Gastehizko hondartzak
Gastehizko hondartzak –
Duela 1000 urte, Errioxako Donemiliaga Kukulan, goiko monasterioan, abade batek dokumentu bat idatzi zuen, eta bertan, Arabako 307 herriren izenak utzi zituen dokumentatuta, etorkizunerako erregistratuta.

De ferro de Álava zuen izentzat agiriak, eta Arabako herri bakoitzak monasterioari ordaindu beharreko zerga kopurua zehazten zen. Badirudi biztanle kopuruaren arabera “reja” gutxiago edo gehiago ordaindu behar zirela, hau da, goldeen burdinazko muturra edo nabarra zela garai hartako zerga-diruetako bat.
Kontua da agiri horretan agertu zela lehen aldiz gaur egun gure hiria izendatzeko erabiltzen dugun izenetako bat: Gastehiz; eta aurten beteko direla 1000 urte hori gertatu zela. Ordurako, antza, Alde Zaharreko muinoan bizi zen giza eta eme taldeak herrixka bat baino zertxobait garrantzitsuagoa zen antolakuntza bat osatua zeukan zegoeneko, eta ondorioz, Gastehiz hura, seguruenik, harresitutako gune bat zen.
Pasa dira mila urte, eta nago izaera eta historia kontuak ez zaizkiola inori axola gure udal gobernuan, izan ere, oraindik, ez diot inori entzun aipamen txikienik ere. Ezjakintasuna? Utzikeria? Hiriaren iragan euskalduna ezkutatu nahia?
Adurtza auzokoek bai, horiek garbi izan dute ospatzekoa eta balioan jartzekoa dela, haien auzoa altxatu zen lekuan bertan, duela 1000 urte bazela herrixka bat, emakume eta gizon talde bat, beren etxe multzoari Adurzaha izena ipini ziotenak, eta eguneroko erronkei aurre egiteko izen horren inguruan antolatu zirenak.
Ez dira bakarrak izan, gipuzkoarrek ere heldu diote gaiari, eta ezagutarazi dute Ipuscoa izenak mila urte bete dituela, eta hortik abiatuta sortu zela gaur egungo probintzia. Gaiari heldu, balioan jarri, jardunaldiak antolatu, eta erakusketa bat ere paratu dute.
Eta Gasteizen? Badirudi vitorianismoa dela nagusi. “Euskal” arrastoa duten lekukotza berriei zein zaharrei gero eta kasu gutxiago. Zertarako jaramonik egin? Hobe martxoaren 3ko sarraskian parte hartu zuen Polizia Nazionala takean-potean udaletxera gonbidatu, eta duela 200 urte sortu zela ospatu.
Duela 1000 urte Gastea izenekoaren jabetza omen zen Gastehiz, gaur egun, erdaltzale axolagabeen esku dago, eta lan handia izango dugu hiria euskaltzaletasunetik eraiki eta kultur aniztasunean hezi eta hazi nahi dugunok.
Gastehizko hondartzetan aspaldi idatzitako ipuinek beren lekua hartu beharko dute berriro hirian, eta Xabierrek irudikatu bezala, euskaraz busti gure kaleak.