Gau beltza, ostegun beltza…. gure beltzak

Gau beltza, ostegun beltza…. gure beltzak –

Gau beltza, ostegun beltza.... gure beltzak

Beltzak koloreetan mundu mailako sinbologian usteltze, umotze, gainbeheratze, desegite, desagertze egoera edo errealitateak adierazten ditu. Geu ere, geure euskaratik, mundutik kanpo ez gaudelarik, adierazi modu horien parte ere bagara. Euskara dago munduan eta mundua euskaran eta, besteen ikusian, “negra”, “black”, “noir” diren egoerak gurean ere, beste horrenbeste, eta hortaz beltzak.

Arrotz bezain indartsu sartu berri zaigu Halloween-ena eta guretik, kanoikada kolonizatzailea zertxobait konpentsatu-urtu nahian-edo, zenbait herritango “gau beltza” indartu eta hedatu egin dugu. Berriki, “ostegun beltza” proposatu digute Hezkuntzak pairatzen duen egoera salatze aldera, hau da, aldarrikapen-protesta moduan ostegun-ostegunero beltzez joatea lanera.

Aurreko beltzak, alegia gau beltzaren “beltzak” jada piztu zuen nire baitan “beltzarekikoen” jakin-minaren txinparta. Ordukoan baina, beltzaren euskal trataeraz zerbait sakontzea bazter utzi nuen, zera pentsatuta, gau beltza delakoak erdaretako balizko “black night” delako batek edota “noche negra” delako batek eta antzekoek lekarkiguketenari deus gutxi edo deus berririk ez ziola gehitzen.

Bigarrenak baina, Hezkuntza deialditiko “ostegun beltzak” berriz ere jarri nau martxa eta abian beltzarekikoaren sakontzean. Izanez ere, nengoen edo nago, “ostegun beltz” horiek, bere beltzean, euskaraz, ez zutela agian adierazten adierazi asmo luketena, edo baliteke baietz, baina horrekin bateratsu, inondik, inolaz, adierazi nahiko ez genukeen zerbait ere ari zitzaigula zinez eskapatzen. Beltza oso ere oso dago sartua gurea euskaran, jendea kalifikatze aldera, izua adierazte aldera, egoera zinez latz baten ezineramana adierazte aldera… oso presente eta oso era fresko batean dago txertatua beltza adjektibo eraginkor moduan geure hizketan. Hemen ezin luzatu erabilera horien guztien berri ematen, baina bai gomendatu honen inguran Patziku Perurenaren Koloreak euskal usadioan liburua.

Orain, lerro hauetarako, beltzaren gaineko euskararen aberastasun baztergabea alde bat utzita, heldu diezaiogun orain beltzak euskaraz bestez ez duen adiera berezi eta berezko horri. Izanez ere, gorago esanda moduan, gure beltzak ondo ere egiten du bat beste erdaretako beltzekin, baina badu gure euskarak beltzaren adiera oso berezi bat, oso berea duena. Guretzat ezinaren eta ezaren kolorea dugu beltza, gorriaz batera: “egun guztian lanean, eta jateko adina ez atera: beltza da gero hau, beltza denez” (Patziku Perurena, 22.or.). Ezina, eta nolabait edo beste, eza edo falta ere adiera lezake: “barkatu egin beharko dit erretore jauna, banuela uste nuen, baina ez dut bada beltzik ere!… gerora apaizak arrapostu: “beltzik ez duzula? Hori duzu beltza hori, eza duzu beltza, eza!”. Euskaraz beltza “ezarekin”, “gabearekin” edo “gabetasunarekin” dago hertsiki lotua, eta, hortaz, eza da beltza edo beltza da eza.

Bukatze aldera, “ostegun beltzerako” deialdiak ernatutako lerro hauei amaiera emate aldera, zera adierazi, zeraren uste  nirea adierazi: nago “ostegun beltz” delako hori erdaratik izan dela pentsatua, gurean tamalez eskuarki ohi dugunez. Nago inork ez duela zinetan euskal beltzaren esanahi sakona aintzat hartu. Eta, hala ez balitz ere, agian, baina soilik agian, ekar lezake zer edo zer aldarrikapenari, “ezatik”-edo helduko bagenio beltzari. Horrela eta guzti ere, nago eza delako hori oso lotuta dagoela aldez arretiko “ezinarekin” eta orduan belztuko zaigu bilatutakoa.

Gau beltza, ostegun beltza…. gure beltzak

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.