Gereziondoak saritan
Gereziondoak saritan –
Sarien garaia da, sari nazionalen garaia. Ez Euskal Herriko Sari Nazionalak, zoritxarrez, Espainiako eta Frantziako sari nazionalak, txapelketak, errege-erregina eta errepublika arrotzen kopak, dominak, tituluak, izendapenak… baizik.
Garai batean, beren lanak euskaraz egiten zituzten sortzaileak ez ziren Espainiarentzat existitzen; ez zituzten saritzen, harentzat ikusiezinak baitziren. Gehienez, euskal herritar batek gaztelaniaz ekoitziriko lanen bat saritzen zuten noizbait. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan egoera are okerragoa da, frantsesek ez baitute euskara orain arte onartu eta, ondorioz, euskarazko ekoizpenik ere ez dute kontuan hartzen. Katalanez eta galegoz sortutakoekin gauza bera gertatzen zen. Egunen batean, katalanak, galegoak eta euskaldunak Espainiaren barruan sartu behar gintuztela konturatu ziren espainiarrak eta, ondorioz, arteetan hizkuntza desberdinetako atalak sortu eta gaztelaniaz ez beste hizkuntza batean sortzen zutenak saritzen hasi ziren. Ez oso gustura, baina onartu beharreko errealitatea omen zen, gu ere espainiarrak ginelakoan. Badirudi, azkenean, hizkuntza gutxituen balioa estimatzen hasi zirela espainiar mesetan. Ala irudikeria baten aurrean gaude?
Egun hauetan, Galizia, Katalunia eta Euskal Herriko alderdi politiko abertzaleek eta Espainiako ezkerreko alderdi batzuek Espainiar estatuko hizkuntza gutxituen aldeko proposamena aurkeztu dute Espainiako Kongresuan. Espainiar alderdi politiko handiek proposameneko atal gehienei ezetz borobila eman diete, eta azkenik, Kongresuak gobernuari hizkuntzen ofizialtasuna sustatzea eskatu dio. Diktadura bukatu, autonomiak ezarri eta 45 urtera Madrilgo Kongresuan adierazpen-eskaera bat egitera iritsi dira. Egun hauetan ere, Frantziar Estatuaren Senatuan, bretoi batek hala eskatuta, hizkuntza gutxituen aldeko deklarazioa onartu dute. Berrehun urte eta gero berdintasunaren errepublikak beste hizkuntzak onartu ditu. Abiadura horretan, zerbait egitera iristen direnerako, espainiarrek zein frantsesek hizkuntzen hilerrian aurkituko dute euskara, krokodiloen malkoz eta pozez beterik.
Hala ere, gure hizkuntza nazionalei ematen dieten tratu txarrak bere horretan dirau. Frantziar errepublikak ez ditu oraindik hizkuntza gutxituak ofizialdu, «toleratu» egiten ditu, baina administrazioan eta bizitza publikoan frantsesa dugu nagusi, eta ohiko prefetak maiz debekatu edo oztopoak jartzen ditu, berdintasunaren izenean. Espainiar monarkian, hizkuntza gutxituak bere lurraldeetan koofizialak izan arren, Madrilgo erabakien menpe segitzen dute. Nafarroaren kasua agerikoa da, Lingua Navarrorum-en eremuan nafar guztiek ez dute eskubide bera hizkuntzari dagokionez. Askotan ikusi eta entzun dugu, zenbait lanpostu, lege edota bestelako arauetan euskarari maila ofiziala eman nahi izan dionean udal batek, aldundiak edo… errekurtsoa jarri, Espainiako epaitegietara eraman eta aurka azaldu dela, espainiarren eta gaztelaniaren babesaren izenean, oraingoan.
Ez dut uste espainiar/frantziar politikariek noizbait gure hizkuntzei gaztelaniak-frantsesak duten maila ofizial bera emango dietenik, ezta utziko diotenik gure hizkuntzei dagokien orotan esku hartzeari. Ez, haien menpe bizi garen artean, behintzat.
Hala ere, garai honetan gereziondoak saritan daude eta hor dugu espainiar sariak jasotzera Madrilera hurbiltzen den sortzaile euskaldun andana. Parisera auskalo! Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan euskarak ez baitu inolako estatusik. Dena den, lehengo euskaldun askok Historian zehar egin bezala, orain ere beste batzuek menperatzen gaituzten arrotzen sariak, dominak eta lausenguak jasoko dituzte poz-pozik, espainiarrek eta frantsesek gure herria eta gure hizkuntza legez, indarrez edota azpijokoz zapaltzen jarraitzen duten bitartean.
Euskaldun batzuek, behintzat, ezin dugu ahaztu euskarak mendeetan jasan eta jasaten duen bazterketa, ezta euskarazko komunikabideak indarrez itxi egin zituztela ere. Ezin dugu ahaztu kultura arloan mugitzen ziren espainiar amorratu horiek Fermin Muguruzari Madrilen botatako txistukada lotsagarria, Egunkaria-ren itxiera salatu zuenean. Ez dut keinu soil batek euskarak jaso dituen mendetako zapalkuntza eta umiliazioa zuritu ditzakeenik sinesten, batez ere, keinu hutsa delako. Baten batek aurrerapauso bat, botila erdi beteta ikusiko du egun hauetan entzundako adierazpenekin, baina nik hutsa segitzen duela dakusat, azken batean, gure hizkuntzari dagokion geroak espainiarren zein frantsesen borondatearen menpe segitzen baitu eta borondatea haizearen araberakoa baita.