Gaurko apaizak
Gaurko apaizak –
Iaz, D ereduko ikastetxe bateko Eskola Kontseiluan (organo nagusia) hizkuntza diagnosiarekin kezkatuta zegoen Guraso Elkarteak burutu behar den eskolaren Hizkuntza Proiektuarentzat “Euskararen Normalizazio Plan” bat aurkeztu zuen. Berehala, alternatibarik aipatu gabe, irakasle batek “muturra sartzea” salatu zuen gainontzeko irakasleen isiltasunaren aurrean. Lan eta zaintza ordutatik kanpo lan egiten duten guraso kezkatiek ezusteko traba bat ezagutu zuten. Tamalez, beste eskola askotan antzeko erreakzioak ohikoak bilakatu direla ongi dakit. Aita izan aurretik ez nuke sinetsiko, baina batzuen mundu-ikuskeran, euskararen transmisioa zerbait burokrata, gremiala eta ahalik eta “neutroena” da.
Euskaltzaletasuna mugimendu komunitarioa da, gaurkook euskararen transmisioan katebegi bat besterik ez gara. Honetan gabiltzan guztiok berdinen arteko harremanak behar ditugu, ez gremialak, ez piramidalak. Horrek ez du esan nahi eragile bakoitzaren esparrua errespetatu behar ez denik. Euskara sektorizazio eta indibidualismoarekin ahultzen da, hizkuntza eta komunitatea ardatz duten proiektu planifikatuekin sendotu egiten da ordea. Umeekin denok egoten gara, guraso, aisiako begirale zein irakasle. Etxetik, hezkuntza araututik edo aisiatik eragiten dugu, beraz, ez al du zentzurik denon artean normalizazioa arautu eta planifikatzeak eta denok ardurak hartzeak?
Ez dut aipatu, baina aurkeztutako alternatiba inertzia jarraitzea da, hau da, beste hizkuntzekin txatxiberdintasunean euskal kultura neutro, politikoki zuzen eta jatorra transmititzea. Bakarrik egoera idilikotarako heziko ditugu umeak? Ez, gurean aurrera egiteko aukerak ez dira berdintasunean banatzen, ahalduntzean hezi behar ditugu. Aipatu beharra dago ere, gaurko transmisioaren beharren inguruan hausnartu, ahaldundu eta pauso bat aurrera eman eta erreakzionatzen hasia dagoen irakasleen berri izan dudala azken aldian. Baina atzerago aipatu dudan profil hau duten irakasleak hausnarketara nahi nituzke deitu, berandu baino lehen, ez daitezen gaurko apaizetan bilakatu, etika postmoderno edo progrekoak, baina finean sistema bertikal honen gaurko apaizak.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2023ko urriaren 25ekoa]