Euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia salatzeko manifestazioa azaroaren 4an Bilbon
Euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia salatzeko manifestazioa –
- Ehundik gora norbanako eta gizarte eragileetako ordezkari elkartu dira: abokatu eta juristak, kazetariak, akademikoak, sindikatuetako ordezkariak…
- Euskal gizartearen adostasun zabalaren aurka, sententziak euskararen normalizazion egindako bidean atzerapausoak eragiten ari direla ohartarazi dute.
- Azaroaren 4ean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera dei egin die euskararen eta herritar guztien hizkuntza-eskubideen alde dauden eragile eta norbanako guztiei.
Gaur Bilbon egindako agerraldian, ehundik gora norbanako eta gizarte eragileetako ordezkarik «kezka» agertu dute euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sortaren aurrean. Bertan elkartu dira, besteak beste, abokatu eta juristak, kazetariak, akademikoak, euskalgintzako kideak, sindikatuetako ordezkariak, eta askotariko eremuetan aritzen diren pertsonak. Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak irakurri du ondorengo adierazpena.
…
Maiatzaren 10eko adierazpena
…
Gaur Bilbon elkartu garen norbanako eta erakundeok kezkaz bizi dugu behin eta berriz euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sorta. Epaitik epaira kezka hori larritzen ari zaigu, gainera, gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela, oldarraldi judizial bat. Are, euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa. Oldarraldi honen agerpen mediatikoak eta politikoak aspalditik ezagunak bazaizkigu ere, azken boladan gordintzen joan dira, bereziki, alor judizialean.
Erandiokoa izan da, momentuz, azken epaia. Uliazpi Fundazioaren lan-deialdiaren aurkako sententzia, errekurrituta dagoena, baliatu dute azken hau justifikatzeko. Soka beretik heldu ziren, besteak beste, Barakaldokoa, Irungo udaltzainen hizkuntza-eskakizunen aurkakoa edota euskara hizkuntza “zailegia” dela baieztatu zuen Laudiokoa.
Ez dezagun ahaztu Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian –azken epai horien eragin eremuan–, lau biztanletik hiruk uste dutela euskaraz jakin behar dela administrazioan lan egiteko. Hots, epaileak hizkuntza-politika egiten ari direla, kontsentsu zabalean oinarritutako neurrien eta horretarako eskumena duen botere legegilearen gainetik.
Alde horretatik, nabarmentzekoa da epai hauek guztiak lotzen dituen haria premisa faltsu bat dela: lan eskubideak eta hizkuntza-eskubideak kontrajartzea. Izan ere, oldarraldi honi erantzunez epaien jomugan izan diren langile eta herritarren protestek agerian utzi duten bezala elkar osatzen duten eskubideak dira, inola ere ez kontrajarriak.
Ildo beretik dator EAEko Udal Legearen auzia. Udaletan ordezkaritzarik ez duen alderdi batek jarritako helegitearen ondorioz, EAEko Justizia Auzitegiko Administrazioarekiko Auzien Salak legearen konstituzionaltasuna ebazteko eskatu dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalari. Kontuan izan behar da 1982ko Euskararen Legearena baino are kontsentsu zabalagoarekin onartu zela lege hau eta auzitan dagoena, besteak beste, 6.2 artikulua dela, hain zuzen ere, toki-erakundeek beren jarduerak euskaraz egitea ahalbidetzen duena.
Arestian esan bezala, gaur Bilbon elkartu garen norbanako eta erakundeok kezka handiz ikusten dugu hau guztia. Kezkaz ikusten dugu Euskal Herriko hiru eremu administratiboetan indartzen ari den joera bat delako, eta, aldi berean, Euskal Herritik harago Espainiako eta Frantziako estatuetako beste hizkuntza gutxituen eremuetan ere gertatzen ari delako.
Larritasun honen aurrean mobilizazio soziala ezinbestekoa da. Gizarte eragileoi dagokigu desadostasuna kalean erakustea. Bada garaia urrats bat aurrera egin, euskararen gaia erdigunean jarri eta elkarrekin eragiteko. Izan ere, oraintxe bertan auzitegietatik hartzen ari diren erabakien ondorioek atzerapauso handiak eragin ditzakete urte luzeetako ahaleginari esker lortutako eskubideetan eta euskararen biziberritze prozesuan.
Honenbestez, dei egiten diegu euskararen eta herritar guztien hizkuntza-eskubideen alde dauden eragile eta norbanakoei azaroaren 4ean Bilbon egingo dugun manifestazioan parte hartzera. Larria baita gertatzen ari dena: euskararen biziberritze prozesuaz harago milaka herritarren bizitzen bizigarritasuna baitago auzitan, eta harekin batera berdintasuna, justizia eta kohesio soziala. Funtsean, bizikidetza.
Bilbon, 2023ko maiatzaren 10ean
…
AGERRALDIRA BERTATUTAKO NORBANAKO ETA ERAGILEAK
Iñigo Urrutia. Administrazio-Zuzenbideko unibertsitate irakaslea
Elixabete Moral. Bizkaiko Foru Aldundiko letratua
Elena Laka. Abokatua
Iñigo Santxo. Abokatua
Maite Aristegi. Abokatua
Endika Garai. Abokatua
Idoia Gutierrez. Prokuradorea
Joxean Lozano. Abokatua
Bea Ilardia. Abokatua
Xabier Euzkitze. Kazetaria
Ilaski Serrano. Kazetaria
Martxelo Otamendi. Kazetaria
Estitxu Garai. Kazetaria eta unibertsitate irakaslea
Lutxo Egia. Idazlea eta euskalgintzako kidea
Paul Bilbao. Euskalgintzako kidea
Urko Aristi. Kazetaria (atxikimendua)
Xabier Sukia. Kazetaria (atxikimendua)
Maddalen Arzallus. Kazetari eta bertsolaria (atxikimendua)
Luix Barinagarrementeria. Abokatua (atxikimendua)
Eduardo Apodaka. Unibertsitate irakaslea (atxikimendua)
Jule Goikoetxea. Unibertsitate irakaslea (atxikimendua)
Irati Agirreazkuenaga. Unibertsitate irakaslea (atxikimendua)
Mario Zubiaga. Unibertsitate irakaslea (atxikimendua)
Joseba Agirreazkuenaga. Unibertsitate irakaslea (atxikimendua)
Galder Perez. Aktorea (atxikimendua)
Iñaki Dorronsoro. Eusko Ikaskuntzako lehendakari ohia (atxikimendua)
Sindikatuak:
ELA sindikatua
LAB sindikatua
STEILAS sindikatua
HIRU sindikatua
Askotariko eragileak:
Agirre Lehendakari Center
Ahotsenea
Argia
Arrosa Sarea
Bilgune Feminista
Bizipoza
Bizkaia Irratia
Dantzan
Ernai
Euskal Aktoreen Batasuna
Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea – EHAZE
Euskal Kontsumitzaileen Alkartea – EKA
GAURGEROA
Gure Esku
HEIZE – Euskal Eskola Publikoen Zuzendaritza Elkarteen Federazioa
Hekimen – Euskal Hedabideen Elkartea
Ikama Ikasle Antolakundea
Irrien Lagunak
Katxiporreta
Kristau Komunitatea
Lanartea
Olatukoop
Puntueus Fundazioa
Euskalgintza:
AEK – AHIZE
Administrazioan Euskaraz Taldea
Arrasate Euskaldun Dezagun
Artez
Bai Euskarari Elkartea
Berbots Erandioko Euskara Elkartea
Berria
Bilboko Kafe Antzokia
Elhuyar
Elkar
EMUN
Euskal Editoreen Elkartea
Euskal Herrian Euskaraz – EHE
Euskal Herriko Ikastolak
Euskaltzaleon Topagunea
Eusko Ikaskuntza
Gabriel Aresti Euskaltegia
Gazte Euskaltzaleen Sarea
Gerediaga Elkartea
Gerriko Kultur Elkartea
Hezten Aisialdi Euskaltzalea
Hik Hasi
Hizkuntz Eskubideen Behatokia
Jakin Fundazioa
Maizpide Barnetegia Euskaltegia
Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea – OEE
Sasiburu Barakaldoko Euskara Elkartea
Sortzen Elkartea
Tinko Euskara Elkartea
Udako Euskal Unibertsitatea – UEU
Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea – UEMA
Zenbat Gara Elkartea
Euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia salatzeko manifestazioa azaroaren 4an Bilbon