Euskarazko titulua ez da nahikoa
Euskarazko titulua ez da nahikoa –
Aurten ere 35.000 ikasle inguruk eman du izena Euskal Herriko euskaltegietan nahiz Euskal Etxeetan. Era berean, urritik azarora bitartean 8.000 azterketarik baino gehiagok egiaztatuko dute euren euskara-maila aski ote den Europako Hizkuntzen Erreferentzia Markoak ezarritako langak gainditzeko.
Adin, jatorri, ibilbide, gaitasun eta motibazio ezberdinak dituzte azterketari guztiek, baina xede bera dute: deialdi ofizial batean matrikulatu, eta B1en, B2n, C1en edo C2n gai direla erakustea, eta, beraz, hain preziatua zaien euskarazko titulu horietako bat erdiestea. Deialdia bukatutakoan, aurkeztutakoen %40k lortuko du saria, eta gainerakoak euskaltegira itzuliko dira, hurrengo deialdian zorte hobea izango dutelakoan.
2023an Siadecok xeheki aztertu zuen zein diren herritarren motibazioak euskaltegietan matrikulatzeko. Azterketaren ondorioak zinez interesgarriak dira, baina bereziki deigarriak zaizkit motibazioari buruzkoak; izan ere, txostenak argiki azaltzen du herritar gehienek motibazio integratzaileengatik jotzen dutela euskaltegietara (euskara bizirik mantentzea, gure hizkuntza izatea, kulturaz gozatzea eta seme-alabekin hitz egitea), eta gainerakoek, maila apalagoan, motibazio instrumentalengatik (lan-aukerak areagotzea edo titulu bat edukitzea). Egin kontu lan-aukerak handitzeagatiko motibazioa 7. tokian dagoela!
Egiari zor, ezustean harrapatu ninduten ondorioek txostena irakurtzean, beti antzeman baitut «Necesito aprender euskera. ¿Que niveles tenéis?» edo «Quiero opositar. ¿Tenéis grupos para preparar el B2?» tankerako galderak direla euskaltegietako bulegariek gehien entzuten dituztenak. Edo, nork jakin! Agian, helduen euskalduntzearen 90eko hamarkada loriatsua bizi izan genuenok, nolabaiteko erromantizismoak kutsaturik, joera izaten dugu orduko giroa, ilusioa eta motibazioak idealizatzeko.
Motibazioak motibazio, Soziolinguistika Klusterrak kaleratutako azken ikerketaren datuek klarki adierazten dute euskarak ez atzera eta ez aurrera jarraitzen duela, zeren 2006tik 2021era %14tik %12,9ra igaro baita erabilera. Hortaz, bistan da gure hizkuntza une erabakigarrian dagoela eta premiazkoa delalege-markoan, hezkuntzan, helduen euskalduntzean, aisialdian eta lan-munduan hartuko diren erabakietan asmatzea.
Egoeraren garrantziaz jabeturik, Hezkuntza Sailak espresuki jaso du Lege Berrian berariazko hizkuntza-plangintza diseinatu beharko dutela ikastetxeek, batxilergoa amaitutakoan ikasleek euskaran eta gaztelanian B2 mailako gaitasuna edukitzeko.
Ildo beretik jarraituz, helduen euskalduntzeak ere gogoeta egin beharko luke, eta sakonki aztertu egungo irakaste-sistemak benetan asebetetzen ote dituen egoera soziolinguistikoak dituen premiak; izan ere, irakasleok aspalditik ari gara ikasleengan oso jarrera kezkagarriak ikusten: batzuk barra-barra aritzen dira erdaraz euskaltegiko korridoreetan; beste batzuek ahozko azterketa ofizialetik atera, eta honelakoak aitortzen dizkiote elkarri: «Yo creo que tú has aprobado. Has sido super zuzena», «Eskerrik! ¡Me he puesto muy urdurik!».
Anekdotak gorabehera, egia da gizartearen bilakaera bete-betean ari zaiola euskarari eragiten. Euskalduntzean, kasu, hamarkada honetan aldaketa ugari ari dira gertatzen. Batetik, erretiroa hartuko du helduen euskalduntzea abian jarri zuen belaunaldiak. Bestetik, agintariek gure hizkuntzaren egoeraz azken urteotan hedatu duten diskurtso triunfalistak euskaltzale asko desaktibatu ditu. Horrez gain, ikasle gehienek astean bitan bakarrik joan nahi izaten dute euskaltegira. Non geratu da euskaltegira egunero joaten zireneko garaia? Azkenik, aipatzekoa da irakasle-belaunaldi berri bat heldu dela euskaltegietara, gure hizkuntzarekin bestelako konpromisoa duena.
Ataka honetan gaudela, nola lor dezakegu urtero matrikulatzen diren milaka ikasle horiek hiztun aktibo bihurtzea? Nolako herritarrak behar ditugu? Behin azterketa ofiziala gaindituta, titulua eta euskara bera tiraderan gordeko dituztenak? Ala euskaltegietatik irtendakoan euskararen aldeko hautua egingo dutenak?
HABEk aspaldi zehaztu zuen bere curriculumean ikasleek zenbat ordu hartu behar dituzten euskaltegian, zenbat etxean klaseetan ikusitakoa lantzen eta zenbat norbere aldetik hizkuntza praktikatzen. Esaterako, A2n hasi eta B2 gainditu nahi duten ikasleek 800 ordu eman beharko lituzkete klasean eta 500 ordu gainerakoetan (telebista ikusten, literatura irakurtzen eta euskaldunekin hitz egiten). Hala ere, inon ez dago jasota ikasleek non eta norekin praktikatuko duten gelatik kanpo. Herri euskaldunetan erraz topatuko dute norekin solastatu: kalean, tabernan, supermerkatuan… Erdaldunetan, ostera, gogotik aritu beharko dute solaskideak topatzeko, sarri pentsatzeraino euskaltegitik at jai dutela euskaraz berba egiteko.
Begi bistakoa da egoerak eskatzen duela klasetik irteten direnean ere ikasleek euskara atxikitzea. Horretarako, irauli egin behar da euskaltegien dinamika, eta ikasleak azterketak gainditzen trebatzeaz gain, hurbildu egin behar ditugu euskal kulturara, bertan jasoko baitituzte egunerokoan euskaraz egiteko behar dituzten konfiantza, praktikatzeko aukerak eta lotura emozionalak.
Erronkaren tamaina ez da makala, eta, hortaz, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanez aritzea, euskaltegiek kultura-plangintza erakargarriak egin eta propio beharko diren lanpostuak sor ditzaten eta agintariek hori guztia diruz finantza dezaten.
Beti esan dugulako kulturak askeago egiten gaituela, egin dezagun euskara ere libreago!