Baina hemen euskaraz ez dakienak ez digu uzten euskaraz egiten
Baina hemen euskaraz ez dakienak ez digu uzten euskaraz egiten
Medikuarenean. Herri ezin euskaldunagoan. “- Me duele la garganta. – Pues tómate estas pastillas. – Ya me he tomado.” Aurpegi arraroak. “- Barkau, me las he tomado”.
Zerbitzu publikoa, herri euskalduna. Eta medikuak euskaraz hitzik ez. Areago, erdaraz egiten dudanean, aurpegi arraroak. Baina denek, baita nire amak ere, kontatzean.”han bestea! Ya me he tomado, nola ahal duzu hori esan?”. Eta berak nola ezin du esan “- Ba hartu pastilla hauek”.
30 urtetan aurrera egin dela, dudarik gabe. Inork ez du ukatzen, halaber, asko dagoela egiteko. Baina zer egin behar da? Gasteizen, gure adineko gipuzkoar bati “atia itxi, faorez” eskatu eta “perdone?”. Nik ez nion eskatu euskaraz erantzuteko, euskaraz ulertzeko eskatu nion. Izan ere, berak ez badu “atia itxi” ulertzen, zergatik pentsau behar du nik “perdone” ulertu behar diodala?
Hori ulertu behar dut. Bizitzeko. Baina ezin ditut bestelakoak ulertu. Esaterako, euskaltzaletasun faltsu hori. Beti esaten dut. Ni neu ere beti izan naiz txekieraren aldekoa. Defendatzaile sutsua. Hori bai, sekula ez dut hitz erdirik ikasi. Ez dakit “Bai” ere nola esaten den. Jarrera hipokrita batzuentzat. Baina behintzat kanpoko hizkuntza da, beste herrialde batekoa. Hemengo euskaltzaleek euskaldunekin erdaraz egitea are hipokritagoa.
Eta ezin ditut ulertu beste gauza asko. Esaterako, nola aukera daitekeen seme-alaba tontoagoa izatea. A eredua eta B eredua. Euskara irakaskuntzan derrigorrezkoa izatea gurasoentzako inposaketa omen. Seme-alabentzako inposaketa da, ordea, gurasoek aukeratzea. A edo B ereduak aukeratzea. Gurasoa ari da aukeratzen seme-alabaren etorkizuna, euskaraz jakingo duen ala ez. Seme-alabak inozoago izango diren aukeratzen, eta euskaldunoi euskaraz egiteko oztopoak jarriko diguten ala ez aukeratzen. Historia edo fisika bezalako inposaketa.
Beraz, ezin ditut ulertu zenbait mezu Eta gutxiago hau. Eta hau. Komunikabideen kanpaina mezuak bai. Baina ez komunikabide euskaltzaleek hain mezu demagogikoak jartzea. “PP eta PSOEk gazteleraren derrigorrezko ezagutza proposatzen dute”. Eta inor ez litzateke harrituko. 30 urteren ostean gauzak aldatzen direla ikusten bada, legeak ere aldatu egin beharko dira. Eta bi hizkuntzak ezagutzea eta askatasunez erabili nahi izatea obligatzea, behartzea bada…
“Eta hemen euskaraz ez dakienak ez digu uzten euskaraz egiten”. Eta ez badute nahi jakin, zer? Elkar errespetuz, askatasunez, euskara salbatu nahi bada (eta ez bada, esan, mesedez) euskaraz hitz egiteko jendea beharko dugu. Bilbora joatean euskaraz egin ahal izateko, eta bilbotar bat etortzea euskaraz erantzun ahal izateko. Pertsona elebidunez osatutako gizartea osatzeko, horrela bakarrik aukera baitaiteke euskaraz egin edo gazteleraz egin.
Bestela, guk gazteleraz ez badugu nahi jakin, zer?
Aske garenean, euskara behar bezala ezartzen asmatu beharko dugu! Bitartean, kasu hauetan jai dugu.
Aske ala esklabo izan, independienteak ala Espainiaren menpekoak izan, beti egin behar dugu euskararen normalizazioaren alde, hemen eta orain, erakunde propio eta politika egorik gabe nekezago, bestela errazago, baina beti euskararen alde. Gaur egun, euskaldun guztiok egunero bizitzan euskara lehenetsiko bagenu, egoera irauliko genuke. Eta ez dakienak ikas dezala, euskara ikasteko ez baita independentziarik behar. Harrigarria da superabertzaleiraultzaile hauek praktikan Sabino Aranaren ideia berberak erabiltzea: “Hobe da euskara ahaztea eta liburuetan gordetzea. Independenteak garenean ikasiko dugu berriro”.
Jaja zein dira “superabertzaleiraultzaile” hauek? Nik behintzat, euskeraz egiten dut eta euskeraren alde!
Euskeraz ikasi nahi ez dutenen kasua aipatzen da artikuluan.
Beti errepikatzen den Txillardegiren esaldian laburbiltzen da:
“Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz”
“Euskara salbatzeko independentzia behar dugu”. Esango nuke euskaltzale gehien-gehienok horixe pentsatzen dugula. Eztabaida ez da hori. Independentzia behar da, baina ez bakarrik independentzia; areago, independentzia eta erakunde propioak ez dira inoiz euskara salbatzeko eragile nagusiak. Euskara salbatzen ari dena eguneroko lana da, egunero erabiltzea eta bizitzan lehenestea. Oinarri hau ezinbestekoa da orain eta ezinbestekoa izango da bihar, idependentzia edukita ala eduki gabe. Orduan, independentzia lortutakoan euskara salbatuko dugula esatea aitzakia da askorentzat lasaiatzeko eta lana hurrrengo belaunaldietan uzteko.
Ados gehienean. Zure mezuak kontraesan txiki bat du nire ustez.
“Euskara salbatzeko independentzia behar dugu” diozuenean, onartzen duzu bestela ez dela salbatuko.
Ondoren “Euskara salbatzen ari dena eguneroko lana da” diozu. Independentziarik gabe ere salbatuko da orduan?
Zuk kontraesanak nonahi ikusten dituzu, baina tira. Oso erraza da ulertzen: eguneroko lana eta independentzia behar dira, baina batez ere egunero lana.
Halere, “Euskara salbatzeko independentzia behar dugu” esaldiak berez ez du inferitzen derrigorrezkoa edo bide bakarra denik. Hori zeuk ateratako ondorioa da, eta horregatik zure ustezko kontraesana. Logikaren arauak dira: A lortzeko B behar dugu, baina C, D, E… ere baliagarriak izan daitezke, agian. Adibide bat: patata tortilla egiteko arrautzak behar ditigu, baina patatak ere bai, noski, eta tipula, olioa, labana, sua…
Gonzalo, twitter konturik ba al duzu? Giroa jarriko zenuke ta horrenbeste txapa idatzi gabe gainera!
Euskaraz gozatzeko mugarik gabeko foroa nahiago dut, hizkuntza nahi adina erabiltzeko!
Ez da desegokia, nire ustez, Juan Inazio Iztueta zaldibiarraren aipu bat hona aldatzea, haren “Gipuzkoako probintziaren historia edo kondaira”tik hartua:
“Fueroak beren oinean irotzotzeko (irauteko) kirtenik irmeena eta euskarririk seguruena da euskarazko hizkuntzari ondo kontu egitea; zergatik alkarri laztandurik arras itsatsiak arkitzen diran. Euskara hilez gero, Fueroak ez dira biziko; bainan euskara bizi bada, Fueroak piztuko dira. Fueroak nahi dituanak maite izan behar du euskara, eta euskara maite dabenak euskaldunai euskaraz behar die hitz egin ta adierazo berai dagozkioten gauza guzti-guztiak. Bestela, zapuztuko da euskara, muxinduko dira euskaldunak eta ihes egingo dute Fueroak”.
Belaunaldi bakoitza bere zoriak bizi du: dagoeneko ez dugu “fuero”ez hitz egiten (Iztuetak 1848an idatzi zuen), independentziaz baizik, baina zaldibiarrak oso modu ederrean azaldu zuen hizkuntzaren eta helburu politikoen arteko dialektika. Euskaldun izateak -hitzaren zentzu hertsian: euskararen hiztuna- ez dakar ezinbestez independentista ere izatea, ezta alderantziz ere, baina alderatu mapa soziolinguistiko bat eta hauteskunde-mapa bat: Nafarroako Bortzirietan edo Sakanan boto subiranista zergatik da nagusi, eta ez ordea Lizarran edo Erronkarin (Erribera hobe da aipatzea)? Katalunian zergatik dago mugimendu nazional indartsu bat, eta ez ordea bertako hizkuntza erdi galduta dagoen Aragoin? Euskara ez dakienak ikastea, euskaraz ahalik eta toki gehienetan mintzatzea, euskaraz egunkaria egunero (astelehenez izan ezik…) irakurtzea Euskal Herriaren eta munduaren berri edukitzeko, gauza horiek eta beste asko posible dira ORAIN. Gaurko statu quo negargarriak ez ditu baldintza hoberenak eskaintzen, baina etorkizuneko independetzia baten zain geratzen baldin bagara, zapuztuko da euskara, muxinduko dira euskaldunak eta azkenik ihes egingo du independentziak berak ere.
Jarri dituzun bi estekak gezurra dira. EH Bilduk ez du hori proposatzen, informatu zaitez ongi, eta ez PNVren panfleto horrekin.
Bestalde, ikaragarria da ZuZeutik PNVri egiten ari zaion kanpaina, ezker abertzaleari bozkak jateko oinarri gabeko hiperkritizismo nahiko inkoherente bat eta abstentzioa sutsuki sustatuz. Estrategia argia da: PNVk sektore batzuk ezin dituenez mobilizatu, hobe sektore horiek berak desmobilizatzea, ezker abertzalea ahulduz. Zuen enpresaren jabea PNVko Erguin bat dela kontuan hartuta, ondo esplikatzen da hemen agertzen den “ezkutuko” linea editoriala. Pena bat.
Ni ez naiz artikuluaren egilea, baina esango nuke gaizki ulertu duzula, goitik behera. Izan ere, bi esteka horiek ez dira EH Bilduren proposamena salatzeko, proposamanaren kontrako kanpainia zikina salatzeko baizik. Eta ZuZeuri egiten diozun kritika ere ez zait batere zentzuzkoa iruditzen, baina erantzun diezazutela arduradunek gogorik badute. Nik, behintzat, erabiltzaile naizen aldetik, ez dut kritika horiek egiteko arrazoirik ikusten.
Bai, aurrekoa ni izan naiz, Andoni Olariaga: ez nuen nire izenarekin sartu nahi debatean. Askotan sartu naiz hemen eztabaidara nire izenarekin, baina erantzun eta post ia guztietan inork ez ditu bere izenak jartzen, anonimoak baizik. Hori zen arrazoia. Baina argazkia agertu denez, ba hobe ni izan naizela esatea.
Beno, badirudi lehenengoa gaizki ulertu dudala. Hala bada, erretiratzen dut.
Zuzeurena ez: datu hori egia da, eta hortik abiatutako intepretazioa zentzuzkoena iruditzen zait. Horrek ez du esan nahi Zuzeuko blogari denak kanpaina horren barruan sartzen direnik, ez dut nik hori esan, argi gera dadila.
ZuZeuren editoreen aldetik hauteskundeei buruz atera diren artikulu guztiak ZuZeU21 izenpean atera dira, guztira zazpi, eta azkena gaur bertakoa. Horiek ikusita, jarrera alderdikoi argirik dagoela asko esatea iruditzen zait. Beste guztiak erabiltzaileek jartzen dituztenak dira, baita ustezko anonimoen mezu txepel hori ere.
https://zuzeu.eus/author/ZuZeU21/
Beno Gonzalo, nahi duzuna pentsatu. Nik datu bat eman dizut eta hortik interpretazio bat, ez naiz sartuko gehiago gaian.
ondo segi
Bitxia Noticias taldeari nola gustatzen zaion, “Iturri Jaunari” esker jasotako dokumentuak aipatuz titularrak ateratzea…
Eta bitxia ere, abertzalea omen den egunkari batek, euskararen gaia erabiliz, espainolei bazka goxo hori oparitzea.
“Bestela, guk gazteleraz ez badugu nahi jakin, zer?”
Ba medikurik gabe geratuko garela, etorkinak bezalaxe.
Horixe esan nahi nuen, hain zuzen. Ez daukagula euskaraz jakiteko beharrik, baina bai gazteleraz jakitekoa. Gazteleraz ez dakien euskalduna etorkina da bere herrian. Halakorik balego, ez baitigute erdaraz ez jakiten uzten.
Demagogikoa iruditzen zait erantzuna. Osakidetza orain dela 29 urte sortu zen. Ordudanik bertako langile erdaldun elebakar guztiak edo gehienak euskalduntzeko adina denbora egon da, hezkuntzan egin den bezala. Bide batez, Ertzaitza euskalduntzeko aukera ere egon da, baina alferrik. Gainera, urte hauetan guztietan ez da arazo ekomikorik administrazio autonomikoa erabat euskalduntzeko. Ez da egin horretarako asmorik egon ez delako. Eta berriro diot, Hezkuntza saila euskalduntzerik egon bada, beste sailak ere euskaldundu zitezkeen. Urtetan esan da denbora kontua zela, prozesu naturala, eta ez da: kontu honetan berdin jarraitzen dugu edo atzera egin dugu. Medikuak eta erizainak, gainera, ez dira batere motzak, eta Erresuma Batura edo beste herri batera lan egitera joaten direnean, pentsatzen dut hango hizkuntza ederki ikasten dutela. Pentsa ezazu ingelesezko antzeko foro batean norbaitek kexu egin duela Newcastleko anbulategian gaztelaniaz artatu dutelako, eta foroko batek: “no spanish, no doctor”.
Bada euskaldunek baino pazientzia eta besteekiko begirune handiagorik duenik? Euskarak ez luke meritua izan behar, baldintza baizik, espainiera den bezalaxe; ez dira, bada, biak hizkuntza ofizialak, EAEn behintzat? Eta euskara ikastea doakoa, espainiera den bezalaxe. Aurten, 19 urteko ikasle batek euskaltegian esandakoa (Unai izenekoa bera): “Hizkuntzak ez dira inposatu behar”, nik: “espainiera ere ez?”, ikasleak: “A, espainiera bai, estatuko hizkuntza da eta. Nola ez da inposatuko estatuko hizkuntza?”.
Arrazoi osoa dauka zure ikasleak. Estatua behar dugu euskera ezartzeko.
Bestalde, zergatik dago euskararen irakaskuntza eta alfabetatzea Kultura Sailean, eta ez Hezkuntzan? Hori oso esanguratsua dela uste dut. Bada aldatzeko garaia, ezta?