Ez gara eskaera-eskaintza terminoez ari, eskubideez baizik
Ez gara eskaera-eskaintza terminoez ari –
Noizko Haur Eskolak euskaraz Iruñeko auzo guztietan?
1979an hasi zen Iruñeko Udala Haur Eskolen zerbitzua ematen; orduko zortzi haur eskoletatik bi euskaraz. Eskola gutxi izateaz gain, Txantreara zokoratu eta mugatu zituzten biak, hiriburuaren bazter batera, iruindar gehienentzat urrun utziz. Egun, 12 dira Udalak kudeatzen dituenak, eta bakarra murgiltze ereduan.
Iruindar guztiok ordaintzen ditugun zergei esker dugu haur eskola etxe ondoan, baina ez dugu euskarazko murgiltze ereduan gure umeak matrikulatzeko aukera. Horretarako, zortea (etxeko txikia Txantrean onartu behar dutelako), batetik; eta, bestetik, bizi garen tokitik Izartegira joateko pazientzia, denbora, autoa, dirua…
Azken 45 urteetan aldaketaren bat izan da Iruñeko Haur Eskoletan, esanguratsuena, 2016an; Joseba Asiron jauna buru zuela, arrazoizko planteamendua egin zuen Iruñeko Udalak. Lau eskoletan ezarri zuen euskarazko murgiltze eredua. Kopuruan gora egiteaz gain, kokapenean ere jauzia egin zuen, eta familien desplazamenduei begira, modu justuago batean ipini. Urrats sendo eta garrantzitsu moduan ikusi genuen urteetako justizia eza eta bazterketa konpontzeko bidean.
Aldaketa urteetako borrokaren ondorioz izan zen, familien kexak eta mobilizazioak bultzatuta, zein euskalgintzaren eguneroko lanaren fruitu. Baina kexak jaso zituen UPN eta egungo alkatetza sostengatzen duen PSNren aldetik. Antza, astakeria eskaintzaren %35 euskaraz izatea.
Benetan? Berdin pentsatzen jarraitzen du PSNk? Aurrekoan alderdi horretako Marina Curiel andereak elkarrizketa batean ondokoa esan zuen: “Elkarbizitza ere bada, adibidez, euskara ez kriminalizatzea, ezta erabilera partidista ematea ere”. Bada, ez al da ahoan erabiltzen ditugun hitzak ekintzetara pasatzeko garaia?
Elkarbizitza da espazio sozial batean elkarrekin bizitzea, elkarrekiko errespetuan eta elkartasunean, bakoitza bere eskubide eta betebeharrekin, eta ezarritako arauak betez. Ez zaigu iruditzen haur eskoletan dugun egoera elkarbizitza izendatzerik dugun. Bere garaian egin ziren aldaketak ez al ziren definizio horretara hurbiltzen? Zalantzarik gabe, eta ez soilik hori, justizia ariketa ere izan zen.
Matrikulazio garaia hurbiltzen ari da, eta ez dugu inolako berririk. Hala ere, Iruñeko alkate Joseba Asiron jauna entzun dugu elkarrizketa batean eskaera eta eskaintzaz hitz egiten. Oso termino okerrak, gure ustez. Beste arlo batzuetan ez dugu eskaeraren inguruan hitz egiten. Auzo guztietan daude Osasun Etxeak eta gaixoak artatzeko medikuak, gaixo kopuruari erreparatu gabe. Egoera horretan zerbitzua ematen den moduan, zilegi da euskaraz eskolan matrikulatu nahi duten umeei zerbitzua ematea eta eskubideak bermatzea.
Bada garaia erantzukizun politikoa duten lagun horiek karguak eskatzen dien moduan erantzuteko, eta injustua eta surrealista den egoera iraultzeko. Utzi Iruñeko biztanleak desberdin tratatzeari. Ez ezazue hezkuntza arma politiko bihurtu. Ados jarri alderdi guztiak. Urteetako politika ankerrari buelta eman, hautetsontziei gutxiago begiratu, eta hasi horiek paperez betetzen dituztenendako politikak egiten.
Ez galdu beste urte bat, Haur Eskolen aferan argia jarri, eta hurrengo urteetan horregatik gogoratuko gara zuekin, konpontzeko bidea hasi zenutelako.
…
Asier Biurrun Ajuria eta Ane Apezetxea Gorrotxategi
Iruñeko Euskalgintza
Iruñeko Euskalgintza taldea osatzen dugun erakundeak: IKA, AEK, LAB, STEILAS, ELA, AET, EHE