Ezkilak jotzera ausartu ez ginen urtea
Ezkilak jotzera ausartu ez ginen urtea
Ezkilak ez genituen jo. 1980. urtea zen. Ideia ausarta bat atera zen karrikara eta hedatu zen Euskal Herrian. Baina ez ginen ausartu ezkilak jotzea.
“Korrika” deitu ekintza zabal eta berritzaile bat atera zen hedabideetara, gizartera, bazter guzietara. Gora eta gora zetorren mugimenduak gehiago behar zuen, astinaldi bortitz baten beharretan zen. Lurrikara baten beharretan ginen. Baina ezkilak mutu gelditu ziren, ez ginen ausartu.
Koheteak bota, otorduak egin, elkar animatu, borroka nahia azaleratu, kanporatu, hedatu. Baina ezkilak isilik gelditu ziren, ausardia falta izan zitzaigun. Eta hutsune hura gelditu zitzaigun betiko.
Korrika, korrika… Atx! Hitza ez zitzaigun gehiegi gustatu. Zergatik ez lasterketa, gure herrian beti esan izan dugun bezala? Lasterketa ez al zen beste aldekoen eta alderdi honetakoen batasuna hobeki antzezten ahal zuen hitza? Korrika, bai, korrika, baina gure herrian ezkilak mutu gelditu ziren.
Ezkilak jo ez, baina hala ere, gauza ederra izan zen. Etxez etxe ibili ginen sos biltzen, azkeneko zortzikoa behar bagenu bezala. Goseak amorraturik, denen inplikazioa behar genuela sustatuz eta aldarrikatuz. Bai, bai, zure pezeta hori ere bai, denok batean! Baina ezkila dandarik ez zen izan.
Enpresaz enpresa, denei eskaka, denek parte har zezaten eskatuz, jende xeheaz gain, aberatsen dirua ere behar genuela aldarrikatuz.
Bai, korrika ederra izan zen, nahiz ezkilen hasperen eztia entzun ez. Geroztik ez da korrika hoberik izan.
Gaurko egunean badirudi kilometroak pintatzea dela inportanteena, edo lekukoarekin nork egin behar duen kilometro hori ebaztea. Lehen Korrikako kilometroak azken ordu erdian erabaki genuen zeinek eginen zituzten. Gure nahia, sentimendua eta bihotzarekin batera, anarkismo pixka bati ere leku utzi genion. Baina hori bai, etxez etxe, diru bilan bota genituen indarrak. Eta ez zitzaigun batere gaizki atera. Ezkilak ez, zoritxarrez, baina bai sosa.
Gaur badirudi afaria antolatzearekin lanen erdia egin dugula.
Badirudi, udaletxeari eskatu, honen limosna hartu eta nahikoa egin dugula. Guk ezkilak jo beharrean, ez ote gaitu arteroesklerosiak gu jo?
Nagiak astintzeko, gantzak urtzeko eta artritisa ezabatzeko garaia ez ote da? Lurrikara baletor hobe genuke. Edo gutxienez gure ezkildorreko ezkilak astindu.
Ez al da euskararen ekintza berrindartzeko tenorea? Odola berritzeko aukera? Ezkilak atertu gabe jotzeko eguna?
Eta bide batez, ikurrina kentzekoa, presoen aldarriak beste baterako uztekoa eta ezkilei eragitekoa?
Euskara arragoa; euskara-aberria, euskara eta ezkilak. Lasterka egin beharreko egunak, lasterketa burutzekoa. Eta autopistaz ibiltzeko garaia. Ez al diogu euskarari autopistarik ireki behar? Edo inperioen bi hizkuntzek bakarrik dute autopistaz ibiltzeko deretxoa?
Ezkilak jotzeko ausardia falta izan zitzaigun. Ezkilak eta beste gauza asko. Dorreko ezkilak jotzea zen ausartena, deigarriena, desiragarriena…baina ez ginen ausartu. Ausardia falta. Edo zuhurtzia? Hutsunea bai, baina anitzetan zuhurtzia izan genuela pentsatu izan dut. Mahatsa ondu gabe zegoela, alegia. Eta zuhurtzia eta ausardia, biak ditugu beharrezko.
Bai, ezkilak jo. Nire heriotzaren hil ezkilak jo baino lehenago euskararen suspertzearen ezkilak entzun nahi nituzke. Aurten, ezkilak jotzeko urtea beharko luke izan mahastia ondurik balego, baina beldur nahiz oraindik ere ondu gabe daudela!
Iratzar lagunok, ez gaitezen lokar.