Euskaraz zainduak izateko eskubidea dugu

Euskaraz zainduak izateko eskubidea dugu –

Herritarren euskaraz zainduak izateko eskubidea aldarrikatuz, Irungo Aitzondo Euskara Taldeak, Hernaniko Dobera Euskara Elkarteak, Eibarko Etakitto Euskara Elkarteak, Tolosako Galtzaundi Euskara Taldeak eta Bergarako Jardun Euskara Elkarteak epaiaren aurrean atera duten ohar bateratua.

Gure herrietako adineko edota mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako egoitzetan lanpostuak egonkortzeko lan-deialdian hizkuntza eskakizunen aurkako epaiaren berri izan dugu. Euskara elkarteok kezkaz bizi dugu,behin eta berriz, euskararen normalizazioa helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sorta. Azken epaiak, beste behin ere, euskararen biziberritzea oztopatzea du helburu eta herritarren hizkuntza eskubideen aurkakoa da.

Zerbitzu publikoek herritarron hizkuntza-eskubideak bermatu behar dituzte eta epai hau kontrako norantzan doa. Herritarrokin zuzeneko harremana izango duten lanpostuetan euskararen ezagutza eskatzeak, herritar guztion eskubide linguistikoak bermatzea ziurtatzen du. Euskara zartatua izatea ez bazaigu bermatzen, euskara erabiltzea oztopatzen zaigu euskaldunoi.

Kasu honetan, gainera, adineko egoitzei eragiten die epaiak, gure herrietako sektore zaurgarrienetako baten eskubideak urratuz. Adinean aurrera joandako edo mendekotasun egoeran dauden herritarrak dira zerbitzua zuzenean jasotzen dutenak eta egoera horietan are gehiago, zaintza behar bezala jasotzeko benetan erabakigarria da hizkuntza. Pertsona zaurgarrienak duintasunez eta beraien hizkuntza erabiliz zaintzeko baldintza eta bermea da lanpostu horietarako hautagai guztiak zerbitzuak eta arreta euskaraz eskaintzeko gai izatea. Izan ere, zerbitzu publikoek ezin digute gure hizkuntzan aritzeko eskubidea oztopatu. Jasotako sententziak, ordea, Kabia erakundearen baitako egoitzetan euskaraz artatuak izateko bermea ezabatzen digu herritarroi.

Norabide berean sententzia bat bestearen atzetik jasotzen ari gara, eta argi dago ez direla kasu konkretuak: euskararen kontrako eraso eta estrategia judiziala da aurrean duguna. Azken urteetan, kontsentsu zabalean oinarritutako eta euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontrako sententziak ugaritzen ari dira auzitegietatik. Beraz, euskararen biziberritze prozesuaz harago, berdintasuna, justizia eta kohesio soziala jokoan dagoela ikusita, Gipuzkoako Foru Aldundiari azken epaiari helegitea jartzeko eskatzen diogu. Eta bestetik, lege-araudia garatzeko eskumena duten gainerako erakundeei eskatu nahi diegu, bakoitzak bere eskumenetik, euskararen indarberritze-prozesuari lege-babes sendoa bermatzeko pausoak ematea.

Oldarraldi judizialaren baitako epaietan konstante bat da euskara bazterketarako tresna dela adieraztea. Guk, ordea, argi dugu euskarak gure gizartean oso bestelako trakzio indarra duela: euskara gizarte kohesiorako, berdintasunerako etaj ustizia sozialerako ezinbesteko osagaia da. Euskararen aurkako erasoak gelditzeko, gure hizkuntzaren normalizazioan pausoak emateko eta guztiok euskararen erabilera indartzeko garaia da.

2024ko urriaren 28an

Gaur eta bihar hiru elkarretaratze egingo dira Tolosan, Bergaran eta Irunen, KABIAk egoitzak dituen herriak: 

  • Urriak 28, astelehena (gaur), 19:00etan Tolosako Epaitegiaren aurrean. Galtzaundi Euskara Taldeak deituta. 
  • Urriak 28, astelehena (gaur), 19:00etan Bergarako San Martin Plazan. Jardun Euskara Elkarteak eta Bergarako Udalak deituta.
  • Urriak 29, asteartea (bihar), 19:00etan Irungo San Juan Plazan. Irungo Aiztondo Euskara Taldeak, AEKk, Betti Gotti gazte elkarteak eta Irunabar bertsoaren bilguneak deituta.

KABIAko erabiltzaile eta langileen alde mobilizatuko dira, azken sententzia euskarafoboa salatzeko

Euskaraz zainduak izateko eskubidea dugu

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude