Gasteizko udaltzaingoa, PL2 eta ELA
Gasteizko udaltzaingoa, PL2 eta ELA –
Bigarren aldia da berbera gertatzen dela. Orain dela hilabete edo urte gutxi batzuk, elur bolatxo bera bultzatu zuen maldan behera norbaitek, interesatuki, bueltaka-bueltaka erraldoi bihurtu eta, jendearen nahasmenaren artean, ELAren lokalaren kontra jo zezan.
Kontua oso sinplea da, eta horregatik hemen azalduko dut, asmo oneko jendeak istorioa erraz uler dezan, benetan erraza baita:
Gasteizko udaltzainen artean mugikortasun prozesu bat abiatzen da. Eskaintza ateratzen denean, ez da zerbitzu guztietan euskara eskatzen. Arbitrarioki hautatutako zenbait postutan soilik eskatzen da euskara. Guk esaten dugu hori ezin dela izan. Udaltzaingoko zerbitzu guztietan eskatu behar dela euskara, herritarrei arreta euskaraz bermatu ahal izateko. Nola konpon daiteke hori? Nola lor daiteke euskarazko arreta Gasteizko Udaltzaingoan postu gutxi batzuetara ez mugatzea? Aurreko eskaintzari demanda bat jarriz. Eta horixe izan zen egin genuena, eta horixe izan da orain irabazi duguna (udalak eta udaltzaingoko jefaturak gauzak gaizki egin zituztelako).
Zer esan nahi du horrek? Horrek esan nahi du aurreko eskaintza bertan behera gelditzen dela, eta eskaintza berria egin behar dela, udaltzaingoko zerbitzu guztietan euskara bermatuz. Hau da, erabakia ona da euskaraz bizi nahi duten Gasteizko biztanleentzat, eskaintza berrian arreta euskaraz jasotzeko aukera zerbitzu guztietara zabalduko baita.
Zer gertatzen da? Epaia sartzean mugikortasun prozesu hori hasi aurretiko egoerara itzuli behar luketela udaltzainek (horrek ekarriko luke arreta zerbitzu zentralera PL2 gabekoak itzultzea). Dena den, anabas handiegia ez sortzearren, saiatuko da eskaintza berria azkar egin eta udaltzainak zuzenean postu berrira pasatzen, lehengo lekura itzuli gabe. Horregatik ari gara epaia urtarrilean indarrean sar dadin saiatzen (printzipioz irailean sartuko litzateke), ez daitezen udaltzainak eskaintza aurreko postura itzuli, ondoren eskaintza berriko postura pasatzeko; eta bide batez, arreta zerbitzu zentralean ez gaitezen itzuli, epe laburrerako bada ere, zerbitzua euskara bermatu gabe ematera.
Gauzak hala izanda, irakurri orain Noticias de Alavan larunbatean argitaratu zuten albistea. Zer iradokitzen dizue? Balirudike ELAk udaltzainei euskara exijitzearen kontra egiten duela, hain justu egia alderantzizkoa denean. Jakina, behin albiste hori eskura izanda, estima handirik ez digun jendeak badauka munizioa gure kontra kargatzen jarraitzeko, hain da jolas erraz eta bihotz-altxagarria!
ELA euskararen aldeko agente aktibo bat da, eta halaxe izaten jarraituko du, azken kongresuan onartu genuen “EUSKARAZ LAN EGITEKO ESKUBIDEAREN ALDE
ASIMILAZIO KULTURALAREN KONTRA” ebazpenak dioen moduan.