Euskararen jabe egin?
Euskararen jabe egin? –
PSNko Marina Curieli egindako elkarrizketa irakurri dut Diario de Noticias egunkarian. Harribitxiz josia dator, horra horietako batzuk eta horiei iruzkinak:
“Ez dut uste PSNn euskararen inguruan errezelorik dagoenik” dio Curielek, errugabea bera.
Ez da sinesmen kontua, ebidentzia oso tristea da. Eta ez dira errezeloak, euskarafobia patologikoa baizik, PSNren gobernuak argi eta garbi uzten duenez, ia astero hartzen dituen erabakiekin.
“Asko gogaitzen nau euskararen jabe egin diren alderdi politiko batzuk egoteak”
Alderdi politiko bakar bat ere ez da euskararen jabe egin (PSN edo Vox espainieraren jabe egin dira?).
Bi alderdik, GBaik eta EHBilduk, euskara defendatzen dutela diote, baina kasurik onenean bigarren mailan uzten dute (gaituzte), eta, bestalde, PSN, UPN, PP eta Voxek dihardute Foru Erkidegoko alderdirik euskarafoboena eta espainiarrena izateko lehian. Euskararen jabe bakarra hiztunak dira, erabili, eta ikusiko duzue “jabetza” eskuratzea zein erraza den.
“Alderdi Sozialistatik asko errespetatzen eta baloratzen dugu euskara, betiere errealitate linguistikotik eta inposiziorik gabe”
Gezurra. Euskal hiztunak mespretxatzen eta gutxiesten ditu PSOEk. Nafarroako jatorrizko hizkuntza erabiltzeko eskubidea kendu digute erakunde eta zerbitzu publiko gehienetan (erreserba “euskaldunean”, neurri batean, izan ezik).
Egungo errealitate linguistikoa, Espainiako eta Nafarroako gobernu ia guztien politika ultranazionalista baztertzaileen eta euskarafoboen ekimen antolatuaren emaitza da. Gaur egungo “errealitate soziolinguistikoan” oinarritzea Nafarroan euskara berreskuratzea eragozteko eta nafar euskaldunak diskriminatzeko, zinismo handiko ariketa da.
“Erabakigarriak gara Iruñeko Udalean edozein motatako akordioak lortzeko. Alderdi sozialistari esker, EH Bildu ez da hiria elefante bat bezala kudeatzen ari”.
PSOEtarrek, oro har, ezin dute ekidin euskaldunei edota abertzaleei dagokien mespretxuzko lorratza uztea. Alabaina, egia da “PSNri esker” EHBilduk ezin duela gobernatu, eta neurri handi batean PSNk inposatzen dituen politikak aplikatzera mugatzen dela Iruñean, adibidez.
Panorama tristea.
“Errealitate linguistikoa” ez da existitzen, edo entelekia hutsa da; egunez egun moldatuz doa, dinamikoa da, etengabeko bilakaeran dago, eta norengan, non, noiz, dinamika hori(ek) zentzu batean higitzen dira, ala beste batean.
Norabide batean eragiteak zerbait on ekar lezake; geldikeria, aitzitik ere, desagerpenerako bidea da, ordezkapen erabatekorako bidea.
PSN-PSOEn ez dakite zer diren hizkuntzak, edo ez dute jakin nahi. Txepetxek zioen Nafarroako kasua dela linguizidioaren manual “kanonikoa”; PSNk hori bilatzen duela dirudi.
PSOEtarrak, UPPNtarrak edo Voxtarrak bezain xenofobo lotsagabeak dira. Euskaldunoi diguten herra “euskara bahitu dugula” esanez ezkutatu ohi dute. Alderdi abetzale-ohien utzikeria dute bidelagun.
Nafarroako PSNko kideek euskarari buruz adierazten duten orok beti harritzen nau. Erdian kokatzen dira, alde batean Vox, PP eta UPN alderdiak dauzkatelako, eta beste aldean Geroa Bai eta EH Bildu; hortaz PSNkoak berak balantzaren erdian kokatzen direnez, beren burua iruditzen zaie oreka mantentzen dutela. Baina, inondik inora egiten dutena eta esaten dutena argi uzten du euskararen aurka dagoela. Bestela nola ulert daiteke ez konturatzea zer egoeratan dagoen euskara Nafarroan eta batez ere hain gutzi egitea euskara hizkuntza normalizatua izan dadin. Bestela, zergatik jarraitzen dute hitz egiten gaur egungo errealitate linguistikoa eta inposizioari buruz aurrekariak kontuak hartu barik. Bai, Curiel andrea, euskarari errezeloa izan diozue, eta ez duzue errespetatzen eta baloratzen euskal hizkuntza merezi duen moduan.
Boto emateak merezi al du? Zertako egon Irñeko udalean edo Nafarroako Gobernuan, egunez egun euskadunok baztertzen eta laidotzen gaituztenean? Eta gaur ez eta bihar bai eraso egiten digutenean
Eta abertzaleei, galdera: gure botoek ez al dute deus balio? Hor dituzu zure aldamenean alkate, zinegotzi eta gainerako arduradunak. Eskatu aurrez aurre ardura har dezaten. Gutxienez irakurtzen ez bagsituzte, entzun diezagutela!!!!!
Paulo, ez izan baztertzailea. Gure herriaren desagerpena baino gauza garrantzitsuagoak daude: milioi bat kanpotar ekarri eta mantentzea, taller feministak, intersekzionalitatea, kohesio soziala… Hori bai, hurrengoan ere bozkatu gaitzazu! Zeren egin irri! Haiek bai egiten dutela irri… gure lepotik.