Euskarazko sortzaileak – Miel Anjel Elustondo
Euskarazko sortzaileak –
ETB lehen, EITB orain… Gure kulturaren faroa izango omen zen.
Gure kultura lau bazterretara zabaltzeko itsasargia.
Munduaren azken muturreko faroa.
Horixe zen asmoa.
Eta asmo hark, helikoptero bat kontratatu zuen, guk gozatzeko. Gozatzeko, Euskadi idilikoaz: gure ura, gure berdura; gure mendiak, ardiak; gure baserriak, gure herriak; gure basoak, arbasoak…
Harrezkero, zeruak bi izan ziren: bata Jainkoarena, bestea Euskadirena.
Telebistaren bistak goitik hartutakoak izan dira, ez bertatik bertarakoak.
Baina telebista publiko batek bertatik bertarako errealitatea ulertzen lagundu beharko liguke.
Nola heldu gara oraingo egorara? Hainbat mugarri dira. Horietako bat, 1988ko. Urte hartan gure telebista arduradunek, Berlusconi jauna gonbidatu zuten Miramongo estudioetara.
Zertaz hitz egin zuten? Zer sinatu zuten? Zer irabazi zuen baten batek?
Gaur egun, EiTBk fiasko sozial handi baten ardura dauka. Fiasko horrek kulturaren hiru arlo kolpatu dizkigu: hizkuntza, hizkuntzaren sortzaileak eta hezkuntza.
EiTBn euskara subordinatuta dago, bai baliabideetan, bai baldintza linguistikoetan.
ETB1en kanpaina guztiak erdaraz sortutako leloetan oinarritu dira. Erdaraz, gaztelaniaz gutiz gehienak.
Urteetan ikusi ditugun autobonbo eta autopromozio horiek gaztelaniatik itzulitakoak izan dira. Eta horrela, EiTBk frogatu digu euskara ez dela gaztelaniaren mailara iristen.
Eta horrela, euskal sortzaileak baztertuta egon dira, baztertuta daude publizitatearen kate ekonomikoan. Aldiz, ez daude baztertuta kontratu abusiboak izatetik, edo lanaldi neurriz gain nekagarriak egitetik, edota entsaiorik gabeko grabazioetatik.
Nola zuen milaka atal egindako telenobela hark? Goenkale-edo. Euskarazko programa, gaztelaniaz sortu, euskarara itzuli.
Eta horrela, euskal idazleek eta gidoilariek ezin proiektu propiorik saldu edo kontratarazi EiTB euskaldunari.
Eta zenbat melodia hartu dizkie EITBk gure musikari eta kantariei? Eta ordaintzeko garaian zer egin ohi zuen? Espainiako estatuko autonomietako telebista askok bezala, melodia haien sortzaileei legezko tasarik ordaindu ez. Egile eskubideetan zaildutako abokatu batek telebista haiek denak auzitara eraman zituen arte. Epaileak telebistak kondenatu zituen, egileei zor zitzaiena ordaintzera. EITB barne. Hori da ente publiko baten jokabidea?
Eta zenbat aldiz jo behar izan genuen kax-kax EITBren atea, liburu programa behar bezalako bat egin ahal izateko. Liburua osorik eta osoki promozionatzeko. Ezker-eskuin, gutxi irakurtzen dela aditzen da behin eta berriz. Idazleek urrutiago doaz: promozionatzen ez bada, ez da salduko, eta ez da irakurriko. Ez helduak, ez haurrak, ez gazteak.
Kataluniako telebista publikoak, TV3k, De què va izeneko programa sortu zuen haur eta gazte literatura promozionatzeko. Haurrak eta gazteak ziren protagonista, eskolan irakurritako liburuak komentatzen zituzten. Eta, dakienak daki!, komentario zoragarriak egiten zituzten. Baina EITBk ez du inoz Katalunia aldera begiratu. EITBn umeak eta gazteak ez dira gure kulturaren protagonista, eta utzikeria horrek eragin kriminala dauka hezkuntzan.
Eta zenbat gorabehera ibili dituzte bertsolariek EITBrekin, Hitzetik hortzera egin ahal izateko?
Eta, oroitzen zarete? Hil zen Lurdes Iriondo, hil zen Julen Lekuona, hil zen Mikel Laboa, hil zen Xabier Lete, hil zen Jexux eta JoxAnton Artze, hil zen Jose Luis Zumeta… Gure kulturaren langile handi haiek. Eta, bizi zirela, egin ote zien EITBk aitortzarik?
Ez, EiTBk ez du dokumentalismoa gustuko. Edo gustatzen zaio, baina tamainan. Tantaka. Dosi txikian.
Kulturaren transmisioak huts egin duela esaten digute, baina ez du huts egin zer eskaini ez dugulako. EITBk, historikoki, aspaldi handian, muzin egin diolako bere herriaren kulturari.
EITB beste kultura batean bizi da.
A, bai! Helikopteroa eta Berlusconi.
Eta holaxe!
Eta holaxe gaude gu hemen, Bernart Etxeparerekin, etb, EITB, zer den asmatzen, Axularren zain.
EITBri gidoia aldatzeko eskatzen.
EITB, aldatu gidoia, orain!
Kontakizun latza.
EiTBren arduragabekeriaren kronika bat.
Kaka eta pixa egiten digute burutik behera. Noiz arte?
Erdararen Troiako Behorra ez duk euskaldunen telebista. Zuzentzen dutenak ez dituk euskaldunak. Gure herriko kirriolloak dituk, kanpoko kultura zanpatzailearen mesedetan dibardutenak munduko gainerako kirriolloak bezala. Ez horiei gehiago euskaldun esan. Hasi egiazko izenaz irizten.
Abertzaletasun arrotzek era guztietako ahaleginen bidez, bortzazkoak gehienak, euskara ezabatzeko egin dituzten eginahalen artean beste tresna ba da ETB. Izan ere, kulturaren adierazle gorena hizkuntza da. Gure herri eta jendearen adierazle nagusiena gure hizkuntza da. Euskara. ETBn erakutsi dezakete gastronomia, kirola, lan egiteko moduak, sineskerak, literatura (euskarazkoa ez dena); gure herrian egiten den den-dena: baina, euskaraz ez badute egiten ez da izango euskalduna. Bestela da: ETBn nahikoa lukete euskaraz egiten dela erakustea, eta erakutsia izango dute euskaldunon kulturaren adierazle gorena.
Gaztelania dela zabaldu behar dena; benetakoa: ETBren sisnezmen sakon horren adierazlea da. Horren erakusgarri da, besteren artean, kultura abertzale espainiarrak ez duela inoiz sortuko abertzaletasun frantsezaren kulturaz egindako kanalik.
Inposatutako hizkuntza arrotzak, erderak, ez dira izango hori baino: bertan inposatuak, bertakoei inposatuak. Abusuzko jardun arrotzak adierazten duen egora injustuaren adierazlea baino ez da izango. Injustizia areagotzea, alegia. Egitura injustuari eustea hori baino ez baita. Betiko mozorroak erabiliko dituzte horretarako; baina benetan gertatzen dena da gaztelania soilik dutela bermatua ETBn. Hori dute xede bakar. Hori bermatzea soilik dute inportantetzat; egiten duten beste dena, gogoz kontra, eta arreta desbideratzeko egiten dute, izan ere.