Euskaraz ekingo duten ekintzaileak behar ditugu

Euskaraz ekingo duten ekintzaileak behar ditugu

Ekintzailetzaz eta finantzazio ereduez aritu gara aurtengo Enpresarean Azokan. Ilusioa, bizipoza, elkarlana eta ibilbide profesional anitzek bat egin dute bertan. Izen propioen zerrenda ez da edonolakoa izan: aditu eta ekintzaile sutsuak, Euskal Herriko enpresa askotako kideak, esperientzia handiko eta ibilbide luzeko pertsona sortzaile eta berritzaileak, arriskuak bere gain hartzeko prest daudenak; horiekin batera, finantzazio erakunde garrantzitsuetako ordezkariak izan ditugu Orona-Ideon. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen antolakuntza xumea, baina asmo handikoa, iparra argi duena: ideiak partekatzeko foroa eskaintzea eta euskaraz lan egiten duten enpresen eta profesionalen arteko sarea ehuntzea. Baita ekintzaileen artekoa ahalbidetzea ere. Sinergiak bultzatuz eta elkarlana bideratuz.

Euskaraz ekingo duten ekintzaileak behar dituguEtorkizuneko erronkei aurre egiteko ideiak konpartitzeko espazioa eta jardunaldia izan da, eta ez dira hausnarketa sakonak falta izan. Ekintzaileek ekintzailetza sistematikoki sustatuko duen ingurune bat nahi dute Euskal Herrian, non administrazioetatik ekimen eta ideia berrien garapena bultzatuko den, eskola eta unibertsitateetan ikuspegi zabaleko jarduera sustatuko den eta entitate finantzarioek, aingeru inbertitzaileek eta abarrek proiektuak sortzeko baliabideak jarriko dituzten. Enpresarean egitasmoaren bitartez, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak euskararen presentzia ziurtatu nahi du sistema horretan. Hori ere bada, gure iritziz, etorkizuneko puzzlearen pieza garrantzitsua.

Eneko Knörr ekintzaileak BAI aldizkariaren azken alean dio Euskal Herriak ekintzaileak behar dituela, eta guk horri gehituko diogu, ahal dela, euskaraz ekin dezatela; ekimenak euskaraz sortu, abiatu eta gara ditzatela. Euskara era naturalean erabiliko duten aberastasun sustatzaileak behar ditugu, mundura begira eta beste hizkuntza batzuk ahoan izatera ohituta egongo direnak. Gure lurraldearen garapen osoa sustatzeko eta XXI. mendeko Euskal Herrian era naturalean txertatzeko gai izango direnak.

Aurtengo Enpresarean azokako solasaldi eta hitzaldietako ondorioak eta bideoak webgunean partekatzen joango gara. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen Youtube-ko kanalean ere aurki ditzakezue. Mereziko dutelakoan baikaude.

Euskaraz ekingo duten ekintzaileak behar ditugu

Euskaltzalea

2 pentsamendu “Euskaraz ekingo duten ekintzaileak behar ditugu”-ri buruz

  • Bart Mc-Atzaga 2016-11-09 12:23

    Euskaraz egingo duten ekintzaileak behar ditugu, bai. Ez Knörr jaunak bezala,
    oso nagusiki erdaraz (españolez eta inglesez) jardun ohi dutenak.
    Hona hemen adibide “gogoangarri” bat, bere Facenbookeko hormatik ekarria, very typical basque, bestalde: Gabilondo erdalduna, Yuste euskaldunberriaren ahalegina txalotzen eta Knörr “ekintzailea”, beste horrenbeste egiten, españolez hau ere!!!
    Eneko Knörr (Facebook), Urria 27(a)ren 00:13(e)tan
    “Qué crack Rafael Yuste, madrileño experto mundial en neurobiologia, que está aprendiendo euskera en la Universidad de Columbia (EEUU), donde trabaja, “porque le encanta”. Muy bueno el vídeo (1 minuto) en que lo cuenta, muy recomendable.”

  • Beste adibide harrigarri bat, Bai euskarari aldizkaritik hartua:
    B.E.: Euskaraz eta euskaratik izan daiteke ekintzaile?
    E. Knörr: Enpresa globala izan nahi baduzu, ingelesa izan beharko da zure hizkuntza.
    Tamalez, enpresetan euskal giroa edukitzea ez da samurra izaten baina ahalegindu behar gara egunerokotasunean euskara sustatzen, naturaltasunez.
    Gure proiektuetan euskarak presentzia izan behar du, beste hizkuntzek duten presentzia bera, nahiz eta proiektu globalak izan…
    .
    Eta ere enpresetan (Ludei, Ideateca) euskararen arrastorik ere ez.
    Hau da “euskal ekintzaile” eredua?