Gatazka sortzen du euskarak
Gatazka sortzen du euskarak
Gatazka sortzen du euskarak, deserosoa da; hala ondorioztatu nuen orain gutxi klasean. Aurreko astean bolo-bolo ibili den erreportajea izan da El Correo egunkariak argitaratutakoa: magisteritzako zenbait ikaslek gradua ikasi ahal izateko eskatzen duten euskara maila dela-eta EAEtik alde egin behar izaten dute. Bestalde, eta bide batez, tamalgarria da EAEn ikasitakoak badira bederen, euskara maila oinarrizkoa ez izatea. Kontuak kontu eta gustuko ikasketak gazteleraz egiten ari naizela aintzat hartuta (euskaraz egiteko aukerarik ez dudalako), hainbat galdera, kezka eta frustrazio konpartitu nahiko nituzke.
Hego Euskal Herrian hazi eta hezi naizenez biak ikasi ditut, euskara lehenengo eta gaztelera gero. Barkatu, Hego Euskal Herrian hezi eta hazi naizenez hirurak ikasi ditut euskara lehenengo, gaztelera gero eta ingelesa beti. Ikasketak ere hiruetan egin behar izan ditut, halabeharrez batzuetan eta hala nahita besteetan. Baina bereziki mingarria egiten zait, zapaldua zapaltzaile rolean hain modu zakarrean jartzen dutenean. Egia da ez ninduela gehiegi harritu erreportajearen gaiak eta tonuak, jakin baitakigu nork astintzen zuen luma, baina neu ere haserretu naiz beste zenbaiten antzera.
Gazteleraz jasotzen ditut klaseak astean hirutan, taldeak hala erabakita, eta gehienak euskaradunak garenez, irakasleak gazteleraz eginagatik bakoitzak nahi duen hizkuntzan hartu dezake parte. Orain gutxi bertsolaritza jorratu behar genuela eta, irakasleak klasea euskaraz egitea proposatu zigun (tartean baziren bi ulertzen ez zutenak). Une batez elkarri begira geratu ginen nork hitza hartuko, euskarak egoera deserosoak sortzen ditu zenbaitetan. Gutxi geunden klasean eta itzulpen lanak egiten hasi baino –denok gazteleraz ulertzen genuela kontuan hartuta–, gazteleraz egiteko arazorik ez zegoela erantzutea pentsatu nuen lehen zapustean (liskarrak ekidite aldera). Zapaldua izan naizela baino zapaltzaile izan nintekeela pentsatu nuen. Azkar batean aldegin zuen, zorionez, lehen burutazioak, eta ikaskideak eta irakaslea ni baino azkarrago ibili zirela-eta, ohartu nintzenerako urte osoan lehenengoz euskara hutsean ari nintzen klase bat jasotzen itzultzaile lanak egiten nituen bitartean.
Bada, Euskal Herriko Unibertsitate Publikoan gaur gaurkoz zail da gradu zein graduondoko bat oso osorik euskaraz egitea (zer esanik ez Nafarroan eta Iparraldean); hare gehiago, Euskal Herriko Unibertsitate Publikoan gaur gaurkoz ezinezkoa da kasik gaztelerazko oinarrizko ezagutzarik gabe gradu edo graduondoko bat eskuratzea (zer esanik ez Nafarroan eta Iparraldean). Eta ez, ni ezin naiteke Errioxara joan euskara hutsez ikastera.
Gatazka sortzen du euskarak
Euskarak ez du gatazkari sortzen, gatazka gaztelera ta bere aldekoek sortzen dute, erdaldun elebakarrak sortzen dute, hona etorritako espainiar ta frantziarrek sortzen dute, beraien estatuak….
Sinestarazi nahi digute euskara dela arazoa, arazoa beraiek direnean.
Hara, arraroa!! Arazoa elebakartasuna da bost axola nondik datorren. Zurean jarria; bertoko, jatorrizko, peto, 8 abizen nahi adina elebakar topa deikezu E.Han, barra-barra. ” kanpotik etorritakoak….” aski da, hau bezalako kontzeptu iritzi xenofoboek iruzurra izateaz gain, ezer gutxi konpontzen dute. Gehio zokoratzen gaituzte.
Portzierto, zorionak Malen, artikulu oso ona!
Euskaldunak noizbait atera behar ditu atzaparrak eta hortzak bestela otzanduko gaituzte gure etxean arrotz bihurtu arte. Mitxelenak esan zuen euskara ahulegia zela arma moduan erabiltzeko, baina , bestetik, euskarari funtzio eta eremu esklusibo guztiak kendutakoan bereak egiten duela irakatsi digute. BEHARREZKOTASUNA da bidea, beharrezko bihurtu behar da, erdaldunak sentitu behar du galdu egiten duena euskara baztertuta. Ikusita daukagu hainbat udaletan. hasierako buila osoko bilkura euskaraz kaskoekin eginda, baina gero zinegotzi erdaldunak arrastoan sartuta. Eta zenbat urte galdu ziren udal horietan inor mintzeko beldurrez? Galdu egiten direla zenbait ikasle Kantabriako eta Errioxako? Eta zer? Halakoak eta hobeak daude euskaldunak, hau da elebidunak eta are hirueledunak ere. Dena den, prentsa horren oraingo kanpainek ez dute lehen izan zuten segidarik. Jendea horretara ere ohitu da. Beraz guk geureari eta aurrera!
Gatazka eragile gisa aurkezten dute euskara, desagerrarazi nahi duten horiek. Unionismo espainiarrak batik bat. Ezker-eskuin. Podemosek zer egiten duen ikuskizun.
Horri gehitzen bazaio EAJko errejionalisten neutraltasun-utzikeria eta ezker abertzalearen despiste orokorra, halaxe.