Ez esan kolonizazioa
Ez esan kolonizazioa –
Cira Crespo, Argian.
![Ez esan kolonizazioa Ez esan kolonizazioa](https://zuzeu.eus/wp-content/uploads/2025/01/01-_ez_da_kolonizazioa_-_iritzia-738x531.jpg)
Beste detektibe triste baten telesail bat ikusi berri dut. Eskoziako irla urrun batean gertatzen dira trama guztiak. Badakizue nola funtzionatzen duten fikzio horiek: hildako asko, jende arrunta baina ez hainbeste, eta paisaia berde iluna. Oraingo honetan duela urte pila bat Eskoziako Goierrietara egin nuen bidaia bat gogorarazi dit. Lagun batzuekin kotxe bat alokatu, eta inor bizi ez dela dirudien lurretan barrena bidaiatu genuen. Inor bizi ez dela diruditen lurraldeak, itsaslabarrez ebakiak. Horrelako paisaia batean gertatzen da irakurri dudan azken eleberria ere, The colony (Kolonia) du izena, eta 1980ko hamarkadan oraindik gaeliko hiztun elebakarrak bizi ziren uharte batean dago kokatuta. Hori da, hain zuzen, eleberriaren gai nagusia.
Eta berriro ere nire gogora aspaldiko bidaia hura. Errepide estuz betetako bidaia, itsasoa, berde ederra, eta oso jende gutxi. Armada bat banintz, konkistarako lurra ezin hobea zela esango nuke. Terra nullius, basamortuak… horrela izendatu ohi dituzte kolonizatzaileek konkistaturiko lurrak. Baina, Jacint Verdaguer poeta katalanak esan zuen bezala, zuk desertua ikusten duzun lekuan, erladi bat mundu izan ohi da. Bidaia hartan Skye irlara iritsi ginen, Eskozian gaeliko gehien entzuten den lurraldera, eta hara joan nintzenean ez nintzen ezta ohartu ere egin beste hizkuntza bat hitz egiten zela; ohartu ere ez.
Gai horri buruzko arazo kulturalei buruzko beste liburu bat ere irakurtzen ari naiz egunotan, doktoretza tesi bat. Honela dio egileak: “Gure lurraldea ez da paisaia bat soilik, baizik eta sakonki populatutako eta historiaz betetako leku bat. Gure diskurtsoaren zati integrala da, eta hortik abiatuta ulertzen dugu mundua”. Honela jarraitzen du: “Hamalau ginen nire ikasturtean (1980ko hamarkadan): zortzi mutil eta sei neska. Gehienak nekazari familiakoak ginen. Gutako 11k bagenuen gaelikoz hitz egiten zuen guraso bat behintzat; bosten kasuan bi ziren gaelikoz zekiten gurasoak. Baina nire ikasgelan gaelikoz aise hitz egin zezakeen neskato bakarra zegoen, nahiz eta ez dudan gogoratzen hari gaelikoz inoiz hitz egiten entzun nionik; eta ziur nago gaur ez duela hitz egiten. Egia esan, ikasgelan beste inork ez zuen jariotasunez hitz egiten, nahiz eta hainbatek, ordutik, heldu gisa lortu duten. Gaelikoa ikasgelan ikasten zuten, kanpoko zapatak aldatzen zituzten gelan sartzeko”. Hau da, gaelikoa ikasten zuten oinetakoz betetako gela hotz batean. “Duela gutxi, leku hotz horretako egun bateko oroitzapena gogoratu nuen. Irakaslea alferrik zebilela iruditu zitzaidan: zer eta gaelikoa irakatsi, gurasoek etxean gaelikoz ez egitea erabaki zuten haur belaunaldi bati?”. Ezagun egin zaizue? Ez ote dira gauza bera pentsatzen ari neska-mutil asko herri honetan, une honetan?
Tesiak An analysis of the Highlands and Islands of Scotland as a site of colonisation (Eskoziako Goierriak eta irlak kolonizazio toki gisa, analisi bat) du izena. Izan ere, Europan aspalditik ari dira barne-kolonizazioari buruz, baita akademian ere. Adibidez, 1972an Bertseko Gutuna sinatu zuten Europako estatu gabeko hainbat herrik, eta 1973an Sergio Salvik Le nazioni proibite: Guida a dieci colonie interne dell’Europa occidentale (Nazio debekatuak: Mendebaldeko Europako hamar barne koloniari buruzko gida). Azken urte hauetan, diskurtso horiek dekolonialismoak eskaintzen dizkigun tresna epistemologikoei esker berreskuratu dira. Horri buruz pentsatzen duten adituak, akademikoak, dibulgatzaileak aurkituko dituzu Kanaria uharteetan, Andaluzian, Extremaduran, Valentzian, Galizian… Baina Katalunian eta Euskal Herrian termino horien inguruan tabu modukoa dagoela iruditzen zait, eta ez dakit zergatik… zuei bururatzen zaizue zergatik?