GainETBehera
GainETBehera –
Duela hilabete batzuk irakurri nuen berriak eman zidan gai honi heltzeko bultzada: ETB3-k Ene Kantak taldeak bertan zuen haurrentzako programa ez luzatzeko erabakiak harrituta utzi ninduen, eta ulertu ezinean segitzen dut, halako programa txukuna eta egokia izanik…
Oso gutxi ikusten dut telebista azken urteotan, eta ez naiz inondik inora gaian aditua. Baina horrek ez du esan nahi euskarazko telebista publikoaren, eta bereziki ETB1 katearen, bilakaerak eta egungo egoerak kezkatzen edota haserretzen ez nauenik.
Izan ere, bestelako ETB1 ezagutu genuen, duela ez hainbeste, 80. eta 90. hamarkadetan, euskal telebistaren hasierako urte haietan. Euskararen aldeko apustua egiten zuen telebista, euskarazko edukietan inbertituz, ekoizpen propio ugari eskainiz zein atzerriko filmak euskaratuz.
Honen adibide ugari aipatu genitzake: bertan ekoitzitako euskarazko serieak (Bi eta Bat, Jaun ta Jabe, 64, Nire familia eta beste piztia batzuk, Goenkale, Bentaberri…), umorea lantzen zuten programak (Txiskola, TxokoLatex, Funtzioa, Hau da A.U., Wazemank…), musika saioak (Katukale, Ikimilikiliklip, Olentzeroren musikala…), etxeko txikienentzako saioak (SuperBat kluba, Flannery eta bere astokiloak, Barraskilo Boss eta Pantxineta, Hankaz gora, Bilin Bolonka, Txirri Mirri eta Txiribiton, Euskaraokea, Fernando Amezketarra edo Lazkao Txikiren marrazki bizidunak…), eguneroko entretenimendu saioak (Bertatik Bertara, Sorginen Laratza…), eztabaida saioak (Firin Faran), nazioarteko filmen estreinuak euskaraz eta zine programak (Zine Oro), euskara ikasteko saioak (Bai horixe), futbol, saskibaloi edota eskubaloiko partiden emanaldiak…
Non geratu zen, ordea, hori dena? Zer gertatu zen bidean? Nola liteke posible hasierako urte zailenak ondo gainditu ostean, halako gainbehera izatea ondoren? Ez dut uste iritzi kontua denik hau, datuak oso argiak (eta larriak) baitira. Adibide moduan euskaraz emaniko pelikulena izanik argigarriena: 1983-1986 artean, ETB-k pelikula guztiak euskaraz emititzen zituen. Ordutik izugarri aldatu da, baina, egoera. Izan ere, 2023ko abendua eta 2024ko urtarrileko datuak begiratuz gero, euskaraz film bakarra emititu dute eta gazteleraz 86. Eta 2022ko maiatza eta iraila arteko datuak are eta okerragoak dira: gazteleraz 130 filma emititu ziren, eta euskaraz bakar bat ere ez. “La Noche de…” programa 29 urte doa telebistan, eta ehundaka film emititu dira bere baitan. Guzti-guztiak gazteleraz. Datu adierazgarri bezain tristea. Eta ez da joera orokortu bat: Galizian, TVG-ak film denak (%100) galegoz emititzen ditu (PP agintean egonik) eta Katalunian, TV3-k ere pelikula denak katalanez eskaintzen ditu…
ETB-ren sorrerako, hasierako xedea euskararen normalizazioan laguntzea zen. Azkenaldian, juxtu aurkakoa gauzatu dela iruditzen zait:
- ETB1-en aldeko apustua egin eta berau indartu beharrean, erabat ahuldu eta edukiz hustu dutela, gaztelerazko ETB2an inbertituz, zentratuz baliabide ia denak.
- Euskara zabaltzen lagundu eta euskal hiztunak ez direnak euskarara gerturatzen ahalegindu ordez, euskal hiztunak gazteleraz egitera behartzen amaitu du. Eta oso gogorra da hau. 2016an, lehen pertsonan bizitzea tokatu zitzaidan, Sahara Marathon-en parte hartzetik itzuli nintzenean, ETB-tik elkarrizketa bat grabatzeko deitu baitzidaten, baina gazteleraz egiten banuen soilik. Eta hantxe bukatu genuen, Gaztetapeko hondartzan, Altsasuko aurkezle euskalduna, Mungiako kameralari euskalduna eta hiruok, ON botoiari ematean, gazteleraz egitera behartuta…
Euskal edukien eskaintza jaitsiera justifikatu nahian, ikusle kuotak erabili izan dituzte, aitzakia gisa. Argudiatuz kuota txikia duela ETB1-ek. Baina ez dakit zer den lehenago, arraultza edo oiloa… Ze agian (ziurrenik) ETB1-eko edukien kalitate zein kantitate murrizketak ekarri du ikusle kuota baxua izatea, eta ez alderantziz…
Eta ez da hizkuntza kontu soila, baita erreferentzia nazional edo kulturalei dagokiena ere. Gaur egun, ETB-ko edukietan askoz presenteago baitago estatu espainiarreko lekurik urrunena, Ipar Euskal Herriko toki gertuena baino…
Agian euskal gizartearen bilakaeraren isla soila da ETB1-n aipatu gainbehera? Euskararekiko azkenaldian dugun utzikeriaren, pasibotasunaren ondorio soila? Eta galdera gehiago ere bururatzen zaizkit: Audientziek gidatu behar al dute telebista publiko baten apustua? ETB-ren benetako apustua ETB2-rekin T5 edota A3 bezalakoekin konpetitzea izan beharko al luke? Zenbateraino da egokia (eta etikoa) zerbitzu publiko bat alderdi baten (interesen) menpeko bilakatzea?
Eta erantzuleei dagokionez, ezin ditugu “baloiak kanpora bota”, ETB-ren inguruko erabakiak eta zuzendaritza azken lau hamarkadetan EAE-ko agintean izan diren alderdi politikoen esku egon baitira…
Bada garaia, tristezia handia eragiten duen gainETBehera hau eten, eta ETB-ren egoerari buelta ematen hasteko; ETB-ren benetako apustua euskarazko eta euskaldun denontzako telebista duin eta sendoa osatzea izateko. Ze gazteleraz, lehendik ere, badaude beste ehundaka kate…