Euskaraz euskaratik aritu beharra. Bitoriano Gandiaga eta Iñaki Segurola
Euskaraz euskaratik aritu beharra. Bitoriano Gandiaga eta Iñaki Segurola –
Gandiagak euskararen gainean zer zioen ekarri nahi izan nuen hona aurreko artikuluan. Bada, luzatzen zizkigun ideietatik bik arreta eman zidaten bereziki. Bateko, euskaraz gero eta gehiago jardutearen alde egiten du Gandiagak, egunerokotasunean, eguneroko egitekoetan, egunetik egunera gero eta egoera eta egiteko gehiagotan, arian-arian geure buruari aurrez ezein mugarik jarri gabe. Hau da, hasteko eta bat, ekitera deitzen gaitu Gandiagak. Besteko, egite horretan, arloka, egoeraka, suma ditzakegun euskararen gabeziei, beharrei edo hutsunei sormenez irtenbide emateko esan zigun Gandiagak. Lotsarik gabe, ausardia eta anbizio faltarik gabe aritzeko euskaraz deituko gaitu Gandiagak. Euskaldunok sormenera eman behar dugu geure burua, kreatiboak izan. Gandiagaren ideia horretatik pixkatxo bat gehiago tira egin asmoz datoz jarraiko lerro hauek. Aurrenik, Gandiagaren beraren eskutik, nola ez. Hurrenik baina, Iñaki Segurolarekin solasean ahaleginduko naiz (bere esan eta ideiekin, noski). Nork berea esango badu ere, beren ideiek bat-egite moduko bat ere badute, nire ustez bederen. Izanez ere, euskaraz aske, ausardiz, eta betiere euskarak berak asko emateko duen horri entzunez aritzera animatzen gaituzte biok, zeinek bere erara, noski.
Hizkuntzarekin jolastera aimatu gintuen Gandiagak, eta, oro har, euskarak bere baitan duen potentzial espresibo guztia baliatzera:
“Hitzenganako eta ohiko haien joskerarekiko beldurretan hazi eta heziak garela eta hartan etsiak… betelutik oparo aritzeari baino antzuolan agor izateari, legorretan bizirik ihartzeari amore emateraino, ia ezinbesteko beldurrez”. (SARRIUGARTE, Iñaki, Hitz lauz idazten, 47. or.)
Jada aurreko airtikuluaren buka-bukaeran adierazi nuen bezala, Gandiak euskararekin jostatzera deitu ez ezik, berak berorek ere egiten du; bere obraren bitartez, bere olerkien bitartez, hizkuntzarekin asko esperimentatzen du, eta, kasurako, euskararen sonoritatearekin egin zuen behin eta berriz jolas. Hiztegiarekin ere, hitzekin ere, jostakin amorratua izan genuen Gandiaga, aliterazioak, onomatopeiak eta bestelako hitz jokuak baliaturik.
“… hiztegia ez da arazo bakarra. Hitzenganako mirespen gehiegizkoa alde batera ixteko eta ausart jokatzeko momentua heldu dala dakus idazleak: “Hitzenganako eta ohiko haien joskerarekiko beldurretan hazi eta heziak garela eta hartan etsiak, (…) ia ezinbesteko beldurrez” dinosku, jokabide horrek euskal idazleen lumak moteldu eta galgatu ez eze, antzutu be egingo bailituan” (SARRIUGARTE, Iñaki, Hitz lauz idazten, 33. or.)
Euskal ahozko tradizioan altxorren iturri bat aurkitu zuen Gandiagak, bere “kopla” eta “ipuien” ekarpenekin, kasurako. Jada ahozko tradizioaren gordailuan topatuko ditzakegu inprobisazio eta sormenaren biartez aspaldi iritsitako izugarrizko emaitzak:
“Amama zaharren lo-kantak, jolas kantak-eta sortzeko erabil-tzen eben prozesuaz dihardutso Gandiagak Patziku Perurena idazle nafarrari, esanaz horretarako kantagaien eta kantu horreek gauza-tzen dituen elementu eta euskarrien oso ezagupen hausnartu, egosi eta sakona agertzen deuskuela: “Nola eman bestela onomatopeiak, erritmoak, musikaltasuna, xarma, lilura, xoradura?”. Ez ete da, azken baten, hori guztia Gandiagaren testuetan gehien liluratzen gaituana? Orbelaungo laratzak asko jakingo dau honetaz guztiaz!” (SARRIUGARTE, Iñaki, Hitz lauz idazten, 46. or.).
Bada, Iñaki Segurolak ere euskararen ahalmen ludikoaren alde egin zuen, bitara egin ere, Gandiagak bezala; hori defendatuz, bateko, eta, une oro ekitez, bere ahotik zein bere lumaz, besteko. Euskarak espero izatekoa zen hori baino askoz gehiago eman zezakeela erakutsi zigun maisukiro Segurolak. Bere euskara ezinago aberatsa zen, batetik, berezko zuelako, baina, bestetik, akademikoki iritsitako euskararen gaineko jakintzagatik oro har eta etimologia-jakintzagatik zehazkiago. Esandako honekin baina ez dago inondik guztiz azaltzerik eskaini zizkigun adierazpen aberats eta oparoen jatorria. Berezko zituen genialtasuna, originaltasuna, hitz jario bikaina eta konbentzionalismo oroz harago ikusteko zuen ahalmen berezia ezin ditugu ahaztu. Inoren edo ezeren esaneko ez izateko usatzen zuen jarrerak, bere ohiko jarrera ustekabetsuak eta disruptiboak, zuen amorru umerotsuak zein umore amorrutsuak… horiek guztioriek zeresan handi-handia izan zuten bere adierazpenen freskotasun oparoan.
Bada, gure Segurolak direnak eta ez direnak entzun behar izan zituen, zera-edo leporatu ohi zioten guztietan: “hitz-jokoetara emanegia zegoela eta amoratua zegoela hizkuntzarekin jostatzen” (I.SEGUROLA, Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, 289. or). Hori zela bere apeta, mania, gaitz edo deformazioetariko bat, arrapostu egingo zuen berak. Hizkuntzarekin gora eta behera ibiltze hori, euskararekikoekin horrela jardute hori, noraino zen josteta edo noraino, aldiz, joko, ez zeukan argi berak berorrek ere. Berdin zion, eta zitzaiola, zioskun Segurolak, bere aritu moldeak ez zirela euskara pulamentuz eta behar bezala erabili moduetara egokitzen baldin bazioten ere bere inkisidoreek.
Dena den, berak ez zuela bere nahierara erabiltzen euskara, zioskun Segurolak, ez zituela hitzak bere eskuko, baizik-eta hitzak berak direla beregainak eta “aise oso moldatzen dira bere joko, jolas eta solasetan bere edo beste edonoren ahoz mintzatzeko eta deritzoten gauzak asmatzeko edo ezeztatzeko” (I.SEGUROLA, Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, 289. or). Hizkuntza sakratua da, debaldekoa, inorena ez, aita-ama ezagunik gabeko sasikume, eta zenbatenaz eta sasikoago, hainbatenaz eta jatorrago eta ederragoa, esango digu Segurolak. Horregatik hain justu ere haurrek bestek ezin dezakete airoski ikasi: “hitza haur baten haragi bilakatzen ari da gizaldiak joan eta gizaldiak etorri, eta hitz biluzgorriak haur bihurtzen gaitu esnaldi oro” (I.SEGUROLA, Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, 289. or).
Hain da indartsua hizkuntzarena, non maizenean kulturgabekoenen freskotasunera, ez-letradunen freskotasunera bueltatu eta bueltatu egin behar izaten baitira ustezko jakintsu kultura haindikoak, herri xehearenera bueltatu odol-transfusio baten beharrean bezala. Izanez ere, beroiek ditugu-eta, ezein bitartekotzarik batere gabe, hizkuntzatik gertuenekoak. Azken finean, hizkuntza, bere soil-soilean, atergabe “ari zaigu erakusten jakitea, zinezko jakitea, ez dela ahaztea besterik (erraz eta gozo hitz egiteko kontzientziatik ahaztu beharrak dira hizkuntzaren arauak eta gainerakoak)” (I.SEGUROLA, Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, 290. or).
Hizkuntzak asko du esateko, guk geuk berori baliatu ahal izan dezagun baino askoz lehenago. Asko digu esateko, guk ezer esan ahal izan aurretik. Hizkuntzarekin jolasean aritzeaz, hortaz, zer esan? Bada, normaltzat hartu beharko litzatekeela horrela aritzea, halaxe beharko lukeela ahal den guztietan. Zer hoberik egin liteke euskararekin!, gogoraraziko zigun atergabe Segurolak. Hizkuntzak soil-soilik gauzak diren eta izan behar duten bezala baino balio ez duen tresa hutsa izan behar al du? Gauzak eta egoerak dauden daudenean adierazi ahal izateko? horretarako baino ez? Alegia, gauzekiko dugun sinismen potoloari gure hitzak zuzen egokitzeko, horretarako besterako ez? Hori ez da serioa, esango digu behin eta berriz Segurolak (edo “seriotxoegia”, esango nuke nik). Hori hitzek eman lezaketenari uko egitea litzateke, hitzak berak erdoiltzea, beroiek endurtzea, beroiek etsipen triste batera behartzea, ideia eta kontzeptu merke edo salduenen etsipen ezinago tristera kondenatzea.
Desformaldu dezagun behingoagatik gure euskararekiko jarrera! Ez ote da izango, hein batean bederen, euskararekiko gure “serioegitasuna” gure D ereduen eta esukalduntze ezin konta ahala plan eta besteren porrotaren zergatikoetariko bat. Serio hartu dugu euskararena, bere biziraupena, bere hedatzea… baina eginkizun delako hori serio eta estu hartzearen hartzez serioegi bilakatu da gure euskararekiko harremana, hizkuntza den aldetik, serioegi bilakatu dira berorrekin ditugun joan-etorriak.
“Hizkuntza, edo pentsamendua, edo arrazoia, zakar eta zarata merke-salduenetatik eta autoritatezko argumentu orotarik ihesi dabilen jolas bat da, joko eder bat dakarren jolas bat. Jolasa, bai: bizitzea merezi duen biziera bakarra jolasa den gisa berean” (I.SEGUROLA, Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, 291. or).
Honainokoan testuratukoa laburbiltze aldera zera esan; bai Gandiagak, bai Segurolak, zeinek bere erara, euskaraz lotsa apurrik gabe jardutera eta berau une oro aberaste alde bultzatzen gaituzte. Aldeak daude batek eta besteak esandakoaren artean, ezin uka; Gandiagak euskararen tradiziozko gordailu formalari erreparatu zion nabarmenki; Segurolak euskarari berari entzun behar izateko deian informalegi aritu zitzaigun, ohi zuenez, euskarak berak, berez, subjektu bat bailitzan, asko digula esateko azpimarratuaz. Baina, aldeak alde, nolabait edo beste, bat egiten dute biek ideia nagusietan, besteetan beste, zera dioskutenean: euskaraz euskaratik aritu behar dugula, berau beldurrik gabe besarkatuaz eta, oroz gain, euskaratik beretik geure burua hizkuntza sormenera emanez.
Igor Goitia
Euskaraz euskaratik aritu beharra. Bitoriano Gandiaga eta Iñaki Segurola