Galtzekorik ez

Galtzekorik ez –

Ana Urkiza, Noticiasen.


Galtzekorik ez

Siadecok egindako azterketaren arabera, Espainiatik gurera etorritakoen %31k omen du euskara ikasteko interes handia edo oso handia. Eta beste erbesteetatik etorritakoen artean, ostera, %49,8koa omen da euskararen aldeko interesa agertu dutenen ehunekoa.

Erreakzioak berehalakoak izan dira gurean. Eta Espainiatik etorritakoen erantzunaren portzentajea beste erbesteetatik etorritakoena baina txikiagoa izateak min egin digu. Berain jarreran irakurtzen dugulako nola esaten diguten, beraiek Espainian bizi direla eta ez daukatela euskara ikasi beharrik.

Jarrera garrantzitsua da eta, alde horretatik, badaukagu zertaz kexatu. Entzuteko eta ikusteko asko izaten baitugu. Baina lehen erreakzioaz harago, datuak nola irakurtzen diren ere ba da kontua. Zeren eta titularra alde batera utzita, datuak ez dira batere txarrak. Espainiatik datozenen heren batek eta beste erbesteetatik datozenen erdiak euskara ikasteko interesa izatea, oso datu positiboa da. Guk euskaraz egiten duguna baino askoz kopuru handiagoa baita. Eta ni horrek nau mintzen eta kezkatzen. Erbestetik datozen horiek guztiek gu geu ere espainolez bizi garela ohartzen direnean (batez ere, erabiltzen ez dugulako), nola planteatuko duten euskara ikastea.

Purrustadaz eta mina partekatzeaz harago, etxean daukagu zeregina. Kanpotik datozenek (espainolak zein besterik izan, eta jarrera baikorrarekin edo juxtu kontrakoarekin agertu) ikusiko balute hemen bizitzeko derrigorrez euskara jakin behar dela, egingo lukete. Euskara ikasiko lukete. Herri txiki zenbaitetan hala gertatzen baita. Prozesu oso natural baten emaitza gisa.

Baina, tamalez, hori ez da horrela gure herriko geografia zabalean. Erbestetik datozenek ez dute ikusten gu euskaraz bizi garenik, ez dute ikusten baliozkoa denik eta, ondorioz, ez dute nozitzen ezer garrantzitsurik galtzen dutenik ere euskara ez jakitearren. Ez dira kontziente, kasu askotan, mundu bati bizkar emanda bizi direnik. Ez baitute mundu hori, gurea, usaindu ere egiten. Hori gakoa.

Galtzekorik ez

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude