Euskarari buruzko posizioak eta jokamoldeak

Euskarari buruzko posizioak eta jokamoldeak –

1.- Bi posizio nagusi ikusten ditut euskarari (eta hizkuntz aniztasunari) buruzkoak: hizkuntz aniztasuna deitoratzen duen posizioa (glotofagikoa), eta hizkuntz aniztasuna bizigarritzat hartzen duena (hitz egiteko ahalmena altxor gorentzat duena).

Euskarari buruzko posizioak eta jokamoldeak
Arg: joeannenah (flickr)

Azken mendetako inperialismo mota guztiak (konkista, kolonizazioak, inperialismoak, globalizazio kapitalista…) denak izan dira glotofagikoak. Gaur egun bizitza biologikoaren (giza bizitza barne) seigarren suntsipenarekin batera, lehen giza-hizkuntzen suntsipena bizitzen ari gara. Biak, bizitza biologikoaren suntsipena eta gogoaren bizitzarena, parean doaz eta munstro genozida eta ekozida (kapitalista, patriarkal, arrazista eta lurraren ustiatzailea) da pozoia honen gaur egungo iturria.

Pozoia, gizadiaren pertsona askotan, gehienetan, gu geu barne, errotu da. Hori detektatzea eta horren aurkako antidotoak (bizitza duina, bizitzea merezi duen bizitza) hizkuntz guztietan lantzea da behar duguna, premia handiz: gauza txikitatik hasi, herri txiki-handi guztietara zabaldu eta planeta osoa biziberritu arte.

Babeleko Dorrearen historia gaizki esplikatu da. Istorio hori ulertzen da modu honetan: gizakia handi eta boteretsua da, muga guztiak gaindituko ahal izango ditu (zerura doan dorrea eraikitzeko gai da) hizkuntza bakarra erabiltzean eta hizkuntz aniztasuna izan zen nahi horren kontrako zigorra. Bada beste esplikazio bat, lagun bati entzun niona, eta da: hizkuntz aniztasuna da erotuta zegoena, bere mugatik kanpo ibili nahi zuen gizadiak (gaur egun gizadia bizitzaren muga guztiak hausten ari da…) behar zuen osagaia edo medizina. Eta hauxe da nire ustez, Babeleko Dorrearen azalpen bizigarria. Hizkuntz aniztasuna ondare bat, altxor bat da, aniztasun biologikoa bezala, ezinbestekoa gure gogoaren osasunerako.

Horiek dira euskararen aurrean, eta hizkuntz aniztasunaren aurrean, funtsean dauden bi posizioak: glotofagikoa (hizkuntz aniztasunaren erailea) eta hizkuntzen bizitza lantzen duena bizitzaren hizkuntza ikasiz eta praktikatuz.

2.- Lau jokamolde nagusi bereizten ditut nik euskarari buruzko Politiketan:

a) Erlikiatzat hartzen dutenen jokamoldea.

b) Traba toleratutzat hartzen dutenen jokamoldea.

c) Botere-merkaturako merkantziatzat dutenen jokamoldea.

d) Norabidea aurkitzen saiatzen den bizi-nahiaren jokamoldea.

Banan-banan azalduko dut lau jokamolde Politiko horien muina. Jokamolde politikoa esatean, ez naiz ari partidu politikoez. Polisa, Komunitatea, toki eta nazio mailan eta nazioartean osatzeko jokamoldeaz baizik, bizitza moldetzat ari naiz. Horrela partidu politiko batean egon daiteke jokamolde politiko desberdina edo ñabardura esanguratsuak dituen jendea. Baina Konstituzio linguistiko bat onartzean edo errefusatzean, Politika linguistiko baten norabide nagusia markatzen da (Ikus Espainiako eta Frantziako konstituzioak edota Europako Batasunaren ikuspegi eta arau linguistiko nagusienak diotena lurralde horietako hizkuntzei buruz).

Erlikiatzat hartzen dutenak. Horientzat euskara erlikia bat da. Denbora pasatuaren aztarna eta oroigarria. Ez gaurko bizimolderako trebatua, ez erabilgarria, zibilizazioa (zibilizazio espainola, frantsesa eta mendebaldarra) zabaltzeko oztopoa. Euskaldun burubero batzuen sinfonia aspergarri eta nazkagarria da erlikia horren piztueran saiatzea, batasun nazional espainola edota frantsesa ezbaian jartzen baitu. 36ko gerraren ondoren bide-bazterretan botatako gorpuak hor betirako utzi nahi dutenek euskara lurperatua ikusi nahi dute. Horiek beraiek kontatuko dizute Euskal Herriaren unerik gorenenetan (Amerikako konkistan, adibidez) euskaldunek espainolekin eta frantsesekin zibilizazioaren goren gradora iritsi zirela… euskara bazterrean utzita. Izan ere Espainian jokamolde hau (Abya Yalako hizkuntz askoren heriotza erakarri zuena, eta euskararen beherakada eragin zuena) lotzen da Amerikako konkistarekin, Arabiarren eta Juduen kanporatzearekin, Austriarren eta Borboien eta Frankoren. apologiarekin. Muturreko joera da erabat debekatzea euskaraz hitz egitea. Eta Frantzian jokamolde bera (Afrikako eta Asiako eta Ameriketako hizkuntz askoren heriotza erakarri zuena) lotzen da inperio frantziarraren eta frankofoniaren apologiarekin eta baita ere Iraultzaren Termidorraren (Termidorra hasi baitzen euskara bezalako hizkuntz trauskilen mespretxu eta ukazioarekin) eta I. eta II. Mundu Gerren apologia hipokritarekin (Errusiako iraultzaren aurka lehenengoan, Partisanoen bazterketa bigarrenaren ondoren), Vietnamgo eta Algeriako sarraskien apologiarekin.

Badira ere Euskara erlikia sakratutzat hartzen dutenak. Hainbat adituk ikusten du Euskara hizkuntz interesantetzat, berezia, bakarra munduan, fosilak interesgarriak diren bezala, baina inutila gaur egun bizitzeko. Euskara sakratua museorako. Baina orain… ez esan tontakeriak faborez! Euskaraz ezin baita fisika nuklearraz edo Heidegerri buruz hitz egin. Sakratua denez, ez ukitu euskara, utzi fosil modura linguistikan eta antropologian adituak (eta ez engaiatuak) direnentzat.

Traba toleratuaz hartzen dutenak. Ez daude aurrekoengandik oso urruti, baina diferenteak dira. Egia esan, horientzat, Euskara molestagarria da. Ez al gara denok espainolak-frantsesak eta ez al dugu elkar ulertzen? Dauden premia ekonomikoekin, munduan dauden injustiziekin, gerrekin, pandemiekin, dagoen lehia ekonomiko gordinarekin, etekinen beherakadarekin, langabeziarekin, defentsa beharrarekin, berriztagarriak bultzatzeko arrazoiekin, internazionalismoaren sasi-argudioarekin… argumentu denak, edozein argumentu, ezkerrean eta eskuinean, aterako dute esateko azkenean, euskara biziberritzea traba bat dela, inportanteagok diren gauzak egin ahal izateko. Esango dute, lehenengo bizitza eta gero hizkuntzak. Baina hori bai “lehenengo bizitza hori gaztelera/frantsesa hutsez”. Horientzat hizkuntza-hizkuntza, benetako hizkuntza, boterearen hizkuntza da (nahiz eta boterea glotofagikoa izan!). Traba da, diote, baina demokrazian gaudenez lekutxo bat eman beharko zaio bizi-nahiaren mugimenduari (eskubidea dute eta ezin ukatu!), nahiz eta, hori bai, euskal nahiaren esklusibismoa eta etnizismoa eta inposizioa deitoratuz. Ai! Kosmopolita itsuak! “Piensa el ladrón (glotofagikoa) que todos son de su condición”.

Euskara merkantziatzat hartzen dutenak. Horientzat merkatua, hau da, kapitalaren pilaketa eta estatuaren boterea dira bizitzaren muina, eta merkatuan garatzeko eta boterean irauteko merkantzia da Euskara. Jokamolde honetan onartzen zaio euskarari gaurkotasuna. Modernizatua dago, eta hobetu daiteke egokitzapena. (digitalizazioaren kontrol soziala, turismo etnikoa, Europako kapitalismo berdea, errefuxiatuen asasinatzea… baliagarria bada egin dezagun euskaraz). Garapen kapitalista, patriarkal eta ekozidaren tresna izan daiteke. Merkatuan nitxo batzuk irabazteko eta politikan boto batzuk eskuratzeko baliagarria den neurrian erabiltzeko moduko tresna. Beti ere etekina eta boterea erdigunean mantenduz. Euskara, bizia edo hil urren, etekina eta boterea izateko tresna izanik, limosnatxo batzuk ematearekin aski. Hori da beraien ekarpen nagusia: hizkuntza batek bizitzeko behar duen minimotik azpitik jotzea eta euskaltzaletasunaren txapela merke-merke janztea. (Ez dakit zergatik gogoratzen naizen Euskaraldiaz)

Norabidea aurkitzen saiatzen ari den bizi-nahiaren jokamoldea. Gai honek beste artikulu bat merezi du… eta iritsiko da.

Euskarari buruzko posizioak eta jokamoldeak  Euskarari buruzko posizioak eta jokamoldeak
Euskarari buruzko posizioak eta jokamoldeak  Euskarari buruzko posizioak eta jokamoldeak

Zer duzu buruan “Euskarari buruzko posizioak eta jokamoldeak”-ri buruz

  • Benat Castorene 2021-01-04 11:53

    Artikulu interesgarria da, batez ere bertan dagoen gure hizkuntzaren alderako posizioen saikapena eta deskribapena. Lehenbiziko biak ongi ezagutuak dira.
    Aldiz hirugarrena ulertu baldin badut, bestela erranda hura litzateke hizkuntzaren instrumentalisazioa, adibidez muturrenean eta oso bakanki botere politikoa ( independentzia barru) konkistatzeko edo askoz eskuarkiago abantail sozial eta ekonomikoak lortzeko, edo panorama elektoral “nazional”ean kokapen interesgarri bat sortzeko. Bere aldetik ere estatu frantziarrak, zapaltzen dituen populuen erosteko aditua denak, oso ongi ulertu du zer abantail lor lezakeen guk egindako euskararen instrumentalisazioan laguntza kontrolatu batetik.
    Hirugarren posizio honek ere merezi luke gehiago aztertua izaitea ezen lanjerosena baita ideologikoki eta hurbilagotik hunkitzen baigaitu.
    Horiek hola, gaia ikusiz geroz, interes handiz irakurriko dut Josebak hitz emaiten digun urrengo artikulua