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 16,58 baino ez garelako (Iparraldean % 10,81 eta galeran; eta Nafarroa Garaian % 2,88).

    5. Baina jabetu eta onartu behar duguna da (eta ez itsu izan nahi) egoera larri hau, askoz ere larriagoa genuela oraindik 1991n, orain 30 urte orain baino (salbu berriro Ipar Euskal Herrian). Jakin behar dugu nondik gatozen, jakiteko non gauden, eta nora joan gaitezkeen (ez itsu izan nahi). Ezen 1991n:

    • Euskaldunak EHko 16 urte edo gehiagoko biztanleen soilik % 22,3 ginen (5etik 1 edo; eta ez % 30,2 2021ean bezala).
    • Eta euskaraz hobeto edo erdaretan bezain ongi moldatzen ginen euskaldunak, EHko 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 13,87 ginen, eta ez 2021eko % 16,58 (2 puntu eta erdiko irabazia, sotila dirudiena, baina 115.588 euskaldun gehiagorena dena, 444.328 2021ean, 328.740 1991n, % 35,16 hazkundea; edo VII. ISko 14. taula eta 16. irudiko datuen arabera, are hobexeagoa: 1991an euskaraz hobeto edo erdaretan bezain ongi moldatzen ginen 325.619 euskaldunaetatik -orduko biztanleen % 13,7- igo gara 467.725 izatera 2021ean, 142.106 hiztun gehiago, % 43,64 gehiago -biztanleen % 17,5; 2,8 puntuko hazkundea-). Gehiago nahi genukeela bai, baina ez dago batere gaizki jada lortua, ditugun baldintza soziopolitikoetan.

    Eta jabetu eta onartu behar dugu azken 60 urteetako lanari esker gaudela (ez gaitezen itsu izan nahi), 2021ean, gure okerrean, orain 30 urte baino askoz hobeto gaudela, eta abiapuntu hobean aurrean ditugun erronka erraldoiei ekiteko, zeinak ez diren gutxi. Eta jakinik, horien aurrean etsitzen badugu, gureak egin duela.

    Baina egia da, eta honetaz argi jabetu behar dugu eta argi aldarrikatu, azken 30 urteoetan IRABAZTEN ARI GARELA, eta ez galtzen (salbu Iparraldean berriro). Orain, gure txarrean, orain 30 urte baino askoz hobeto gaudela. Kontrakoa uste izatea, eta areago, esatea eta aldarrikatzea, harrika aritzea da geure buruari.

    5. Eta ezin dena egin da apropos oker interpretatu eta erabili Inkesta Soziolinguistikoetako datuak euskaldunon egoera gero eta katastrofikoago bat itxuratzeko (zein interesekin?) gure orain arteko ekainaldi guztien balioa gutxietsi nahian (qui prodest?), Euskalgintzaren Kontseiluak bere azken adierazpenean egiten duen bezala, Soziolinguistika Klusterrak maiz egin ohi duen eran, Iurrebasoren azken laneko interpretazioetan egiten ari den bezala, edota Juan Inazio, zuk aipatzen duzu Egunkariko soziolinguistika ‘adituek’ egun batean bai eta hurrengoan ere bai gaztigatzen diguten moduan (gustatuko litzaidake hauek ere beren iritzia ematea ni aipatzen natorren datuen inguruan).

    Amaitzeko, Iurrebasoren lanetik azpimarratu den datu larrietako bat da 2021eko Inkesta Soziolinguistikoaren arabera –horretan ba ote da ‘objektiubo’?– EHko 16 urte baino gehiagoko biztanleon soilik % 8 baino ez garela hobeto/errazago moldatzen euskaraz erdaretan baino. Eta egia da (gure datu zehatzagoen arabera % 7,94 inguru). 1991n % 7,72 inguru ginen. Ez da irabazi handia, egia, nahiz halakoen proportzioa ere handiagoa datekeen 16 urtez azpiko euskaldunen artean, gerora beste hizkuntzetan ere hobeto janzten eta alfabetatzen direnak, gaur egungo munduak eskatzen duen neurrian. Eta hortik abiatu behar dugu aurrera ekiteko. Ez orain arte egindako guztia ur zikinetara botaz (haur eta guzti?).

  • Bittor Hidalgo 2024-12-07 15:11

    Barkatu, datu bat zuzendu behar dudalako:
    Azken iruzkinean diot 2021ean “euskaraz hobeto edo erdaretan bezain ongi moldatzen garen euskaldunak” “Nafarroa Garaian % 2,88” garela, eta ez da hala, baizik eta % 6,82. % 2,88 gara “euskaraz hobeto edo errazago moldatzen garen euskaldunak erdaretan baino -EHko “% 7,940ren” aldean-.

  • Euskaraz erdaraz baino hobeki moldatuta ere euskaldun batek ez dezake esaldi bat hasi “Diozu inkesten gainean…hori ez da euskara, erdara garbia bai. Espero dut zensuratzaileak, Zuzeun izan badira, mezu hau ez ezabatzea. Oso jatorrak, ezkertiar eta abar garete, baina nahi dugunean faxista zensuratzaile osoak

  • Gustatuko litzaidake analisi hauek eremu soziolinguistikoak kontuan hartuko balute. Eremu euskalduna da gehien axola duen eremua, han euskaraz hitz egiten baita. Arabako hegoaldean edo Bizkaiko mendebaldean ezagutza handitzen bada ere, erabilera oso baxua da.

    Bestalde, kale-erabilera da euskararen osasuna neurtzen duen datu bakarra.

    Euskararen kalitatea kontuan hartzeko faktorea da ere, hortaz, horren aldeko sentsibilizazioa landu beharra dago.

  • juan inazio hartsuaga 2024-12-08 23:02

    Aizu Bittor. Lan handiegia da euskaraz erdaraz baino hobe edo berdin moldatzen direla esaten dutenen artean lagin bat hartu eta bi hizkuntzetan duten gaitasuna, aberastasuna eta sormena neurtzea? Subjektibotasunean egon daitekeen errorea neurtzeagatik besterik gabe. Ez naiz orain arteko lan guztia gutxiestearen aldekoa ez eta dena goibel ikusten duen horietakoa. Baina datu fidagarriak izatea gustatzen zait eta alor honetan badirudi batzutan datu fidagarriak baino datu baikorrak biltzea dela helburua.

  • Gau on:
    Ez da hala. Neronek datuak nahi nituzke jakiteko zein eremutan, Euskal Herrian, zer zu nola zaren vasco erabatekoa Nafarroako bi eremu zehatz baino ez dituzu aipatzen: Arabako hegoaldea, hau da, Sonsierra eta Bizkaiko ez dakit zer, hau da: Karrantza. , irakurle gehiago dituen Argia aldizkariak, Berria egunkariak, eta oro har kultur ekoizpena, eta dudarik gabe ezuste handiak izango genituzke. Irun, Eibar batean Berriozarren baino irakurle gehiago, bai zera? Eta Segi horrela.

  • Bittor Hidalgo 2024-12-09 15:18

    Noski, Juan Inazio, galdeketa inkesta bakoitza dela subjektiboa, eta nork bere aburuen arabera erantzuten duela, eta bere burua alde batera edo bestera etzanago izanen duela aleatorioki eginiko 1.000, 5.000 edo 10.000 inkesta galdeketetan. Baina subjektibotasun hori parekoa datekeenez 1991n, 1996an… edo 2021ean, eta Donostian, Bilbo, Iruñea edo Garazin, hori da daukagun datuetako ‘bat’. Beste bat errolda datuetatik eratorritakoa (orduan 2 urteetaiko abiaturikoa, EAEn -Eustat- eta Nafarroa Garaian behintzat), eta batak zein besteak joera berak erakusten dizkigute, nahiz datu milimetriko bakoitza eztabaidagarria izan. Kaleko erabilera datuak beste era batekoak dira, egun bateko ordu batzuetako flasha, kalean batez ere erretiratuak eta azken uholdeko etorkinak ditugunean… Egoera larrian gaude, bai. Iñaki Iurrebasok egun hauetan dioen moduan Euskaltzaindiko webgunean: «Minorizazio egoera larrian gaude». Baina eskerrak azken 60 urtean egin dugun lan on guztiari esker gaude orain 30 urte baino askoz egoera hobean (salbu Iparraldean, berriro). Ez al gara gogoratzen non / nola geunden Hegoaldean frankismo amaierako urteetan, ondorengo lehen haietan… Nondik gatozen ez jabetu nahi izatea, zer bide irabazi dugun ez ikusi nai izatea, geure buruari harrika egitea da… Eta hori guztia kontuan diseinatu behar dugu hemendik aurrerakoa, biziko bagara, euskaraz biziko bagara… Ez azterketa eta dignostiko okerrak eginez. Onak eginik ere, latz asko daukagu… Eta horretan ere ados egongo gara zoritxarrez Juan Inazio… Bejoandegigula!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude