Garbizalekeria (Atik Zra)
Garbizalekeria (Atik Zra) –
Edo purutasun linguistikoa. Gurean honekin arazoak izan ditugu, Ameriketan ere badituzte honekin arazoak (nik, batez ere, Cuetzalan inguruan sumatu dut, baina antza hainbat komunitate indigenetan ere bada) eta, seguru nago, beste hainbat lekutan ere arazoak dituztela edo izan dituztela. Eta zer da ba? Edo zelan definitu dezakegu? Honela, gutxi asko: ustezko purutasun bat bilatzea hizkuntzari eta balioa aitortzea bakarrik tradizioz datozen berbei. Ameriketan, adibidez, elebakar zahartxo asko kexu da, gazteek mailegu asko egiten dutelako-edo. Hortaz, gazte hauek ez dute “ondo” egiten. Eta horrek dakar, hein batean, erabilera jaistea (legitimitaterik ez duten heinean).
Baina … hizkuntza ez da mugiezina, badu garatzeko “eskubidea” (eta betebeharra). Garbizalekeria honek badakar ikuspegi kontserbatzailea, hizkuntzaren egitura zaharrak bere horretan mantendu behar direlako ustea. Baina hizkuntza bizia da, eta aldatu, garatu, mudatu behar du, derrigorrez. Eta, seguruenik, gauza batzuk ez zaizkigu larregi gustatuko (gurean eztabaida latzak eragiten dituzten sukaldatu, harremandu eta horrelako batzuk), seguruenik, tentsio bat egon behar da garbizalekeria eta mordoiloaren artean, baina hizkuntzak aldatzen dira, mudatzen dira eta, mudatzen diren heinean, daude bizirik eta biziarazten.
Beraz, garbi eta aratz arropa, garbi eta aratz bazterrak; mingainak, ostera, zikin, lohi eta lirdingatsu. Eta berbak asmatzea, eta jolasak egitea horrekin, eta atzizkiekin eta aurrizkiekin olgetan egin, eta sormena hizkuntzara ekarri. Hori bai, eta difusioa, eta hedapena, eta abar. Garbizalekeriaren aurrean, gomendio batzuk: Zerocalcareren komikiak, Iñaki Segurolaren edozein lan, Asiskoren komikiak, #hitzokei traola edo Mihiluze lehiaketa. Lardaskatu dezagun hizkuntza (ere).
…
Garbizalekeria (Atik Zra)
“Es ke sentitu behar dira superobserbaus”
“Purutasun” linguistikoarekiko tema baino askoz arazo handiagoa dugu hizkuntzaren degradazioarekin, pobretzearekin, hizkuntz ordezkapenarekin finean. Joera handia dago degradazioari, kamusteari “eboluzio” edo “garapen” deitzeko, ordezkapen linguistikoaren zantzu larriak direnean ere.
Ados nago Maiterekin… baina arazo handiagoa baino, arazo gehiago dugu tartean. Arazo bikoitza dugu, gainera: ez zaigu hizkuntza degradatzen ari hizkuntza ordezkapenagatik.
Batetik, naturala, baitezpadakoa balitz hizkuntzaren degradazio ebolutiboa, kamustea eta pobretzea, sekulan ez zatekeen iritsi inoiz iritsi zen konplexutasun (zehazmen eta adierazkortasun) mailara. Hizkuntzaren ekonomia diote, baina, horrela izatera, noizbait zarrastelkerian aritu ziren hiztunak, egitura konplexu eta zehatzak sortuz.
Bestetik, hizkuntzaren degradazioa gertatzen ari da; hizkuntzarena, Euskara zein Gaztelania (gure ingurunean behintzat) izan. Gaztelania berdin, degradazio prozesu orokor batean sartuta dago, nire ustetan (behean aipatzen ditudan atal guztietan gainera; emanen nuke zerrendatxo bat oraintxe bertan…)
Eta horrek zailtasun itzelgarria gehitzen digu Euskara ikasteko asmoa denean. Axolagabekeria joera nagusituta, zertarako dedikatu denbora hizkuntza bat ikastera, horrek ahaleginak egitea eskatzen badu, eta gure “tendentzia natural” horren aurka badoa, eta hizkuntza bat ikastea zehaztapen eta mekanismo linguistiko bereziak eta berriak xeheka ikastea dakarrenean?
Gehituko nuke beste zerbait; hizkuntzek badituzte atalak, morfologia, sintaxia, lexikoa… bereizi behar genuke purutasuna zertan ematen den, edo garbizalekeria zeri datxekion, hala nola hizkuntz lardaskatua zeri esaten diogun. Zeren eta, Asisko bat aipatuta, Asiskok hizkuntza menderatzen eman baitu bizitza. Jolas egiten du, baina lehenik, hizkuntzaz jabetu da. Hizkuntzaz jolastea ona da, baina aurretik hizkuntzaz jabetzeko hautua egin badugu.
Egun, aldiz, joera “naturala” axolagabekeria da…
Zikinzalekeria ere baztertu beharra dago. Aniztasunaren kontrakoa eta atzerakoia da oso zikinzalekeria, hizkuntzen berezko ezaugarriak ezeztatu eta denak homogeneizatzen dituelako.
Zentzuzko oreka bilatu behar da, berezkoari eutsiz eta hitz berriekin aberastuz.