Euskarazko haur eskolak auzo guztietan behar ditugu
Euskarazko haur eskolak auzo guztietan behar ditugu –
Hizkuntza gutxituak biziberritzeko, adituek dioten bezala, modu bakarra da murgiltze eredua. Hortaz, auzo guztietako haur eskoletan euskarazko murgiltze eredua izatea da Iruñeko Euskalgintza taldearen helburuetako bat.
Egoera diglosikoan bizi diren herrialdeetan, berebiziko garrantzia du murgiltzeko irakaskuntza-sistemak: hizkuntza nagusia gizarteko esparru guztietan zabalduena izanik, eskolak lehentasunezko lekua ematen dio hizkuntza gutxituari.
Murgiltze sistemari buruz egin diren ikerketek argi erakusten dute hizkuntza gutxituan murgilduta egoteak ikasleen elebitasuna edo eleaniztasuna bermatzen duela.
Euskararen ezagutza unibertsalizatuko duen hezkuntza-sisteman sinisten dugu, eta aldeko legeak egiten diren lekuetan nabaria izan da hazkundea.
Euskalgintza taldea Iruñeko Udaleko alderdi politiko batzuekin bildu gara azkeneko hilabeteetan, euskarazko haur eskolen gaiaz mintzatzeko. Gure solaskideak EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa izan dira, momentu horretan oposizioan zeudelarik.
Gure eskaera argia izan da: Iruñeko auzo guztietan euskarazko murgiltze eredua.
Euskarazko eskaintza zabaltzen hasteko hiru auzo proposatu dizkiegu: Mendillorri, Arrosadia eta Donibane. Bide batez, haur eskola gehiagoren beharra iradoki diegu, iaz eskaeren %80a plazarik gabe geratu baitzen.
Alderdi politiko hauen jarrera irekia izan da, baina orain gobernuan daudela hurrengo ikasturtean aldaketarik egongo ez dela adierazi dute. Guretzat ez dira berri onak izan. Hala ere, Asironek ondokoa esan du: “legealdirako helburua izango da Iruñeko edozein auzotan haurrak euskaraz ikasteko aukera edukitzea”. Adierazpenok itxaropena ekartzen dute, baina estu jarraituko ditugu mugimenduak.
2023. urte amaieran hainbat mobilizazio egin genituen, orain dela 35 urte bezala, haur eskola euskaldun bakarrarekin jarraitzen baitugu.Murgiltze-eredu arrakastatsuen oinarria komunitate konprometitua denez, datorren udaberrian mobilizazioekin jarraituko dugu.
Dei egiten diegu euskaltzale guztiei deialdiekin adi egon daitezen. Euskaltzaleok ez baitugu onartuko euskarak haur eskoletan duen egungo egoera.
Iruñeko Euskalgintza: AEK, IKA, Sortzen, HE Gurasoak, AET, ELA, LAB eta STEILAS